Jon Aiastui eta Miguel Sanchez izan dira EHUko Fantasiazko Ipuin Laburren XIX. Lehiaketako irabazleak

Bizkaie! 2011-06-07 17:34   sariak-autortzak

Aurtengo edizinoan parte-hartzea inoiz baino handiagoa izan da, danetara 157 lan jaso baitira; horreetatik 134 lanek gaztelaniazko modalidadean hartu dabe parte, eta 23k, barriz, euskerazkoan.

Euskal Herriko Unibertsidadeko (EHU) Arabako campuseko Erretoreordetzeak antolatutako Fantasiazko Ipuin Laburren XIX. Lehiaketako irabazleak Jon Aiastui Guridi (Oñati, 1971), Kontaktua obreagaitik, eta Miguel Sanchez (Caravaca, 1957), Nunca podré salir de este relato ipuinagaitik, izan dira, euskerazko eta gaztelaniako modalidadeetan, hurranez hurran.

Jon Aiastui lanbidez sukaldaritza laguntzailea bada be, literaturan, besteak beste, Donostia Hiria saria irabazi dau. Horrezaz gan, Biolinaren jatorria liburua be argitaratu dau. Lehiaketa honetan, Kontaktuak lana aurkeztu dau, eta egilearen esanetan, ez dau estiloa errotik aldatu behar izan. Aiastuik azaldu dauenez, idazten dodazan narrazinoen estilora hurreratzen da, are gehiago, beste deialdi batzuetan be aurkeztu naiz lehiaketa honetara, baina orain arte ez dot saririk irabazi.

Aurten epaimahaiak euskerazko modalidadean aurkeztutako beste bi lanen kalidade altua aitatu dau, eta lehenengo aldiz ohorezko akzesitak banatu ditu, hain zuzen be, Uxue Agirreri, Kantoikale lanagaitik, eta Asier Mendozari, Eternity 6.2. obreagaitik.

Bestalde, Miguel Sanchez Historia irakaslea da Murtzian eta zenbait sari irabazi ditu poesiaren arloan, esaterako Soriako Diputazinoaren Leonor Saria eta Bienal de León Saria. Lehiaketara aurkeztu dauen kontakizuna, Nunca podré salir de este relato, fantasiazko generoan barruratzeko lehen aukerea izan da egilearentzat. Bere esanetan, istorioa nahiko kafkiarra da, eta aspaldi neukan holako zeozer idazteko gogoa.

Lehiaketan argitaratu bao edozein testu aurkeztu ahal izan da, euskeraz zein gaztelaniaz, eta aurtengo edizinoan parte-hartzea inoiz baino handiagoa izan da, danetara 157 lan jaso baitira; horreetatik 134 lanek gaztelaniazko modalidadean hartu dabe parte, eta 23k, barriz, euskerazkoan. Parte-hartzeak gora egiteagaz batera, jasotako lanen jatorriak be ugaldu egin dira. Izan be, Espainiako autonomia erkidego ia guztietatik lanak jaso dira, bai eta AEBetatik, Frantziatik, Israeletik, Argentinatik eta Thailandiatik be, besteak beste.

Fantasiazko Ipuin Laburren Lehiaketeak 1.400 euroko saria banatzen dau modalidade bakoitzean. Saritutako lanak EHUren esku geratu dira, eta bost urterik behin azken deialdietan saritutako obrak liburu batean batzeko asmoa dauka unibersidadeak. Orain arte El Eco del Espejo, Cristales rotos eta Altos vuelos lanak plazaratu ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu