Jon Sudupek eta Jairo Garciak irabazi dabe Miguel de Unamuno XIII. Saiakera Saria
2012-05-18 16:39 sariak-autortzakMiguel de Unamuno Saiakera Saria 1999an jarri eban martxan Bilboko Udalak, filosofo eta idazle bilbotarraren omenez. Aurtengo edizinoan gaztelaniaz idatzitako 76 lan jaso dira eta euskeraz idatzitako 2.
Jairo García Jaramillo (Granada, 1982), Filologia Hispaniarrean lizentziatua, Hizkuntza eta Literatura espainiar irakaslea eta Literatura Hispaniarraren inguruko ikerlaria izan da Miguel de Unamuno Saiakera Sariaren hamahirugarren edizinoaren irabazlea, gaztelaniazko modalidadean, La mitad ignorada. En torno a las mujeres intelectuales de la Segunda República izenburuko saiakereagaz. Jon Sudupe (Azkoitia 1947) filosofo eta saiakera idazle euskaldunak, barriz, hirugarren aldiz irabazi dau saria, Oi, Europa! lanagaz.
Iñaki Azkuna Bilboko Alkateak banatu ditu sariak, 7.000 eurokoa bakotxa, gaur goizean Udaletxeko Areto Arabiarrean egindako ekitaldian. Miguel de Unamuno Saiakera Saria 1999an jarri eban martxan Bilboko Udalak, filosofo eta idazle bilbotarraren omenez. Aurtengo edizinoan gaztelaniaz idatzitako 76 lan jaso dira eta euskeraz idatzitako 2.
Gaztelaniaz idatzitako lanak balorau behar izan dituan epaimahaiko kideak Xavier Aierdi, Iñaki Arrieta, Patxi Laceros, Lourdes Méndez eta Francisco Soguero izan dira, eta mahaiburu Ibone Bengoetxea Kultura eta Hezkuntza Zinegotzia. Epaimahaiaren eretxiz, aurkeztutako 76 saiakera lanen kalidade maila oso altua izan da eta, ondorioz, saria lortzeko lehen aukeraketan hamabi lan geratu ziran. Azken erabagia oso gatxa izan da, aurkeztutako lanen maila bikaina izan dalako.
Jairo Garcíaren, La mitad ignorada. En torno a las mujeres intelectuales de la Segunda República lanari jagokonez, epaimahaiak idazlanaren kalidade orokorra azpimarratu dau. Formeari jagokonez, ondo amaitutako obrearen egitura eta idazkera arina eta atsegina, baina aldi berean, aberatsa eta sendoa, azpimarratu dabe. Fondoari jagokonez, eduki oso interesgarria eta gaurkotasun osokoa balorau dabe. Izan be, saiakera lan honek, joan dan mendearen lehen hamarkadatan emakume talde bat, idazleek osotutakoa erakusten deusku eta talde horrek egindako ekarpenak erakusten deuskuz. Holan, egileak idazle horreen lanari buruz egin dauen azterlan kritikoa be azpimarratu dau epaimahaiak: zorrotza eta ondo oinarritua.
Jairo García Jaramillo Filologia Hispaniarrean lizentziatua da Granadako Unibersidadean. Uri horretan jaio zan 1982an. 2006tik Hizkuntza eta Literatura Espainiarra irakasten dau Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, eta bere irakasle plaza Bazan (Granada) dauka. Joan dan 2010/2011 ikasturtean hezkuntza baliabideen eta ikas materialen sortzaile lez kontratau eban Andaluziako Juntako Hezkuntza Sailak, eta Zentroko Hizkuntz Proiektuaren idazketan ibili zan.
Literatura modernoaren eta garaikidearen eremuetara mugatzen diran ikerketa lanen artean, Javier Egea poeta granadarraren obra osoaren azterlan bakarra azpimarratu behar da. 2005ean argitaratu eban, I&CILE argitaletxeak deitutako I. Saiakera Saria irabazi ondoren. Lan horrek Javier Egea: la búsqueda de una poesía materialista izenburua eukan. Lan horren bigarren edizinoa oraintsu argitaratu da, eta Javier Egearen obra osoen bigarren liburukiaren argitalpena preparetan dago.
Euskeraz idatzitako lanen modalidadeari jagokonez, Adolfo Arejitak, Iratxe Aristeguik eta Ana María Toledok osotutako epaimahaiak, hemen be Ibone Bengoetxea epaimahaiburu izanik, Jon Suduperen Oi Europa saiakera lana aukeratu dau. Izenburuak iragarri bezela, Europa da gai nagusia. Filosofo nagusiak bidaide hartuz, horreek Europaz emoniko ikuspegia azaltzea dau asmo.
Filosofoz filosofo planteauta ibilbidea, filosofoari buruz emoniko zehetasunen artean, honen ideiak eta, gehienbat, Europaz eukan pentsamendua nabarmentzen da. Gogoeta horreek bere subjektibotasunaren iragazkitik iragaziz aurkezten ditu saiogileak: besteek esandakoa epaitu eta bere eretxia eransten dau. Guzti hau Euskal Herriari leku eginaz berbaldiaren garapenean.
Filosofian eta Hezkuntza Zientzietan lizentziautako Jon Sudupe Martijak (Azkoitia 1947) euskeraz idatzitako saiakera lan zabalak hainbat sari jaso ditu, besteak beste, 1983ko Euskaltzaindiaren saiakera saria, Karl Marx: Teoria eta política lanagaz eta birritan, 1990ean eta 1996an, irabazi dauen Irun Hiria sariagaz. Horrezaz gan, 2003an, egile honek idatzitako Kant eta uso arina saiakera lanak, Miguel de Unamuno saiakera saria irabazi eban, aho batez.
Jon Sudupek 2007ko Miguel de Unamuno saiakera saria be irabazi eban, euskarazko modalidadean, Hizkuntza ados jartzeko da lanagaz. Bertan, hizkuntzearen inguruko mendebaldeko pentsamenduaren garapena azaltzen dau.
Gaur goizean egindako ekitaldian liburu bi be aurkeztu dira, Alejandro Tomasini filosofo mexikarraren Filosofía moral y visiones del hombre (Devenir argitaletxea), eta EHU-ko Historia katedradun dan Joseba Agirreazkuenagak Euskal Herriaren historiari buruz idatzitako Euskal herritarren burujabetza. Euskal herritarren autogobernu auziaren bilakaeraz (1739-1919) Foruen bidezko erakundetik Autonomia Estatutura (Alberdania argitaletxea). Bi lan horreek irabazi eben Miguel de Unamuno saiakera saria joan dan urtean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!