Bertie Ahern-ek jasoko dau Donostiako Nazinoarteko Bake Konferentziari emondako 2011ko Sabino Arana Saria

Bizkaie! 2012-01-24 13:53   sariak-autortzak

Irlandako lehen ministro ohi Bertie Ahern, joan dan urriaren 17an Donostiako Aiete jauregian egin zan Nazinoarteko Konferentzian parte hartu eben sei bitartekarietako bat, Bilbon izango da datorren asteburu honetan, aitatu Nazinoarteko Bake Konferentziari emondako 2011ko Sabino Arana Saria jasoteko.

Irlandako lehen ministro ohi Bertie Ahern, joan dan urriaren 17an Donostiako Aiete jauregian egin zan Nazinoarteko Konferentzian parte hartu eben sei bitartekarietako bat, Bilbon izango da datorren asteburu honetan, aitatu Nazinoarteko Bake Konferentziari emondako 2011ko Sabino Arana Saria jasoteko. Ekitaldia bera datorren urtarrilaren 29an, domekan, egingo da eguerdiko 12:00etan, Bilboko Arriaga antzokian. Merituak eta ibilbidea goretsiko jakezan beste sarituak Bilboko Merkataritza Ganbera, Eunate Agirre bodyboardlaria, Maite Lafourcade irakaslea eta CAF euskal enpresea izango dira.

Nazinoarteko Bake Konferentzia giza eskubideen eta gatazka-konponbidearen esparruan lan egiten daben sei erakundek (Lokarri, Harremanetarako Nazioarteko Taldea (HNT), Berghof Foundation, Concilition Resources, The Desmond and Teah Tutu Legacy Foundation eta NOREF) sustatuta egin zan; ekimenaren helburu nagusia Euskal Herriko gatazkearen konponbidea bultzatzea izan zan, eta ekarri eban bai bere ondorioa, hau da: ETAk indarkeriari behin betiko uko egiten eutsola iragarri eban.

Konferentzian nazinoarteko sei bitartekarik parte hartu eben; Bertie Ahern beraz gan, honako honeek izan ziran parte-hartzaile: Kofi Annan, UNOko idazkari nagusi ohia; Gro Harlem Bruntland, Norvegiako lehen ministro ohia; Gerry Adams, Sinn Feineko buruzagia; Pierre Joxe, Frantziako Barne eta Defentsa ministro ohia; eta Jonathan Powell, Britainia Handiko lehen ministro ohi Tony Blair-en kabinete-burua izandakoa. Era berean, han izan ziran euskal alderdi eta sindikatuetako zenbait kide bei: EAJ-PNV, PSE-EE, Ezker Abertzalea, Aralar, Eusko Alkartasuna, Ezker Batua, Alternatiba, Geroa Bai, Izquierda-Ezkerra eta Abertzaleen Batasuna alderdietakoak, baita PSF, UMD eta Modem frantziarretakoak. Horrezaz gan, bertan ordezkaturik egon ziran Confebask euskal ugazaba-alkartea eta honako sindikatu honeek: ELA, LAB, CCOO, UGT eta CFDT frantziarra.

Nazinoarteko Konferentzia amaitutakoan, Bertie Ahern, alboan nazinoarteko beste bost liderrak zituala, Donostiako Aiete jauregiaren kanpo aldera agertu zan, Konferentzian ataratako ondorioak irakurteko, Aieteko Adierazpena deitutako agirian jasoak, hain zuzen. Agiri horretan, ETAri indarkeria ixteko egiten jakon deia jasoten zan, baita Espainiako eta Frantziako gobernuei kontaktuei ekiteko egiten jaken eskaria be; bestalde, aitatu agirian, adiskidetze-prozesu bat hasteko eskaria egin jaken alderdiei eakarrizketa-prozesu bat abiarazo eien.

Sabino Arana Fundazinoak bere Saria Donostiako Nazinoarteko Bake Konferentziari emon deutso, batetik, bake-prozesuari egin deutson ekarpen berezi eta garrantzitsuagaitik eta, bestetik, Euskadin indarkeria amaitzea lortzeko konpromisoaren eta burrukearen kate historikoaren ikur dalako.

Ganerako sarituei jagokenez, Eunate Agirre eta Maite Lafourcadez gan, nabarmendu behar da, Deustuko Unibersidadearen izenean Jaime Oraá erretoreak berak jasoko dauela saria, Bilboko Merkataritza Ganberaren izenean, erakundearen presidentea José Ángel Corres jaunak, eta CAFen izenean be, enpresaren buru José Mari Baztarrika jaunak.

Datorren domekako, urtarrilaren 29ko, ekitaldia Pilar Kaltzada kazetariak zuzenduko dau, eta musika-emonaldia Golden Apple Quartet taldearen ardurea izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu