Iñaki Gabilondok Euskal Kazetariak Saria 2011 jasoko dau
2011-10-03 18:26 sariak-autortzakAVP-EKEeko Zuzendaritza batzordeak Iñaki Gabilondoren azken bost hamarkadetako ibilbide profesional garrantzitsua azpimarratu dau. Gaztetik distiratsu, Iñaki Gabilondok lan egin dauen toki guztietan errealidadea aztertzeko eta azaltzeko gaitasun handia dauela erakutsi dau.
Iñaki Gabilondo kazetari donostiarrak Euskal Kazetarien Alkarteak (AVP-EKE) ibilbide profesionala saritzeko emoten dauen onarpena eskuratu dau; sari banaketa ekitaldia bihar, urriak 4, arratsaldeko 19:30ean, izango da Bilboko Alondigako atrioan. Bertan, Elsa González, FAPEko presidentea izango da eta baita Javier González Ferrari, Onda Ceroko zuzendaria; azken horrek Gabilondoren irudiaren iruzkina egingo dau. Saridunak jasoko dauen eskulturea, Nicolás Alba eskultoreak okasinorako sortutako El soñador de realidades izenburukoa da.
AVP-EKEeko Zuzendaritza batzordeak saridunaren izena joandako bagilean ezagutarazo ebanean, Iñaki Gabilondoren azken bost hamarkadetako ibilbide profesional garrantzitsua azpimarratu eban. Gaztetik distiratsu, Iñaki Gabilondok lan egin dauen toki guztietan errealidadea aztertzeko eta azaltzeko gaitasun handia dauela erakutsi dau. Alkarrizketatzaile nabarmena, kazetaritzea zintzotasunez landu daitekeela aldarrikatzen dau. Telebistako kazetaria, artikulugilea eta idazlea, Iñaki Gabilondok eragin handia izan dau espainiar irratigintzan, lankide belaunaldi oso baten maisu bihurtu dalarik, baita gizartearen erreferentzia be.
Bi urtez behin emoten dan Euskal Kazetariak Saria 2007an sortu zan Euskal Herrian jaiotako kazetarien ibilbide profesionala edota lurralde honetako komunikabideetan lan egin daben profesionalak saritzeko. Aurreko edizinoetako saridunak, Manu Leguineche idazle, kazetari eta korrespontsala eta Sara Estévez izan ziran, azken hau Euskal Herrian kirol-kazetaritzan jardun zan lehen emakumea izan zalarik.
AVP-EKE Euskal Herriko erakunde profesionalik garrantzitsuena da, 300 profesional baino gehiago bateratzen ditu bertan eta Espainiako Kazetarien Alkarteen Federazinoaren (FAPE) parte da.
Iñaki Gabilondo
Donostian, 1942ko urriaren 19an jaioa, Kazetaritzan lizentziau (Nafarroako Unibersidadea) eta 21 urtegaz hasi zan irratian, Donostiako Radio Popularren (COPE) hain zuzen be, eta 27 urtegaz bertako zuzendari izentau eben. 1969an, Radio San Sebastianeko (SER) zuzendari izentau eben eta bi urte beranduago postua itxi eban Sevillako Cadena SERreko ordezkaritzea zuzentzeko.
1978an, Madrilera joan zan Cadena SEReko Hora 25 programea zuzentzeko eta bertako Informazino Zerbitzuetako zuzendari izentau eben 1980an. 1986ko irailaren 22an, eta hogei urtez, espainiar irratiko aitzindaria izan zan Hoy por Hoy programea gidatu eban.
Telebista arloari jagokonez, Noticias Cuatro albistegia aurkeztu ondoren, gaur egun desagerturik dagoan CNN+ katera pasau zan.
Urte honen hasieran El fin de una época liburua argitaratu eban. Bertan bere bizitza profesionalari buruzko gogoeta bat egiten dau eta bere bildurrak azaltzen ditu etenbarik aldatzen dan lanbidearen inguruan, kazetaritzea, hain zuzen. Testigo de la historia (2005) eta Verdades como puños liburuak be argitaratu ditu.
Egun, El País egunkariagaz kolaboretan dau, baita Cadena SERegaz be La voz de Iñaki bideoblogean. 2011ko maiatzetik Iñaki izenburuko hileroko programea aurkezten dau, Canal + telebistan.
Sariak
Iñaki Gabilondok sei Ondas Sari ditu, Urrezko hiru Antena eta Urrezko bi Micrófono. 2007ko urtarrilaren 26an, Juan Carlos Unibersidadeak Doctor Honoris Causa izentau eban. Donostia jaioterrian, Urrezko Danborra saria emon eutsien 1988an. 2003an, Gipuzkoako Urrezko Dominea jaso eban. 2008an, Ramón Rubial Fundazinoak Gabilondo saritu eban demokraziaren eta askatasunaren alde egindako defentsagaitik.
Era berean, Lan eta Giza gaien Ministerioko Lan Merituaren Dominea be badauka, baita Andaluziako Urrezko Dominea be; ganera, Catalunyako Generalitatearen San Jordi Gurutzea eta Gandhiren Urrezko Dominea be baditu, azken hori Unescok bakearen alde dauen saririk garrantzitsuena.
1990ean, Iñaki Gabilondok Ortega eta Gasset Irrati Saria irabazi eban. Madrilgo Prentsa Alkarteak Víctor de la Serna Saria emon eutson 1996/1997 urteko kazetaririk onena izateagaitik. 2003. urtean, Europar Kazetari Alkarteak Gabilondo kazetaritza librearen adierazgarririk nagusiena lez definidu eban eta Francisco Cerecedo Kazetaritza Saria emon eutsien.
Nicolás Albaren El soñador de realidades
Nicolás Albaren El soñador de realidades izango da Iñaki Gabilondok jasoko dauen eskulturea. Sari honetarako berenberegi sortua, artisteak eskulturan sarituaren kazetari-ibilbidea irudikatu nahi izan dau. Horretarako burdina eta forja erabili ditu, bere lanean gehien erabilten dituan materialak.
Alba Nafarroan bizi da eta bakarkako erakusketak zein talde-erakusketak egin ditu, espainiar lurralde osoan eta Portugalen be. Bestalde, haren lana Espainiako, Portugaleko eta Erresuma Batuko leku publikoetan erakusten da. Aitatzekoak dira, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mintzola Fundazinoaren aurrealdeko altzairuzko obrea, Lisboako Cervantes Institutuko lanak, A-68 autobidea edota Madrilgo udaletxea.
Nicolás Albarena da Manu Leguinechek 2007ko Euskal Kazetariak Saridun moduan jaso eban El cazador de palabras eskulturea eta 2009an Sarita Estévezek (Euskal Kazetariak Saria 2009) eskuratutako Maratón obrea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!