Donostiako Nazinoarteko Bake Konferentzia, Eunate Agirre eta CAF dagoz 2011ko Sabino Arana sarituen artean
2011-12-20 14:51 sariak-autortzakDonostiako Nazioarteko Bake Konferentziak, Deustuko Unibertsitateak, Bilboko Merkataritza Ganberak, Eunate Agirre bodyboardlariak, Maite Lafourcade irakasleak eta CAF euskal enpresak jasoko dabe 2011ko Sabino Arana Saria.
Sabino Arana Fundazinoko lehendakari Juan Mª Atutxak eta Irune Zuluaga aitatu erakundeko zuzendariak jakinarazo ditue jentaurrean 2011ko sarituak. Donostiako Nazioarteko Bake Konferentziak, Deustuko Unibertsitateak, Bilboko Merkataritza Ganberak, Eunate Agirre bodyboardlariak, Maite Lafourcade irakasleak eta CAF euskal enpresak jasoko dabe 2011ko Sabino Arana Saria. Sarien XXIII. aldia da eta urtero emoten dira euskal nazionalismoaren sortzailearen jaiotzearen urteurrenaren zuzura. Sari horreen bidez, Fundazinoak bere esker ona eta goresmena agertzen deutsee gizartearen aldeko eta hari zerbitzua emoteko ahaleginagaitik nabarmendu diran persona, erakunde nahiz gizataldeei. Sariak emoteko ekitaldia Bilboko Arriaga antzokian ospatuko da, datorren urtarrilaren 29an, 12:00etan. Bertan, sarituez eta erakunde sarituen ordezkariez gan, Bertie Ahern Irlandako Lehen Ministro ohia be egongo da, Bake Konferentzian parte hartu eta bertako ondorioak jentaurrean aurkeztu zituana izan zalako.
Prentsaurrekoaren hasieran, Sabino Arana Fundazinoko lehendakariak ondokoa adierazo dau: 'euskal gizartea gaur egun inoiz baino hurrago dago baketik. Bidea luzea eta gatxa izan da. Urte askoan, larregian, herritar-talde eta gizarte-eragile zenbaitek eta euskal herritarrik gehien-gehienek bakotxak bere harri-koskorra ekarri dabe indarkeriari zilegitasuna kentzeko eta beraren zentzunbakokeriaren kontrako burrukan. Gaur danen ahalegin eta konpromiso hori saritua izaten ari da. Bakea konkistetako prozesu horretan –jarraitu dau– oso mugarri berezi eta esanguratsua izan da Nazinoarteko Bake Konferentzia, joan dan urrian Donostian nazinoarteko lider nabarmen zenbait eta euskal gizartearen zati handi eta zabal bat batu zitualarik. Lehengoa eta ostekoa bereizi zituan, eta ez alperrik; handik hiru egunera, urriaren 20an, ETAk bere erabagi historikoa, jarduera armatua bertan behera ixten ebala jakinarazo eban.
Horrexegaitik, bake-prozesuari egin deutson ekarpen berezi eta garrantzitsuagaitik, Sabino Arana Fundazinoak Nazinoarteko Bake Konferentziari (Donostia) emoten deutso bere saria, bakearen aldeko konpromisoaren eta burrukearen kate historikoaren ikur dalako.
Era berean, sarien XXIII. aldi honetan Sabino Arana Fundazinoak Deustuko Unibersidadea goretsiko dau, dagoeneko 125 urte bete ditu eta bere ibilbidean zehar ia 100.000 ikasleren prestakuntzarako egin dauen ekarpenagatik sarituko dogu, hain zuzen be, nazinoarteko, estaduko eta Euskadiko gizartearen giza garapenean zeregin nabarmena bete dabelarik. Esangura horretan, Fundazinoko arduradunek ondokoa azpimarratu dabe: Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultade historikoen bitartez, hau da: Komertziala, Bilboko campusean, 1916tik, eta ESTE, Donostiako campusean, 1956tik, enpresa-gidariak trebatzen garatu dauen zeregin aitzindaria. Gaur egun bi horreek bat eginda dagoz Deusto Business School izenekoan.
Juan Mª Atutxak eta Irune Zuluagak baita nabarmendu dabe, Deustuk gaur egun prestakuntza-eskaintza lehiakorra eta Europan aitzindaria aurkezten dauela, kalidadeko ikasketak bermatuz, ikasleek gero munduko unibersidaderik onenetan osotu leikiezanak.
Datorren urriko 29an emongo diran sarietako beste bat Bilboko Merkataritza Ganberarentzat, Estaduan sortu zan holako lehenengoarentzat izango da, azken 125 urte honeetan Bizkaiaren eta Euskadiren industrializazinoan eta garapen sozio-ekonomikoan izan dituan inplikazinoagaitik eta protagonismoagaitik. Ezin baitaiteke Bizkaiko historiaz berba egin Bilboko Merkataritza Ganbera, eta beraren aurrekari izandako Bilboko Kontsulatua aitatu barik, Sabino Arana Fundazinoak erakunde horren ibilbide luze eta emonkorra goretsi nahi dau; erakunde horrek oso garrantzi handiko proiektuak sustatu ditu, besteak beste, Aireportua, Erakustazokea, Bilboko Portua, Gordetegi Frankoa, Bilbo-Behobia autobidea, Petronor findegia eta Ingeniari Goi Eskola, begien aurretik sekula galdu barik enpresarako trebakuntzea eta laguntzinoa.
Sarituetako beste bat munduko bodyboard txapeldun barri distiratsua, Eunate Agirre bilbotarra, izango da. Sabino Arana Fundazinoak oraingoan bilbotar honen kemena, ahalegina, ardura eta hobetzeko jorana goretsi nahi ditu, ezaugarri horreek eroan dabelako espezialidade horretako munduko txapelketea irabaztera, hiru urtean jardun ostean mundu osoko emakumeen rankineko elitean.
Gainera, Fundazinoko arduradunek baita nabarmendu gura izan dabe munduko onena bihurtzeko izan dituan ilusino, motibazino eta burrukak bere karreran zehar ikurrina planetako bazter guztietan harro erakustera eroan dabela. Duda barik, Bizkaiarentzat eta Euskadirentzat harro sentidutekoa da IBA Tour zirkuituan ohol gaineko holako txapeldun trebe bat eukitzea, aldi berean tarte bat egin dauelarik hain kirol tekniko eta zehatz honetan, azpimarratu dabe.
Bestalde, Sabino Arana Fundazinoak Maite Lafourcadek Humanitateen arloan ikertzaile eta irakasle moduan egindako ibilbide luzea eta harek Iparraldean euskal zuzenbide tradizionalaren inguruan garatutako zeregin garrantzitsua goretsi nahi ditu; hain zuzen be, esan behar da, azken arlo horretan aitzindaritzat dabela.
Eta azkenik, Construcción y Auxiliar de Ferrocarriles (CAF) be sarituko da; egoitza Beasainen dauen enpresa gipuzkoar hau nazinoarteko buruan dago trenbide-sistemetarako ekipoen eta osogaien diseinuan, fabrikazinoan, mantentze-lanetan eta hornikuntzan. Fundazinotik nabarmendu dabe 'haren historiak diseinua, barrikuntzea eta kalidadea islatzen ditu. Euskaldunek mundu osoan daben ondo egitearen ospearen eredu argi eta garbia da; nazinoartekotze horrek, krisiarengaitik be, hazten jarraitzea ahalbidetu deutso, Euskadi ekonomia eta gizarte aldetik garatzen lagunduz. Gainera, Sabino Arana Fundazinoak azpimarratu gura izan dau enpresa horrek abiadura handiko trenaren alde egin dauen apustu sendoak eta, aldi berean, garapen jasangarriagaz dauen konpromisoak munduko trenbide-merkatuaren abangoardian finkatu dabela.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!