Jose Luis Muñoyerro kazetariari emongo deutso 'Durangaldeko Teila' Gerediaga Elkarteak
2010-12-23 10:54 sariak-autortzakGerediaga Elkarteak Durangaldea ezagutzera emoteko lan egin daben pertsonei eskerrona agertzeko, bi urterik behin Durangaldeko Teila oroigarria banatzen dau. Eskertza, Merinalde Eguneko ekitaldiakaz batera egiten da. Horregatik, datorren astelehenean, abenduaren 27an, Jose Luis Muñoyerro kazetari bilbotarrak jasoko dau oroigarria.
Gerediaga Elkarteak Durangaldea ezagutzera emoteko lan egin daben pertsonei eskerrona agertzeko, bi urterik behin Durangaldeko Teila oroigarria banatzen dau. Eskertza, Merinalde Eguneko ekitaldiakaz batera egiten da. Horregatik, datorren astelehenean, abenduaren 27an, Jose Luis Muñoyerro kazetari bilbotarrak jasoko dau oroigarria.
Gerediaga Elkarteak Merinalde Eguna ospatuz eskualdean izan ziren erakundeak gogoratu gura ditu. 1875. urteko abenduaren 27an Gerediagako Foru Zelaian batu ziran azkenengoz batzar baten Durangaldeko elizateetako alkateak. Izan be, urtebete geroago, 1876ko garagarrilaren 22an, Foruez gan, Durangaldeko erakundeak be ezeztatu egin zituen. Eskualde lurraldetasuna eta sasoiko erakunde bereizgarriak gogoratzeko amesagaz egiten da urtero Merinalde Eguna, azken bilerea egin zan egun berean.
Efemeride berezia
Aurtengo ekitaldiak efemeride berezi bat be gogoan hartuko dau, egun horretarako berenberegi preparautako jantza eta antzerki ikuskizun labur bategaz.
600 urte ditu Gerediagako Batzar Nagusien lehen aitamen dokumentala daukan eskuizkribuak eta gaur egun Gerediaga Elkartearen dokumentategian gordeta dago. 1410. urteko zemendiaren 28an idatzitakoa da, Arrasateko Uribarri Atutxako Andar Marian. Gutun bat da: Carta de tregua y perdón otorgada por Martín Sánchez de Marzana, señor del solar de Axpe de Marzana en favor del Concejo de Mondragón por la tala y quema de la torre de Marzana, ocurrida en 1387.
Gerediagako Batzar Nagusiak aitatzen dituan gutun horren irakurketea egingo da ekitaldian, baina horretarako, jantza eta antzerkia buztartuko dituan ikuskizun laburra izango da.
'Durangaldeko teila'
1997tik emoten dau Gerediaga Elkarteak Durangaldeko Teila oroigarria. Eskualdean egindako lanagaitik edota eskualdea bera ezagutzera emoteko egin dauen ekarpena eskertzen jako holan Durangaldekoa ez dan pertsona bati. Oroigarria urte birik behin emoten da.
Aurten, Jose Luis Muñoyerro 'Munitibar' kazetariak jasoko dau Gerediaga Elkartearen eskerrona. Bilbon jaio zan 1925ean. Madrilen lizentziau zan kazetari. Lehenengo La Gaceta del Norte egunkarian eta gero, El Correo Español-El Pueblo Vasco egunkarian idatzi eban. Herri kiroletako kronikak idazten hasi zan eta gogoan dauka Durangaldera lehenengo Abadiñoko proben kronika bat idazteko etorri zala. Harrezkero, herri kiroletako ekitaldiez aparte, folklorea, historia eta euskal kultura zituan berbagai. Durangaldean, Gerediaga Elkarteak egiten zituan ekitaldi guztietako kronistea izan zan. Amaitu barri dan Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokearen lehen edizinoaren lekuko zuzena izan zan eta Euskal Herriko Artzain Txakurren Txapelketak preparetan be lagundu eban.
Kazetaritza lanak, batez be, aitatutako bi egunkarietan egin arren, bestelako aldizkari eta argitalpenetan be idatzi eban. Tarteka, Pirenayca aldizkarian mendi-artikuluak idatzi zituan. Hiru liburu be azpimarratu daitekez argitaratu dituan artean: Lartaun, Eguzki semea (1960), Pasos sobre el fuego y Cuentos y Leyendas del País Vasco (1966) eta Ilargian eurekera (1967).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!