Udalak 'Aixe Getxo!' sariak 13 kultur ekimenei eta personei emongo deutsez

Bizkaie! 2011-03-18 11:08   sariak-autortzak

Gizarte zibil getxotarrak merezidu dauen errekonozimendua eta omenaldia izango da, eta jarraipena emoten deutse aldez aurretik kirolaren, boluntariotzearen edo euskerearen arlotan egindakoei eta, kasu honetan, Kultur arlo zabalean eta kultura sormenean kokatzen dogu.

Udalak Aixe Getxo! sariak 13 kultur ekimenei eta pertsonei emongo deutsez Imanol Landa alkateak adierazo dauenez, udalerrian Kultur munduaren hainbat arlotan, pertsonek eta ekimenek sortutako jardueren lana, konpromisoa eta zabalkundea azpimarratzeko asmoagaz. Ekitaldia 20:00etan izango da Fadurako Areto Nagusian.

Ekimena, esan dau Imanol Landak, gizarte zibil getxotarrak merezidu dauen errekonozimendua eta omenaldia izango da, eta jarraipena emoten deutse aldez aurretik kirolaren, boluntariotzearen edo euskerearen arlotan egindakoei eta, kasu honetan, Kultur arlo zabalean eta kultura sormenean kokatzen dogu. Imanol Landak esan dau Aixe Getxo! sarien helburua Getxoko Kultur munduarentzat urteroko edo bi urtean behingo topagune bihurtzea dala, modu horretan arloan lan egiten daben agente eta erakunde desbardinen arteko hartu-emonak erraztuz. Getxo kulturearen era desbardinakazko eta askotarikoagazko sentsibilidade berezia dauen udalerria da; Kulturaz dakien, sortzen dauen, esportatzen dauen eta gustukoa dauen udalerria da eta gainera maila altuko kultur eskaintza exijiduten dauena alkateak adierazo dauenez.

Sari honeen lehenengo edizinoa izango da eta oraingoan Kulturearen munduagaz loturea daben hainbat getxotarrek osatutako epaimahaiak 12 kategoria ezarri ditu goraipamenak egiteko. Koldo Iturbe Kultura zinegotziak azaldu dauenez, goraipamen honeetan normalean egiten diran estereotipoetatik iges egin nahi izan dogu eta Kultura munduan, kontzeptu zabalean, lan egiten daben personak saitu gura izan doguz: Arte Eszenikoetatik Baloreen Hezkuntzara; Musika Klasikotik Arkitekturara edo Literaturatik Zientziara edo Barrikuntzara.


Saridunak

Ikusizko eta Ikus-entzunezko Arteak atalean, Getxophoto Nazinoarteko Argazki Jaialdia; Arte Eszenikoa atalean, Garbi Losada antzerkigilea, zuzendaria eta aktorea; Musika Klasikoa atalean, Fernando Velazquez; Musika Garaikidea arloan, We Are Standard nazinoartean goraipatutako taldea; Literaturea atalean, Willy Uribe idazlea eta argazkilaria; Diseinua kategorian, Jota Mas Ge (Juana Ruiz eta Garbiñe Urdampilleta); Arkitektura eta Eremu Publikoa atalean, Bizkaia Zubia; Gastronomia atalean, Itsaso Arana sumillerra; Kultura Hezkuntzan eta Baloreetan, Aitor Zabalgogeazkoa, Mugarik Gabeko Medikuak GKEren zuzendari nagusia; Barrikuntza eta Zientzia Kulturea, Xabier Uribe-Etxebarria Anboto konpainiaren sortzailea, teknologia sektorean 2010ean munduko enpresa barria onena hautatua; eta Kultura Ondarea, Hautemangarri eta Hautemangatxa, Algortako Bertsolari Eskola-ALBE.


Ibilbide profesionala

Aixe Getxo! Kultura sarien I. edizinoak errekonozimendu berezia egingo deutse, euren ibilbide profesionalagaitik, Vicente Larrea eskultoreari eta Ramiro Pinilla idazleari.

Vicente Larrea Bilbon jaio zan 1934an. Eskultoreen semea eta iloba, gaur egun Bizkaian ikusi daitekezan eskultura publikoen eta erlijiosoen egilea da (besteak beste, Bidegurutzean Algortako Telletxe plazan).

Ramiro Pinilla 1923an jaio zan eta estadu espainiarreko gaztelerazko narratzaile nabarmenenetarikoa da. Jasotako sarien artean dagoz, besteak beste, Nadal saria Las ciegas hormigas liburuagaitik (1960), Euskadi Saria Verdes valles, colinas rojas I. La tierra convulsa (2004) eleberriagaitik; eta Espainiako Kultura Ministerioak emoten dauen Narratiba Saria Verdes valles, colinas rojas III. Las cenizas del hierro (2005) eleberriagaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu