Etorkizun handiko gazte batek eta bi idazle ospetsuk irabazi dabe 2011ko Zientzia-Fikzinozko Alberto Magno lehiaketea

Bizkaie! 2011-11-16 10:06   sariak-autortzak

Epaimahaiaren gehiengoak erabagita, lehenengo saria etorkizun handiko idazle Sara Sacristani emon jako, El jardín de infancia lanagaz, generoan ospe handia daben beste idazle batzuei irabazita.

Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultadeak Zientzia Fikzinozko XXIII. Alberto Magno literatura lehiaketearen epaia jakinarazo barri dau. Epaimahaiaren gehiengoak erabagita, lehenengo saria etorkizun handiko idazle Sara Sacristani emon jako, El jardín de infancia lanagaz, generoan ospe handia daben beste idazle batzuei irabazita.

Idazle barri honi ez eze, fantasiazko eta zientzia-fikzinozko narratibako bi idazle ospetsuri be emon jake saria, hain zuzen be, Jose Antonio Cotrinari eta Santiago Garcia Albasi. Bigarren saria eta EHU saria bereganatu ditue, hurranez hurran, baina inoiz irabazi dabe Zientzia Fikzinozko Alberto Magno lehiaketako lehenengo saria be. Lehiaketeak 1989an ekin eutson bideari eta genero honetako zaharrena da Estaduan, EHUko iturriek gogoratu dabenez.

Bigarren saria, 1.500 eurokoa, Jose Antonio Cotrina idazle gasteiztarrarentzat izan da, Erial lanagiatik, eta EHU saria, zenbateko berekoa, Huescan jaiotako Santiago Garcia Albas gasteiztarrarentzat, Dioramas lanagaitik.

Lehiaketako epaimahaia EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultadeko eta Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadeko hainbat arlotako irakasle eta ikertzaileek osotu dabe eta ondorengo kontakizunak aukeratu ditue finalista: Marisa Villalonen (Bilbo) División Seis: Príncipes de Hielo eta Claudio Alejandro Amodeoren (Buenos Aires, Argentina) Las invasiones concéntricas.

Sara Sacristan lehiaketako irabazlea 1986ko irailaren 25ean jaio zan Madrilen. Txikitatik idazten dau, batez be zientzia fikzinoa eta fantasia, baina orain dala urte bi hasi zan bere kontakizunak literatura lehiaketetara bialtzen. Geologian lizentziau zan Madrilgo Unibersidade Konplutensean, eta gaur egun, doktorego tesia preparetan eta Literaturaren Teoria eta Literatura Konparatua ikasten dago, UCM-n.

Era berean, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultadean emoten diran titulazino zientifiko eta teknologikoetako ikasketak 2010/2011 ikasturtean amaitu dituen 292 ikasleei diplomak banatu jakez. XXXIX. promozinoko zientzialari eta teknologo barriek Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) enpresek, ikerkuntzeak eta irakaskuntzeak I+G+B arloan behar dituen adituen eskariaren zati handi bati erantzungo deutsie.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu