Pako Aristik, Xabier Lopez Askasibarrek eta Victor Iriartek irabazi ditue 'Cafe Bilbao' VIII. Teatro Laburreko Gidoien sariak
2011-01-21 14:50 sariak-autortzakAntzerkirako idazketea bultzatzeko asmoz, Mikel Martinez aktoreak sustatzen ditu urtero banatzen diren Café Bilbao Teatro Laburrerako Gidoien sariak. Zortzigarren edizinoak kafetegiaren ehungarren urteurrenagaz bat egin dau.
Antzerkirako idazketea bultzatzeko asmoz, Mikel Martinez aktoreak sustatzen ditu urtero banatzen diren Café Bilbao Teatro Laburrerako Gidoien sariak. Zortzigarren edizinoak kafetegiaren ehungarren urteurrenagaz bat egin dau, eta honeek izan dira irabazleak: euskera arloan, ex aequo, Pako Aristiren Azken neuronaren heriotza eta Xabier Lopez Askasibarren Piztu gabeko zigarroa lanak; eta, gaztelaniakoan, Victor Iriarteren La esquela obrea. Gaztelaniazko ataleko saridunak 1.200 euro jasoko ditu eta euskerazkoek 1.400.
Danetara, ia 40 lan aurkeztu dira sariketara, horreetako hamar euskeraz. Irabazleek, prentsaurrekoan, euren lanen ganean egin dabe berba eta, Aristiren esanetan, 'antzerkia idazten dauenaren helburua lana eszenan ikustea da; bide hori, halanda be, gatx dago egun, baina esperantzea daukat eta saria borobiltzeko modua izango litzateke'. Idazle, kazetari eta gidoigile gipuzkoarrak ames batetik jasotako istorio baten ganean idatzi dau. 'Errudun faltsu baten bizia kontetan dau, akusazino larriakaz amaituz. Nik, tragedia horretatik komedia egin dot. Euskal Herriaren egoereagaz zerikusia daukan lana be bada'.
Aristiren lana www.bilbao-cafebar.com webgunean topau daiteke, baita bakarrizketea lantzen dauen Xabier Lopez Askaribarrena be. Bere obreak 'kalean alkar topetan diran pertsonaia mitiko biren istorioa kontetan dau ikuspegi desbardinetik'. Azkenik, gaztelaniazko lanen arloan, Victor Iriarte kazetari nafarrak azpimarratu dau poz handiz hartu dauela antzerki-labur-komikoen arloan sariduna izatea. Berak, gaixotasunen inguruan dagoan ikuspegi sozialari ikutu barregarria emon deutso edo, behintzat, horretan ahalegindu dala azpimarratu dau.
Lan horreek, webgunean argitaratzeaz gan, BILBOKI antzerki programazinoaren barruan testuaren irakurketa dramatizatuak egingo dira eta, antolatzaileen esanetan, leitekeana da bat edo bat taularatzea be. Horrezaz ganera, taberna enblematikoaren urteurrena dala eta, orain arteko sariketatan saritutako lan batzuk papelean argitaratuko ditue.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!