UPV/EHUk Mikel Laboari omenaldia lehiaketearen lehen edizinoko sariak banatu ditu

Bizkaie! 2010-12-02 10:11   sariak-autortzak

Lehen edizino honetan, 76 lan aurkeztu dira hiru modalidadetan banatuta: 48 irudia modalidadean (34 arte plastikoetan eta 14 ikus-entzunezkoetan), 18 musikan eta 10 idazketan.

UPV/EHUk Mikel Laboari omenaldia lehiaketearen lehen edizinoko sariak banatu ditu bart. Lehiaketa hau UPV/EHUk deitu eban igazko abenduan euskal artistearen heriotzearen lehen urteurrenagaz bat eginaz, eta aurrerantzean urtero deituko da. Lehiaketea UPV/EHUko graduko eta graduondoko ikasleei zuzenduta egon da eta, lehen edizino honetan, 76 lan aurkeztu dira hiru modalidadetan banatuta: 48 irudia modalidadean (34 arte plastikoetan eta 14 ikus-entzunezkoetan), 18 musikan eta 10 idazketan.

Sari banaketa ekitaldian parte hartu dabe Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko erretoreak, Jon Irazusta Euskera eta Eleaniztasun erretoreordeak eta Marisol Bastida Mikel Laboaren alargunak.

'Sari honek gure herriak emon dauen artistarik handienetariko baten bizitza eta obreagazko gure unibersidadearen konpromisoa adierazoten dabe', esan dau Iñaki Goirizelaia erretoreak ekitaldian. 'Mikel Laboa izan da, eta jarraitzen dau izaten, adibiderik onenetariko bat ikusteko zelan sustraitzen dan artista baten obra herri baten kontzientzian', erantsi dau.

Lehiaketearen epaimahaia Bernando Atxaga idazleak, Iñaki Salvador musikariak, Josu Rekalde UPV/EHUko Arte Ederretako dekanoak eta Xabier Agirre fakultate bereko irakasleak osotu dabe, eta honako sari honeek emotea erabagi dabe:


Idazketa sariak:

• Euskaraz: Oroitzen zaitudanean Mikel, Maider Etxaniz Iriondo, Antropologia ikaslea. Testua alkarrizketa legez dago aurkeztua eta xake partida bat erabilten dau Mikel Laboaren kantuen gogoeta filosofiko eta poetikoa egiteko. Epaimahaiaren esanetan, 'Egileak Mikelen lana ondo ezagutzen dauela frogatu dau eta euskera maila jasoa dauka. Era berean, azpimarratzekoak dira autore klasikoen eta kultura unibersalaren aitamenak eta ezagutza'.

• Gazteleraz: Komunikazio/Inkomunikazio, Marta Bocos García, Musika Hezkuntzako Magisteritza ikaslea. Testua eta irudia tartekatzen ditu lan honek, ukitu minimalistakaz. Mikel Laboa oso ondo ezagutu eban mediku bati egindako alkarrizketea be gehitzen dau. Epaimahaiak nabarmendu nahi izan dau 'maitasun handiagaz eta estetika oso zainduagaz' egindako lana dala.


Irudia sariak

• Arte plastikoak: Aika mutil eskulturea, Manu Uranga Aizpurua, Arte Ederretako ikaslea. Epaimahaiko kideek adierazo dabenez, 'Eskultura honek berehala atrapatzen dau begiradea hainbat kontraste dinamikoren bitartez: horizontala eta bertikala (sendoa eta arina), koloreak (berde bizi-bizia eta baltza), materialtasuna (gai konstruktiboaren zurruntasuna eta teniseko pilotaren malgutasuna eta biguntasuna, objektu ludikoa). Mikrofonoaren irudia jatorku burura, gaiagaz bat datorrena, baina ironiaren laguntzaz anekdota hutsean jausi barik'.

• Ikus-entzunezkoak: Arnas-itoan bideoa, Irati Gorostidi Agirretxe, Arte Ederretako ikaslea. 'Lan honek Mikel Laboaren ahotsa, eta batez be bere berba bako hotsa, irudiaren arnas ito bategaz sinkronizetan dau. Jaiotzea eta heriotzea, lehen eta azken arnasa izango balira legez ekartzen deuskuz', adierazo dabe.


Musika sariak

• Bi sari emon dira, ondorengo bi lan honeei:
o Txoriak Txori eta Gernika, Fernando Richter Iturregi (Soziologia ikaslea) eta Borja Muro de la Herrán.
o Laboari Biraka, Ainara Ortega Barrenetxea (Psikologia ikaslea) eta Joana Ortega Barrenetxea (Antropologia ikaslea).

Atal honetan saritutako bertsino bien jatorria Mikel Laboaren errepertorio zabaleko funtsezko kantu bi dira. Sarituek sormenaren eta interpretazino bereziaren aldeko apustua be egin dabe. Epaimahaiak balorau dau 'egitura tradizionalenetik esperimentalenera egin daben ibilbide ederra. Lan biek, era berean, era koherentean dabilz minimalismoaren eta soinu doi baten artean, beti be ‘laboatar’ estetikara garoazan berotasun faltarik barik'.


Aitamen Berezia

Mikel Laboari omenaldia lehiaketako epaimahaiak Leire Fernández Iñurritegik aurkeztu dauen lanari aitamen berezi bat egitea erabagi dau. Irakasle eta ikasleek egindako liburua da eta, epaimahaiko kideen esanetan, 'irudien bilduma hau Mikelen inguruko proiektu oso interesgarri baten kimua izan daiteke'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu