Josep Domingo del Calvario 'Nadar' da AlhóndigaBilbaoko komikiaren beka ezagunaren laugarren edizinoaren irabazlea

Bizkaie! 2011-07-19 15:50   sariak-autortzak

Beka honen bitartez, AlhóndigaBilbaok sorkuntzea bultzatu eta komikiaren munduan talentu profesional barrien agerpena ahalbidetu nahi dau. Horretarako, ekimen honen bitartez, balio artistikoak eta izaera barritzailea kontuan hartuta aukeratutako proiektu bat finantzauko dau.

Josep Domingo Nadar, Castellóko gaztea beste 42 personagaz batera aurkeztu zan AlhóndigaKomik bekearen laugarren edizinora (Estadu mailan, komikiaren panoraman dagoan bekarik ospetsu eta osoenetakoa da). Domingok Angulemako (Frantzia) Egileen Etxean (La Maison des Auteurs) gozau ahal izango dau bekaz. Egileen Etxea Angulemako Komikiaren eta Irudiaren Nazinoarteko Hiriko (Cité Internationale de la Bande Dessinée et de l’image) ekipamendua da.

Beka honen bitartez, AlhóndigaBilbaok sorkuntzea bultzatu eta komikiaren munduan talentu profesional barrien agerpena ahalbidetu nahi dau. Horretarako, ekimen honen bitartez, balio artistikoak eta izaera barritzailea kontuan hartuta aukeratutako proiektu bat finantzauko dau.

Bekearen lehenengo hiru edizinoetan, 120 lagun baino gehiagok aurkeztu zituen euren proiektuak beka honetarako; holan, bada, AlhóndigaBilbaoren ekimen honen kalidadea eta ospea finkatuz joan da komikiaren eta istorio grafikoen sorkuntzearen munduan.

Aurreko edizinoetan gertatu izan danez, hautaketea egin dauen epaimahaiaren buru Antonio Altarriba izan da, egungo Komikiaren Sari Nazionala, El Arte de Volar lanagaz; era berean, binetearen munduan ospe handia daben profesionalak izan dira epaimahaikideak: Miguel Ángel Martín, marrazkilaria; Pepe Gálvez, gidoilaria eta komiki-kritikaria; Jesús Moreno, Sin Sentido-ko editorea, eta Santiago García, gidoilaria, itzultzailea eta komiki-kritikaria.


Irabazlea

Josep Domingo del Calvario Nadar (Castelló de la Plana, 1985) Arte Ederretan lizentziatua da Bartzelonako Unibersidadean. Besteak beste, Dos veces Breve aldizkarian kolaborau dau, eta zenbait sari irabazi ditu, besteak beste, lehenengo saria XXIV concurs de còmic Ciutat de Cornellà (2008) lehiaketan, accesit bat INJUVE beken 2008ko deialdian eta lehenengo saria Portugalete Uri Urena XXI. Komiki Lehiaketan.

Clara-Tanit Arqué katalana izan zan lehenengo edizinoko irabazlea, eta Martín Romero galiziarra, barriz, bigarrenarena. Biek ala biek 12 Komiki ordu tailerra emon eben AlhóndigaBilbaon; bertan, inprobisazino eta sorkuntza gaitasuna lantzen eta oso denpora laburrean istorio grafiko bat garatzen lagundu eutseen parte-hartzaileei.

Álvaro Ortizek irabazi eban hirugarren bekea, eta gaur egun bere komiki-proiektua dabil garatzen La Maison des Auteurs zentroko instalazinoetan.


Angulemako Egileen Etxea

Egileen Etxea komikiei eta ikus-entzunezko beste arte batzuei (animazinoko zinema, bideo-jokoak eta abar) zuzendutako nazinoarteko zentro ospetsua da, eta, bertan, lan baldintza egokiak emoten jakez mundu osoko zenbait egileri, aurretiaz aukeratutako euren proiektua garatzeko.

2002an zabaldu zanetik, La Maison des Auteurs zentroak ehun autore baino gehiago hartu ditu: hasibarriak zein profesionalak, Frantziakoak zein beste herrialde batzuetakoak... istoriotxoakaz lotutako proiektuak garatzeko asmoz, betibe. Egile horreek guztiek dobako ekipamendu-markoa (tailer indibidual edo kolektiboa) izan dabe eskura, irudiak sortzeko behar izan daben material guztia barne (postu informatikoa, marrazteko taula, eskanerra eta abar).

Beste espazio komun batzuk be eskaintzen jakez bekadunei; esate baterako, informatika eta erreprografia aretoa, dokumentazino aretoa, erakusketa eta hitzaldi aretoa, besteak beste.


Bekeak eskaintzen duena

AlhóndigaBilbao-Komikia bekeak honakoak eskaintzen ditu:
• Ostatua apartamentu batean, gehienez be, hamabi hilebetera arte (elektrizidadea, gasa eta ura, bekadunaren kontura).

• Egileen Etxeko ekipamendu eta zerbitzu guztietarako sarrerea.

• Mila euro hilean, gehienez urtebetez.

• AlhóndigaBilbaok, bere aldetik edo espezializautako argitaletxe bategaz lankidetzan, proiektua argitaratzeko aukerea aztertuko dau, bekea amaitu eta hurrengo urtearen barruan. Proiektua argitaratu ezkero, euskeraz eta gaztelaniaz argitaratuko litzateke.

AlhóndigaBilbaoren ekimen hau lankidetza hitzarmen zabal baten barruan dago sartuta, Cité Internationale de la Bande Dessinée et de l´Image dalakoagaz sinatutako hitzarmenaren barruan, hain zuzen. Modu horretan, komikiagaz eta momentu honetan gorantz doazen beste joera batzuekaz lotutako ekimenak sustatuko dira. AlhóndigaBilbao Komikiaren Baliabide Zentroa da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu