Sari bikotxa VI. Tene bekan: Markez-Aristi eta Gorostitzu

Bizkaie! 2011-02-10 13:32   sariak-autortzak

2010eko deialdian aurkeztutako lanen kalidadea aintzat hartuta, Tene Saria bitan banatzea erabagi dau Tene bekako epaimahaiak; Debako Udalak, barriz, proiektuen interesa ikusi eta epaimahaiaren eskaria aintzat hartuz, bikoiztu egin dau sariaren diru kopurua: 6.000 euro irabazle bakotxarentzat.

2010eko deialdian aurkeztutako lanen kalidadea aintzat hartuta, Tene Saria bitan banatzea erabagi dau Tene bekako epaimahaiak (Lorea Agirre, Alberto Barandiaran eta Elixabete Garmendiak osoturikoak); Debako Udalak, barriz, proiektuen interesa ikusi eta epaimahaiaren eskaria aintzat hartuz, bikoiztu egin dau sariaren diru kopurua: 6.000 euro irabazle bakotxarentzat.

Mikel Markez eta Pako Aristik alkarlanean aurkezturiko proiektua da saridunetako bat: Benito, plazer bat izan duk, Benito Lertxundi kantariagaz urteetan egindako bazkari eta bazkalosteko berbetaldietan oinarrituta, haren testigantza eta gogoetak modu literario batean jaso nahi dituana.

Ainara Gorostitzuren EtorkiZUnak egitasmoa da beste irabazlea, immigrazinoaren errealidadea etorkinen euren ikuspegitik kontau nahi deuskuna. Egileek urtebete izango dabe euren proiektuak gauzatzeko, eta 2012an kaleratuko ditu Elkar argitaletxeak liburu biak.

Gure hurreko historiaz biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, alkarrizketak, ikerketak... bultzatzeko sortu eben Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak sari hau, Debako alaba Tene Mujika idazlearen omenez. Hauxe izan da sariaren orain arteko ibilbidea:

- I. deialdian, 2005ean, Ramon Olasagasti izan zan irabazlea, eta sariaren laguntzaz idatzi eban Mendiminez liburua (goi mendietan hildako euskal mendizaleen kronika eta biografia, 2007an kaleratu zana).

- II. urtean hutsik geratu zan saria epaimahaiaren erabagiz.

- III.a Alberto Barandiaranek eskuratu eban 2007an, eta 2009an kaleratu zan haren emoitzea: Postkronikak izeneko liburua (lehendik landutako zenbait erreportajeri bigarren buelta bat edo bigarren aukerea emonez, itxi ezin dan ate bat edo itxi ezin dan zauri bat legez).

- IV. urtean, Imanol Murua Uria kazetaria subertau zan irabazle, eta kalean da haren lana: Loiolako hegiak (EAJ, PSE eta Batasunaren artean izandako alkarrizketa eta negoziazinoen historia). Gaztelaniazko bersinoa be kalean da.

- V. urteko sariduna Mikel Garzia kazetaria izan zan, eta laster kaleratuko da harek egindako liburua: Zeluloidezko begiradak, Euskal Herriko 13 zinemagilegaz egindako alkarrizketaliburua.

Ainara Gorostitzu Mujika (Ataun, 1981) euskal filologian lizentziatua da, euskal prentsa idatzian ibilia: Euskaldunon egunkarian lehenengo, eta Berrian gero; gaur egun, ZuZeu albistari digitaleko kolaboratzailea da. Liburu bat be badauka argitaratua, Nerea Eliasegaz batean: Eta gerra etorri zen. 36ko gerraren eragina Ataungo eguneroko bizimoduan (2008).

Pako Aristi (Urrestilla, 1963) idazle, kazetari eta gidoigilea da, liburu eta erreportaje askoren egilea.

Mikel Markez (Errenteria, 1971) kantari moduan da batez be ezaguna, bai kantaldi bai diskoengaitik, baina bestelako lanak be egin ditu, betibe musikearen zabalkundean, besteak beste, Trikitixa Alkartean, Herri Irratian esatari moduan, baita prentsako kolaborazinoetan be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu