Manuel Lekuona saria 2011, Jose Luis Ansorena musikagilearentzat
2011-12-26 12:49 sariak-autortzakEusko Ikaskuntzak Jose Luis Ansorena Miranda musikologo, musikagilea eta zuzendariari emon deutso 2011ko Manuel Lekuona saria. Euskal musika-ondarea babesteko eta zabaltzeko egindako lana saritu gura izan dabe.
Eusko Ikaskuntzak Jose Luis Ansorena Miranda musikologo, musikagilea eta zuzendariari emon deutso 2011ko Manuel Lekuona saria. Euskal musika-ondarea babesteko eta zabaltzeko egindako lana saritu gura izan dabe.
Ansorena 1928an jaio zan, Donostian, eta bertako konserbatorioan egin zituan musika-ikasketak. 1942an Altsasuko kaputxinoetan sartu zan; batera egin zituan eleiza-ikasketak eta musikakoak. 1953an abade egin zan.
Urteotan hainbat erakunde eta alkarte sortu ditu: San Antonioren Eskolania eta San Antonioren Gazteria Iruñeko kaputxinoen eleizan, 1954an; San Antonioren Gazteria Zaragozako Torrero Komunidadean, 1964an; Errenteriako Andra Mari eta Parrokiako Gaztedia abesbatzak, 1966an; Oreretako ume-abesbatza, 1967an; Alai emakumezkoen zortzikotea,1972an: eta Oiñarri gazteen abesbatza 1976an. 1978tik 1980ra eta 1987tik 1988ra, Eusko Ikaskuntzako Musika Ataleko lehendakari izan zan.
Euskal musikagileek sortutako musikea zabaltzeko, 1973an Errenteriako Musikaste jaialdia bultzatu eban. Hurrengo urtean, Errenterian bertan, Eresbil-Musikearen Euskal Artxiboa sortu eban, euskal musika-ondarea batu eta gordeteko asmoz.
Musikagile lanari jagokonez, erlijino-musikea eta musika korala egin ditu. Makina bat ikerketa, artikulu, liburu eta katalogo idatzi ditu euskal musikeari buruz, eta idazgai izan ditu musikagileen biografiak (Norberto Almandoz, José María Usandizaga, Pablo Sorozabal, Aita Donostia, Raimundo Sarriegui), txistua eta haren ingurunea eta euskal abesbatzen mobimentua.
Hamaikatxu sari jaso ditu Ansorenak: Andra Mari abesbatzaren Urrezko eta Diamantezko Intsignia (1991), Txistulari Alkartearen Urrezko Dominea (1997), Algortako Biotz-Alai abesbatzaren Urrezko Intsignia eta Ohorezko Bazkide izendapena (1999), Donostiako Orfeoia – UPV/EHUren V. Saria (2005) eta Errenteriaren Seme Kutuna izendapena (2009).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!