Xabier Gantzarainek irabazi dau Tene Mujika bekea
2012-01-05 14:00 sariak-autortzakXabier Gantzarain idazle eta arte-kritiko azkoitiarrak irabazi dau aurtengo Tene bekea, Euskal Herriko arte garaikidea eta historia lotzen dituan azterlana egiteko, holan erabagi dauelako sariketako epaimahaiak (Lorea Agirre, Alberto Barandiaran eta Elixabete Garmendiak osotutakoak).
Xabier Gantzarain idazle eta arte-kritiko azkoitiarrak irabazi dau aurtengo Tene bekea, Euskal Herriko arte garaikidea eta historia lotzen dituan azterlana egiteko, holan erabagi dauelako sariketako epaimahaiak (Lorea Agirre, Alberto Barandiaran eta Elixabete Garmendiak osotutakoak).
Euskal arte modernoa aitatu eta berehala jatorkuz burura Chillida, Oteiza, Zumeta eta beste zenbait izen; dana dala, artista asko sortu eta garatu da horreen ondoren eta horreetako batzuk ospea eta itzala lortu ditue, bai gure herrian bai atzerrian be. Egileak berak azaltzen dauen moduan: Arteak badauka, arte plastikoek badaukie, beste arteakaz konparauta, ahalmen izugarri bat, indar berezi bat: zeinuak dira, maila sinbolikoan lan egiten dabe, ikono bihurtzen dira. Irudiakaz egiten dabe lan, berbakaz, edozegaz, eta batuketa horretatik geure garaiaren beste irakurketa bat sortzen da, mass-medietatik bestelakoa, oso bestelakoa, baina hareena bezain beharrezkoa. Hurreko lehenaldia aztertzerakoan, hemerotekak miatzea bururatzen jaku, jazoerak aztertzea, testigantzak jasotea, eta bai, egin beharreko lana da hori, baina gure asmoa lehenaldiari beste begi batzuekaz begiratzea da: historiari artearen aldetik heltzea, eta arteari historiaren aldetik, eta Euskal Herriaren azken 60 urteetako historia arte plastikoetan zelan jaso dan aztertzea.
Proiektua gauzatzerakoan aztertuko dituan artisten artean dagoz, besteak beste, Ibon Aranberri, Asier Mendizabal, Saioa Olmo, Juan Perez Agirregoikoa, Maider Lopez, Itziar Okariz, Txomin Badiola, Sergio Prego, Iñaki Garmendia eta Oier Etxeberria.
Gure hurreko historiaz biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, alkarrizketak, ikerketak... bultzatzeko sortu eben Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak sari hau, Debako alaba Tene Mujika idazlearen omenez. Hauxe izan da sariaren orain arteko ibilbidea:
- I. deialdian, 2005ean, Ramon Olasagasti izan zan irabazlea, eta sariaren laguntzaz idatzi eban Mendiminez liburua (goi mendietan hildako euskal mendizaleen kronika eta biografia, 2007an kaleratu zana).
- II. urtean hutsik geratu zan saria epaimahaiaren erabagiz.
- III.a, Alberto Barandiaranek eskuratu eban 2007an, eta 2009an kaleratu zan haren emoitzea: Postkronikak izeneko liburua (lehendik landutako zenbait erreportajeri bigarren buelta bat edo bigarren aukerea emonez, itxi ezin dan ate bat edo itxi ezin dan zauri bat legez).
- IV. urtean Imanol Murua Uria kazetaria subertau zan irabazle, eta horri esker kaleratu zan Loiolako hegiak (EAJ, PSE eta Batasunaren artean izandako alkarrizketa eta negoziazinoen historia).
- V. urteko sariduna Mikel Garzia kazetaria izan zan, eta igaz kaleratu zan haren liburua: Zeluloidezko begiradak, Euskal Herriko 13 zinemagilegaz egindako alkarrizketa-liburua.
- VI. deialdian bikoiztu egin zan saria. Mikel Markez eta Pako Aristik alkarlanean aurkezturiko proiektua izan zan saridunetako bat: Benito, plazer bat izan duk, Benito Lertxundi kantariagaz urteetan egindako solasetan oinarrituta. Ainara Gorostitzuren Aldamenekoa egitasmoa da beste irabazlea, immigrazinoaren errealidadea etorkinen euren ikuspegitik dakarrena. Markez-Aristiren lana laster batean kaleratuko da, eta Gorostitzurena hile batzuk geroago.
Xabier Gantzarain Etxaniz (Azkoitia, 1975) Arte Ederretan lizentziaduna da EHUn, eta Arte Garaikidearen Historian eta Ikusizko Kulturan Masterra eginda dauka Madrilgo Unibersidade Autonomoan. Artelekuko Zehar aldizkariaren editorea izan da, hainbat libururen egilea (Lisboa min, Van Gogh, Bihotzean eguzkia, Epelde, mende baten soinua), eta komunikabide askotako kolaboratzailea (Euskadi Irratia, Nabarra, Berria).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!