EHUk Marilyn Strathern, antropologia feministearen aditu nagusietako bat, honoris causa doktore izentauko dau

Bizkaie! 2011-10-19 18:33   sariak-autortzak

Marilyn Strathern Gizarte- eta kultura-antropologiako aditu ezagunenetakoa da mundu osoan eta antropologia feministan aditu nagusietako bat da. Teresa del Valle UPV-EHUko Giza Antropologiako katedraduna emeritua doktoregaiaren amabitxia izango da.

Barikuan, urriak 21, 11:30ean, UPV-EHUko Carlos Santamaría Zentroaren Antonio Beristain entzunaretoan (Elhuyar plaza, 2. Donostia), UPV-EHUk Marilyn Strathern honoris causa doktore izentauko dau. Strathern Gizarte- eta kultura-antropologiako aditu ezagunenetakoa da mundu osoan eta antropologia feministan aditu nagusietako bat da. Teresa del Valle UPV-EHUko Giza Antropologiako katedraduna emeritua doktoregaiaren amabitxia izango da.

Marilyn Strathern (sortzez, Ann Marilyn Evans) Gales iparraldean jaio zan (Erresuma Batua), 1941. urtean. Cambridgeko unibersidadean egin zituan gizarte-antropologiako gradua, masterra eta doktoregoa. Edmund Leach, Meyer Fortes eta pareko antropologo entzutetsuakaz jardun eban lanean. Irakasle bisitaria izan zan Canberrako (Australia) Australian National Universityn eta Berkeleyko University of Californian. 1985etik 1993ra bitartean, gizarte-antropologiako irakaslea izan zan Manchesterko Unibersidadean, eta geroago, Cambridgekoan. Gainera, Mistress of Girton College da, 1998tik. 1994tik 2008ra, Cambridgeko Unibersidadeko William Wyse Professor of Social Anthropology izan zan, eta hantxe erretirau zan 2009an.

Gizarte- eta kultura-antropologiako persona ezagunenetakoa da mundu osoan. Azpimarratzekoa da genero-ikerlanei eta antropologia feministeari begira egindako lana, eta baita Melanesiari zein Ozeano Bareari buruz egindako ekarpen teoriko eta etnografikoa be. Manchesterreko Unibersidadean eta batez be Cambridgekoan (2004ra arte) izan zan bitartean, eta irakasle konbidatu moduan Estadu Batuetan, Australian eta Europan egindako egonaldietan, antropologo gazteen belaunaldi baten aholkularia izan da; eta gazte horreek, geroago, Ozeano Barean eta beste leku batzuetan egin dabe euren lana.

Royal Anthropological Institutek Rivers Memorial Medal-a emon eutson. 1987an, Fellow of The British Academy aukeratu eben. 2001ean, bestalde, Daughter of the British Empire saria emon eutsien. Oraintsu irabazi dituan sarien artean, barriz, Viking Fund Medal of the Wenner- Gren Foundation for Anthropological Research dogu, 2003koa. Azkenik, Association for Social Anthropology in Oceania alkarteak (ASAO) Honorary Fellow izentau dau.

Bere ibilbide osoan, hamarka artikulu argitaratu ditu, baita liburu ugari be. Honako honeek dira nabarmentzeko modukoak: Women in Between (1972), Self-decoration in Mount Hagen (1971, Andrew Strathernegaz), Dealing with Inequality (arg. 1987), The Gender of the Gift (1988), Big Men and Great Men: Personifi cations of Power in Melanesia (1991, Maurice Godelier koeditoreagaz), Partial Connections (1991, ASAOren Argitalpen Berezia, 3. zk.), Property, Substance and Effect (1999), Transactions and Creations (Eric Hirschegaz), eta Kinship, law and the unexpected: Relatives are often a surprise (2005).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu