Eusko Ikaskuntzak Jose Antonio Arana Martijari emon deutso 2010eko Manuel Lekuona Saria

Bizkaie! 2010-12-21 14:44   sariak-autortzak

Bolada batean Frantzian erbesteratuta egon ondoren, Arana Martijak Humanidade eta Musika ikasketak egin zituan Gasteizko Seminarioan Zuzenbide eta Ekonomia Zientzietako lizentziaturea lortu baino lehenago. 1950eko hamarkadatik zenbait enpresatan egindako lanagaz batera garatu ditu musika, euskera, historia, folklore eta dokumentazino ikerketak.

Eusko Ikaskuntzak 2010eko Manuel Lekuona Saria José Antonio Arana Martijari (Gernika, 1931) emotea erabagi dau, mende erdi luzean izandako euskal kultureagazko konpromiso eta lanaren onarpen legez, Eusko Ikaskuntzako iturriek iragarri dabenez.

Bolada batean Frantzian erbesteratuta egon ondoren, Humanidade eta Musika ikasketak egin zituan Gasteizko Seminarioan Zuzenbide eta Ekonomia Zientzietako lizentziatura lortu baino lehenago. 1950eko hamarkadatik zenbait enpresatan egindako lanagaz batera garatu ditu musika, euskera, historia, folklore eta dokumentazino ikerketak.

XX. mendearen bigarren erdialdeko euskal musikearen ikerketa eta dibulgazinoan irudi aktiboenetakotzat joten da. Arana Martijaren lana zabala da eta, zentzu askotan, oraindino gainditu bakoa. Hori da 1976an argitaratu eta ondoren berrargitaratu dan Música Vasca liburuaren kasua, lekuko musikearen historiaren inguruan egindako lehen bilduma-lan global, zabal eta dokumentatua izan zan eta orain arteko bakarra da.

Aitatzekoak dira baita Santa Cecilia eta Gernikako Andra Mari abesbatzen sorreran eta zuzendaritzan egindako lanak. Ganera, nabarmentzekoak dira euskal musika sistemea hobetzeko egindako txostenak.

Euskaltzaindiko liburuzain 1978tik eta euskaltzain oso 1988tik, José Antonio Arana Martijak lan handia egin dau dokumentalista eta bibliografo legez, katalogo, kantutegi eta bestelako bilduma garrantzitsuak sortuz.

Eusko Ikaskuntzako kide, Musika Saileko presidente izan zan 1987 eta 1990 artean. Euskalerriko Adiskideen Erret Alkarteko eta Eusko Ikasketen Institutu Amerikarreko kide da.

Frankismo garaian zenbaitetan kartzelara eroan eban bere konpromiso politikoa ezin da aitatu barik itxi. Demokraziagaz bat, Gernikako zinegotzi eta Bizkaiko Batzar Nagusietarako batzarkide aukeratu eben.


Manuel Lekuona Saria

Manuel Lekuona Saria 1983an sortu eban Eusko Ikaskuntzak euskal kulturako personalidadeen onarpen legez, beti be, obra guztiak (opera omnia) interes nabarmena badau.

Aurreko edizinoetan saritutakoen artean honakoak dagoz, besteak beste: Jorge Oteiza, José Miguel de Azaola, Justo Gárate, Bernardo Estornés, Carlos Santamaría, José Mª Jimeno Jurío, Eugène Goyheneche, Micaela Portilla, Elías Amézaga, Menchu Gal edo Manuel Lekuona bera.

Saritzat Remigio Mendiburuk sortutako brontzezko eskultura bat emongo jako saridunari, oraindino zehaztu barik dagoan egunean egingo dan ekitaldi publiko batean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu