Jose Ramon Anda eskultore nafarraren erakusketea ipini dabe Arte Ederren Museoan

Dabi Piedra Robledo 2012-05-07 15:34   Kulturea

Artisteak berak be onartu dau berezia dala Bilbon bere 40 obra erakusketeko aukerea, aspaldiko amesa izan da, ilusino handia daukat, urte askoren ostean hau ikusi ahal izatea gauza handia da. Irailaren 9ra arte egongo da erakusketea Bilbon.

Javier Viar museoko zuzendariak azaldu dauenez, orain dala urte asko hasi ziran egitasmoagaz, baina orain arte ez dabe lortu erakusketea errealidadera ekartea. XX. mendeko bigarren zatiko euskal arteko izenik esanguratsuentakoa da Jose Ramon Andarena eta, gaur egun be, lanean segiduten dau. Holan ba, Bilboko Arte Ederren Museoan, 70eko hamarkadakoak zein aurten bertan amaitutako piezak topauko doguz.

Javier Balda artista eta erakusketako komisarioak adierazo dauenez, gaurkotasunezko proiektua da hau, baina artelan batzuek badaukie atenporalidade bat, Jose Ramon Andak bere ibilbidearen hasieratik aldarrikatu dituan balore batzuk agertu nahi izan doguz. Danetara, 40 obra aukeratu ditue: bi, kanpoko aldean dagoz; beste bi, museoko sarreran; bana arte garaikidearen aretoko sarbidean eta euskal artearen aretoan; eta ganerako 34rak horretarako preparautako aretoan ipini ditue, 33.ean. Era askotako eskulturak dagoz, figuratiboak eta abstrakzinora gehiago joten dabenak. Pieza batzuk handiak dira, baina badagoz maketa itxurako obra txikiak be, egunen baten eskultura handi bihurtzeko asmoz sortu dira pieza txikiak, baina eurak be, txikiak izan arren, ez dira maketa hutsak, artelanak dira, azaldu dau Baldak. Anda arotzen familia baten hazi zala be nabari da, izan be, pieza asko altzari itxurakoak dira eta bere ibilbide osoan igarri da altzarigintzarako joerea.

Jose Ramon Andaren hasierako ibilbideko Kirolari zaharra, brontzezko eskulturea, da nabarmenenetako bat, eta baita Unamunoren burua erretratua edota Ikusmira barriagoak be. Iñaki Azkuna Bilboko alkatea egon da erakusketearen estreinaldian, Arte Ederren Museoko presidentea be bada-eta. Azkunaren ustez, Andak euskal artearen eragin sakona jaso dau betidanik, baina obra originala da berea, erraz ezagutzen dan horreetakoa.

Jose Ramon Anda Bakaikuko artistearen erakusketa bat egitea, Bilboko Arte Ederren Museoko egitasmo nagusietako bat izan da hainbat urtez, baina arrazoi ugari tarteko, atzeratzen joan da. Ganera, Andaren obren bildumea erakargarri egiten dauen beste ezaugarri bat be badago, Javier Baldaren arabera: Anda ez da erakusketen zirkuituan edo merkaduan sartuta dagoan artistea, horregaitik, berezia da hari buruzko erakusketea eukitea. Artisteak berak be onartu dau berezia dala Bilbon bere 40 obra erakusketeko aukerea, aspaldiko amesa izan da, ilusino handia daukat, urte askoren ostean hau ikusi ahal izatea gauza handia da. Irailaren 9ra arte egongo da erakusketea Bilbon.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu