Jose Lizaso artista bizkaitarrak Florentziako Biurtekoko Urrezko Dominea irabazi dau
2011-12-22 17:34 sariak-autortzakJesus Lizasok eskultura arloko Urrezko Dominea irabazi dau Florentziako Biurtekoan. Ortotropías izeneko obrea eroan eban Florentziara. Biurtekoan 70 herrialde baino gehiagotako 700 artistek aurkeztu ditue euren lanak.
Jesus Lizasok eskultura arloko Urrezko Dominea irabazi dau Florentziako Biurtekoan. Bilboko Udalaren, Basauriko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzeari esker joan ahal izan dau biurtekora artista bizkaitarrak. Erakunde publikoetako ordezkariek sariaren barri emon dabe prentsaurrekoan, Bilbon.
Biurtekoan 70 herrialde baino gehiagotako 700 artistek aurkeztu ditue euren lanak. Lizasok Ortotropías eroan eban Florentziara; egileak fisikaren arlotik hartu eban izenburua, materialaren ezaugarri bat nabarmentzeko. Izan be, ezaugarri horren arabera elastikotasun desbardina dabe materialek. Lizasok egurrezko lanak egin zituan, hamaika tolestura euken eskulturak.
Urrezko Dominea emom deutson nazinoarteko epaimahaian munduko hainat lekutako adituak dagoz: Stefano Francolini, 2011ko Florentziako Biurtekoaren Zuzendari Artistikoa (Italia); Matty Roca, nazinoarteko museografo eta arte historialaria (Mexiko); Elza Ajzenberge, Sao Paoloko (Brasil) Unibersidadeko Estetika eta Artearen Historiako programearen koordinatzailea; R. B. Bhaskaran, Indiako Lalit Kala Akademiko zuzendari ohia; Dominique Edouard Baechler, artearen historia irakaslea eta kritikaria (Frantzia); Gregorio Luke, arte kritikaria eta erakusketetako konpontzaile eta Hego Amerikako arte aditua (Estatu Batuak); Rosa Tejada, New Yorkeko Arte Museoko kide hezitzailea (AEB); Francesco Buranelli, Eleizako Ondasunen Batzorde Pontifizioko zuzendari nagusia (Italia); Gerfried Stocker, Linzeko (Austria) Ars Electronica Zentroko arte zuzendaria; Blanca Laura Petretto kazetari eta arte modernoko eta ekialdeko arte aditua (Italia); eta Pang Bang Benek, Txinako Arte Eder Alkarteko kidea.
Florentziako Biurtekoak arte korronte eta joera guztietako, pinturako, eskulturako, ilustrazioko, arte grafikoetako, marrazketako, mixed mediako, instalazioetako, argazkigintzako, bideoko edo arte digitaleko artistarik onenak aukeratzen ditu. Zortzi egunez, milaka pertsona hurreratu dira erakusketara, eta Nazio Batuek Kulturen arteko elkarrizketa programako partaide ofizial izentau dau
Lizasoz gan beste saritu batzuk be izan dira Florentzian: Jeff Koons, Ágatha Ruiz de la Prada etaJosé Luis Cuevas.
Jesús Lizaso 1961ean jaio zan, Barakaldon. Urtebetez zeramikea lantzean ikasten ibili zan; lanbide bihurtu eban, eta tailerra zabaldu. Bizkaiko Zeramikagileen Alkarteko sortzaileetakoa da. Euskal Herriko artista ezagunekaz egin ditu erakusketak, berbarako, Néstor Basterretxe, Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Vicente Larrea, Dora Salazar eta Jesús Mari Lazkano. Orbegozo Fundazinoaren Arte Ikerketarako Urrezko Dominea eta Arte Plastikoen III. Edizinoko Saria (Basauri) jaso ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!