Ana Maria Matute idazleak jaso dau Bilboko Liburu Azokaren Kritika Saria

Nagore Ferreira Zamalloa 2011-06-01 15:52   sariak-autortzak

Bilboko 41. Liburu Azokearen aurkezpena benetan be jentetsua izan da, izan be aurtengo egitarauren barri emoteaz gan, Ana Maria Matute (Bartzelona, 1925) idazle ezaguna bertan izan da, azokako Kritika Saria jasoteko. Eguenean, bagilaren 2an, edegiko da Bilboko 41. Liburu Azokea, Arenalean. Hilaren 12ra bitartean makina bat ekitaldi atondu ditue.

Bilboko 41. Liburu Azokearen aurkezpena benetan be jentetsua izan da, izan be aurtengo egitarauren barri emoteaz gan, Ana Maria Matute (Bartzelona, 1925) idazle ezaguna bertan izan da, azokako Kritika Saria jasoteko.

Idazle bartzelonarragaz batera, Asier Muniategi Euskadiko liburu azoken koordinatzailea, Kepa Torrealdai Bizkaiko Liburu-saltzaileen Elkarteko presidentea, Josu Leguina Euskadiko Liburu Ganbarako presidentea, Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko Kultura zinegotzia eta Antonio Rivera Kultura sailburuordea izan dira.

Eguenean, bagilaren 2an, edegiko da Bilboko 41. Liburu Azokea, Arenalean. Hilaren 12ra bitartean makina bat ekitaldi atondu ditue azokan, besteak beste, liburuen aurkezpenak, egileen sinadura-ekitaldiak, mahai-inguruak, sari-emoteak, eta abar.

Asier Muniategi Euskadiko liburu azoken koordinatzaileak Ana Maria Matuteren lanen kalidadea eta ibilbide oparoa azpimarratu ditu. Eta eskertu gura deutsat -adierazo dau- 86 urtegaz Bilboraino etorteko ahalegina egitea.

Eskerrak emonez, eta oso emozionauta dagoala esanez, jaso dau Kritika Saria Ana Maria Matutek. Eskerrik asko sariagaitik. Gustura etorri naz Bilbora, Euskal Herriko edozein lekutara gustura etorten naz, jarraitu dau Matutek, saria eskuan. Umezain euskalduna izan ebala gogoratru dau idazleak: Zumaiakoa zan gure umezaina, eta euskeraz egiten euskun. Oraindino esaldiren bat edo beste gogoratzen dot, esaterako, 'neska polita zara', edo 'maite zaitut'. Eta nik maite zaitut esaten deutsuet zuori danori hau saria emotearren.

Ana Maria Matutek literatur sari ugari jaso ditu urteotan, besteak beste, Cervantes Saria, Nadal Saria, Espaniako Literatura Sari Nazionalam Espainiako Letren Sari Nazionala, eta abar. Espainiako Erret Akademiako kidea da, eta Hispanic Society of Americakoa bere bai. Hainbat liburu idatzi ditu: Los Abel (1952), Los hijos muertos (1958), Olvidado rey Gudú (1996), Paraíso inhabitado (2008)...

Kepa Torrealdai Bizkaiko Liburu-saltzaileen Elkarteko presidenteak Ana Maria Matuteren presentziak liburuen salmentan eragina eukitea espero dau. Ia salmentak ugaltzen diran. Krisialdiak eragin handia dauka liburuen salmentan, eta badira urte batzuk salmentek behera egiten dabela, azaldu dau.

Sarien artean, aitatzekoa da, Ana Maria Matuteren Kritika Sariaz gan, Bostak Bat taldeari emongo jakon Urrezko Luma. Taldekide zaharrena dan Txomin Solabarrieta Etxaburuk jasoko dau saria, bagilaren 6an. Zilarreko Luma David Safierrek jasoko dau, eta Zazpi Kale saria Eider Rodriguezentzako izango da.

Urtero legez, Bidebarrieta kulturguneak kultur topaketak antolatu ditu azoka egunetan; bertan egingo dira nobela baltzari buruzko mahai-inguruak eta fantasiazko literatureari buruzkoak. Bilbo Zaharra euskaltegiak be jardunaldi bereziak antolatu ditu Euskaltzaindiaren egoitzan.

Eta ohiturea danez, aurten be Liburu Azokan % 10eko beherapena eukiko dabe liburu guztiek. La Granja kafetegiak orain urte batzuetako Kafea eta liburuak ekimena berreskuratuko dau aurton: azokan egindako erosketa bakotxeko kafe bat oparituko dau Plaza Borobileko kafetegi ezagunak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu