Jose Maria Rivadeneyra, Naroa Aldanondo, Aitzol Lasa eta Xabier Martin, 2010eko CAF-Elhuyar sarien irabazleak

Bizkaie! 2011-03-25 10:57   sariak-autortzak

Jose Ramon Etxebarriak Merezimendu saria jaso dau euskerazko zientzia eta teknologiaren kulturan egindako beharragaitik.

Zientzia- eta teknologia-dibulgazinoko 2010eko CAF-Elhuyar sariak banatu barri dira. Aurtengo irabazleak José María Rivadeneyra informatikaria, Naroa Aldanondo Biologian doktorea, Aitzol Lasa matematikaria eta Xabier Martin Berriako kazetaria izan dira.

Kategoria bakotxari jagokozan sariez gan, Jose Ramon Etxebarriak Merezimendu saria jaso dau euskerazko zientzia eta teknologiaren kulturan egindako beharragaitik. Etxebarriak Eustakio Arrojeria Elhuyar Fundazioko lehendakariordearen eskutik jaso eban saria. Sari honegaz Jose Ramon Etxebarria omendu gura izan dabe, 40 urtetan zientzia eta teknologiaren arloan euskereari eta euskal gizarteari egindako ekarpen oparoagaitik.

Dibulgazino-artikulu orokorren saria (2.000 € eta Imanol Andonegiren eskulturea) Jose Maria Rivadeneyra informatikari usurbildarrak jaso dau Merezi ote digu banda-zabalera handitzea? izenburupean aurkeztutako artikuluarengaitik; Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazino-artikuluaren saria (2.000 € eta Imanol Andonegiren eskulturea) Naroa Aldanondo pasaitarrak eta Biologian doktoreak jaso dau Antxoaren gorabeherak ulertu nahian izeneko lanarengaitik; Gazteei zuzendutako zientzia-narrazinoaren saria (5.000 €-ko bekea eta Andonegiren eskulturea) Aitzol Lasa Oyarbide matematikari barañaindarrak eroan dau, Bizikletak izenburupean aurkeztu dauen proiektuarengaitik, eta, Zientzia-kazetaritzearen arloko saria (2.000 € eta Andonegiren eskulturea) Xabier Martin kazetariarentzat izan da Berria egunkarian argitaratu eban Kate bereko begiak erreportajearengaitik.

2010eko CAF-Elhuyar sarietara danetara 48 lan aurkeztu dira, holan banatuta: Dibulgazino-artikulu orokorren kategorian, 27 lan; Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazino-artikuluen kategorian, 6 lan; Zientzia-kazetaritzan, 11 lan; eta Gazteei zuzendutako zientzia-narrazioen kategorian, 4 proiektu.

Epaimahai bi ibili dira lanak baloretan. Alde batetik, Gazteei zuzendutako zientzia-narrazinoak kategoriara heldutako lanak honakoek epaitu ditue: Yolanda Arrieta idazlea eta haur- eta gazte-literaturan aditua; Jesus Mari Olaizola Txiliku, idazlea, Biologiako irakaslea eta haur- eta gazte-literaturan aditua; eta Josu Waliño, Elhuyar Fundazioko proiektuen kudeatzailea eta gazteentzako ipuinen idazlea. Ganerako kategorietara heldu diran lanak aukeratzeko, epamahai hau eratu da: Itziar Alkorta, Zuzenbide Zibileko irakaslea eta bioetikaria; Jose Maria Pitarke, CIC-NanoGUNEko zuzendaria; Juan Ignacio Pérez Iglesias, Kultura Zientifikoko EHU-BFA katedrako zuzendaria; Rosa Diez Urrestarazu, ETB1eko edukien zuzendaria; Txema Ramírez de la Piscina, Euskal Herriko Unibertsitateko Kazetaritzako irakaslea; eta Jose Mari Rodriguez Ibabe, Elhuyar Fundazioko lehendakaria eta CEITeko ikertzailea.


- Merezi ote digu banda-zabalera handitzea? Egilea: José María Rivadeneyra Sicilia. Egileak, konsumitzaileen lekuan ipinita, eta modu erraz batean, Interneteko banda-zabalera handiagoa kontratetea merezidu ete dauen azaltzen dau. Rivadeneyrak azaltzen dau zer faktorek eragiten daben etxera heltzen dan Interneteko seinalearen abiadurea, eta zerk mugatzen dauen zer Interneten. Webak zelan funtzionetan dauen azaltzen dau, eguneroko bizitzako analogiak erabiliz (auto-ilarak, adibidez). Epaimahaiaren ustez, egileak asmau egin dau modu ulergarrian azaltzen gai tekniko eta itxuraz lehor bat. Adibide eta analogia errazen bidez, danok inoiz egin dogun galderearen erantzuna emoten deusku, ganera.

- Egilearen doktore-tesian oinarritutako artikulua: Antxoaren gorabeherak ulertu nahian. Egilea: Naroa Aldonondo Aristizabal. Antxoak ikertu ditu Aldanondok bere tesian. Hain zuzen be, artikuluaren bidez argitzen dau zer ikertu dauen Aurten izango al da antxoarik? itaunari erantzun ahal izateko. Arrantzearen eragina albo batera itxita be, antxoaren populazinoak gorabehera handiak izaten ditu urte batetik bestera. Izan be, antxoak bizitza laburra dauka (3 urte), heriotza-tasa altua, eta populazinoa urteko erreklutamenduaren menpe dago erabat. Horregaitik, populazinoaren gorabeherak ulertzeko, ezinbestekoa da antxoaren bizitzako lehen faseen (larbak eta gazteak) iraupenean, eta ondorioz, erreklutamenduan, eragiten daben prozesuak ikertzea. Hori izan da tesi honen helburu nagusia. Eta, horretarako, antxoen kutxa baltzak edegi eta horretan gordetako informazinoa deszifrau dau. Sari hau emoteko garaian epaimahaiak azpimarratu dauenez, lehenengo lerroetatik irakurlea atrapetan dau, eta jakin-mina bizten deutso. Dibulgazino-artikulu borobila osotu dau dazleak, bere tesitik abiatuta.

- Zientzia-kazetaritzako lana: Kate bereko begiak. Egilea: Xabier Martin Tejeria. Berria egunkaria. Erreportaje honetan, Homo sapiens eta Homo neanderthalensis espezieen arteko ahaidetasuna eta loturea aztertzen ditu kazetariak, albiste honetan oinarrituta: neandertalaren genoma deskodetzeak agirian itxi dau orain arte ia guztiz baztertzen zan kontu bat: gure genoman neandertalen geneak dagozala, % 1 eta % 4 artean. Horrek esan nahi dau, batetik, sapiens eta neandertal espezieak gurutzau egin zirala, eta ondorengo ugalkorrak itxi zituela. Ganera, ikusi da afrikar jatorriko personek ez daukela neandertalen generik; hau da, gurutzaketea izan zala sapiens Afrikatik urten ostean, baina Europan eta Asian zabaldu aurretik. Giza eboluzinoaren eta adarren ikuspegia goitik behera aldatzen dau informazino honek, eta espero izatekoa da genoma gehiago deskodetu ahala sorpresak ugaritu egingo dirala. Epaimahaiak hau balioetsi dau: Kazetaritza-lan batek behar dituan osogaiak batzen ditu: irakurlearen jakin-mina bizten dauen albiste bat, iturri onak, adituen testigantzak eta grafiko eta irudi erakargarriak erabili ditu.

- Gazteei zuzendutako zientzia-narrazinoa: Bizikletak. Egilea: Aitzol Lasa Oiarbide. Zientziak eta letrak alkarren aurka dagozala esaten zan garai batean, eta egileak narrazino honetako protagonista bi ipinten ditu burruka klasiko horren mutur bietan: Estibalitz zientzialaria, eta beragaz guztiz maiteminduta dagoen Odei, zientzia gorroto dauena. Udagoieneko goiz batean, ikasturtea hasi eta gitxira, topo egingo dabe Odeik eta Estibalitzek. Aukera parebakoa izango da Estibalitzengana hurreratu eta haregaz berba egiteko. Momentu horretan bertan zirt edo zart egin beharko dau, baina oztopo biri egin beharko deutse aurre Odeik: Estibalitz bera baino nagusiagoa da, eta, ganera, Estibalitz zientzialari iaioa da. Posible izango dabe nerabe bi honeek euren maitasun antagonikoa aurrera eroatea? Egileak urtebeteko epea izango dau orain, proiektu hau liburu bilakatzeko. Zerua izango da liburuaren lerro narratiboa, eta narrazinoan agertuko diran zientzia-gaiak atmosfereari eta zeruari loturik egongo dira, eta narrazinoko maitasun-istorioa be zeruan oinarritu eta girotuko da, dino egileak. Berbakera freskoa eta lotsabakoa erabili ditu egileak; poesia eta zientzia buztartu ditu, eta personaia eta proiektu erakargarriak osotu ditu idazleak. Horregaitik erabagi dau aho batez Aitzol Lasari emotea saria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu