Bittor Egurrolak jasoko dau Argia Ereiten Euskera Saria
2011-11-24 17:47 sariak-autortzakEgurrolak mezu bat zabaldu dau: zeozelako autokritikea egin behar dogu, euskaltzaleok gure egoerearen errua askotan kanpora botaten dogulako eta hori baino, gure esku dagoana, gauza sinpleak egiteko esfortzuak be egin beharko geunkezalako, hau da, telefonoan beti euskeraz erantzun, toki publikoetan lehenengo berbea euskeraz egin, euskeraz dagozan produktuak konsumidu… Ahalegina egin behar da beti!.
Bittor Egurrolak, 67 urteko gernikar getxotartuak, II. Argia Ereiten Euskera Saria jasoko dau datorren zemendiaren 30ean, 20:00etan, Getxon, Fadurako Kiroldegiko areto nagusian egingo dan ekitaldian. Udalak euskerearen erabilerea babestu, sustatu edo zabaltzeko zereginetan nabarmendutako Getxoko erakunde, alkarte edo personari emoteko saria euskerea eta euskal kulturea sustatze lanetan bizitza osoa emon dauen persona baten eskura joango da aurten, besteak beste, musikan (70. hamarkadan disko bi kaleratu zituan), euskalgintzan (Euskaldunon Egunkaria proiektuaren bultzatzaileetakoa eta UK aldizkaria eta Bizarra Lepoan alkartearen sortzaileetakoa) eta irakaskuntzan (San Nikolas ikastolan eta Julio Caro Barojan-Getxo I Institutoan).
Luis Artola artistak egindako egurrezko eskulturea dan saria hainbat lagunek eta alkartek botoa emon ondoren erabagi da. Euskera saria, isilpean lan egiten dabenen errekonozimentua be bada, kasu honetan urteetan euskerearen alderdi desbardinetan lan egin dauen euskaldun aktibo batena. Herri honetako herritar askoren irakaslea izandakoa eta herriko euskerearen aldeko hainbat egitasmotan parte hartu dauen euskaltzalea, Getxon euskerearen alde lan egin dabenen adierazgarria izan daiteke Bittor Egurrola, segurutik Getxo euskaldunagoa egin dauen horretariko bat, nabarmendu dau Koldo Iturbek, Euskera zinegotziak.
Harridurearen ostean, poza eta esker ona sentidu ditu auzokideak sariaren barri izan dauenean, eta beste askok be mereziduko leukiela jakin arren, oso pozik nago bizitzan zehar egindako gauza txikiak eskertzen deustiezala ulertzen dodalako. Izan dodazan pazientzia handia eta gogoa eskertzeko modua dalakoan nago adierazo dau. Saritutakoak egunotan euskereagazko atxikimendua nondik jatorkon egon da pentsetan eta uste dot galdu neban gauza bat berreskuratzeak markau ninduala bizitza osorako. Ni euskaldun barria naz; gernikarra naz eta etxean txikitan bai entzuten nebala, baina gero eskola publikoan (Francoren garaian) galdu egin neban. 17 urtegaz ikasteari ekin neutson eta euskeraz egin eta horren alde egingo nebala erabagi neban gehitu dau.
Bittor Egurrola 1968tik 1970era kantaldiak emoten ibili zan gitarra bategaz. Zazpi kanta kaleratu zituan bi disko txikitan. Nahiz eta aspaldiko kontuak izan, garai horretako oso gomuta onak ditu, jente asko ezagutu ebalako eta gauza asko borondatez egiten zitualako. Kanta protestak ziran, Euskal Herriko bizitzari eta nahi eben geroari buruzkoak. Orain 11 urte UK aldizkariaren bitartez, CD bat kaleratu zan haren 7 abesti eta garai horretan zentsurautako Umezurtza kantuagaz, besteak beste, pianoan Natxo Libanok eta Xabier Payak lagunduta.
Deustuko Ikastolan urte bi emon ondoren, 1973tik 1983ra San Nikolas Ikastolan ibili zan. Bolada horretan Euskal Filologia ikasi eban eta 1984ean Julio Caro Baroja-Getxo I Institutoan sartu zan euskera irakasle, eta han egon zan 2006an erretiroa hartu arte. Aldi berean, Egurrola beti saiatu da euskerearen alde lan egiten. Oso garrantzitsua izan zan niretzat Euskaldunon Egunkariaren aldeko batzordean lan egitea Algortan. Proiekzinorik bako lan isila eta askotan neketsua izan zan, bilerak, publizidadea, dirua eskatzea... Hiruzpalau urtetan ibili ginan proiektua sendotu arte. Bizarra Lepoan alkartearen sorreran be ibili nintzan, eta gero Bizarra Lepoan, gaur egun UK izena dauen aldizkariaren sorreran. Lan txikiak baino iraunkorrak azaldu dau euskaltzaleak.
Gaur egun Uk aldizkariagaz kolaboretan segiduten dau, hasieratik, orain 16 urtetik, argazki zahar bati buruzko esaldi batzuk idazten baititu, Algortako historiaren zati bat eskaintze aldera. Flash Back atala da eta azken 16 urteotan horretan nabil. Aldizkaria martxan jarri zanetik geratzen dan bakarra naz adierazo dau harro getxotartuak.
Bittor Egurrolak osasuntsu ikusten dau udalerriko euskerearen egoerea. Kalean gehiago entzun beharko litzatekela onartu arren, denporeagaz jende gehiagok ikasi dauelako, desfase hori toki askotan gertatzen dala gehitu dau. Nik erdi brometan esaten dot poztu egiten nazela kalean euskeraz berba egiten entzun eta persona hori ezagutzen ez dodanean. Orain 30 urte danok ezagunak ginan, lau katu ginalako eta hori seinale txarra zan, baina gaur egun ez, eta hori poztekoa da agertu dau Egurrolak.
Amaitzeko saritutakoak mezu bat zabaldu dau zeozelako autokritikea egin behar dogu, euskaltzaleok gure egoerearen errua askotan kanpora botaten dogulako eta hori baino, gure esku dagoana, gauza sinpleak egiteko esfortzuak be egin beharko geunkezalako, hau da, telefonoan beti euskeraz erantzun, toki publikoetan lehenengo berbea euskeraz egin, euskeraz dagozan produktuak konsumidu… Ahalegina egin behar da beti!
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!