Joxean Agirrek irabazi dau Augustin Zubikarai nobela-bekea
2010-09-29 17:32 sariak-autortzak'Zwei frauen' dau behin-behineko izenburu Joxean Agirreren proiektuak. Bertan, literatura bera eta bikote-bizitza hartuko ditu gai nagusitzat, eta lau parte izango ditu lanak, lau 'imitazino' egileak dinoan legez, bakotxean idazle baten eragina edo itzala atzemongo baita.
Joxean Agirre idazlearen proiektu batek irabazi dau Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen daben Augustin Zubikarai saria. Aurreko bederatzi urteetan nobela laburrentzako lehiaketea izan dana, 2010etik aurrera formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu da. Lehen deialdi honetan bederatzi lan aurkeztu dira, eta horreen artean Agirreren proposamena aukeratu dau Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osotutako epaimahaiak.
'Zwei frauen' dau behin-behineko izenburu Joxean Agirreren proiektuak. Bertan, literatura bera eta bikote-bizitza hartuko ditu gai nagusitzat, eta lau parte izango ditu lanak, lau 'imitazino' egileak dinoan legez, bakotxean idazle baten eragina edo itzala atzemongo baita: Bertrand Morane, Dostoievski, Robert Walser eta Mario Levrero hirugarrenean, eta Max Frisch azkenik.
Epaimahaiak nabarmendu dau, batetik, proiektuaren interesa eta balio intelektuala, eta, bestetik, aurkeztutako laginaren idazkera malgu eta iradokitzailea, umorea eta sentsualtasuna buztartzen dituana.
Urtebete izango dau egile sarituak bere asmoa biribiltzeko, eta 2011ko urte hondarrean kaleratuko dau Elkar argitaletxeak lan amaitua. Bestalde, Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak martxan dabe dagoeneko Augustin Zubikarai sari honen hurrengo deialdia, eta 2011ko irailaren 1era arte aurkeztu ahal izango dira nobela proiektuak Ondarroako Udaletxean.
Joxean Agirre 1949an jaio zan Azpeitian eta Zarautzen bizi da gaur egun. Soziologoa da ikasketaz eta kazetaria lanbidez, hainbat komunikabidetan jarduna, kultur gaiak landuz ia beti. Literaturan, obra labur baina guztiz estimatua osotu dau azken bi hamarkadetan idatzitako eleberriakaz: 'Gizon bat bilutsik pasiloan barrena', 'Elgeta', 'Romain zen bere izena' eta 'La lutte finale'.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!