Fermin Etxegoienek irabazi dau Euskadi Saria 'Autokarabana' nobeleagaz

Bizkaie! 2010-10-25 15:11   sariak-autortzak

Epaimahaiak nabarmendu dau 'euskaldunen kronika zehatza eta euskal munduaren kritika ironikoa' egin dituala Etxegoienek lan horretan. Kooperatiba batean lan egiten dauen 40 urteko gizonezko baten gorabeherak jasoten ditu liburuak.

Aurtengo Euskadi Saria Fermin Etxegoien (Oñati, 1966) idazle, kazetari eta gidoilariak irabazi dau, igaz Pamiela argitaletxeagaz argitaratutako Autokarabana nobeleagaitik. Epaimahaiak nabarmendu dau 'euskaldunen kronika zehatza eta euskal munduaren kritika ironikoa' egin dituala Etxegoienek lan horretan. Kooperatiba batean lan egiten dauen 40 urteko gizonezko baten gorabeherak jasoten ditu liburuak.

Idazlea bera pozik agertu da sariagaz Blanca Urgell Jaurlaritzako Kultura sailburuagaz egindako agerraldian, eta Autokarabana-k egindako ibilbidea azpimarratu dau. Izan ere, 3. edizinoa kaleratzear dago eta Euskadi Sariaren aurretik Kritikaren Saria be jaso eban.

Autokarabana-ren aurretik Neurone eta zeurona saiakerea plazaratu eban Etxegoienek 2004an. Horrezaz gan, ibilbide luzea egin dau irratian -Bilbo Hirian zein Euskadi irratian-, ikus-entzunezkoen gidoigintzan, eta prentsan eretxi-emole.


Gaztelaniazkoa: Jose Fernandez de la Sota

Gaztelaniazko literatur lan onenari Euskadi Saria Jose Fernandez de la Sotari (Bilbo, 1960) emon deutso epaimahaiak Vacilación poesia liburuagaitik. Lanaren 'egitura orijinala eta forma aldetik daukan distirea' azpimarratu ditu epaimahaiak. Fernandez de la Sotak ibilbide luzea egin dau literaturan: bederatzi poema liburu, eleberri bat, lau narrazino sorta eta saiakera bat ditu argitaratuta, eta baita biografia eta gida liburuak be. Era berean, aurretik ere hainbat sari jaso ditu, batez be, poesiaren arloan. Zurgai poesia aldizkariaren arduradunetako bat da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu