Alvaro Ortizek irabazi dau AlhondigaBilbaoren hirugarren komiki-bekea
2010-07-20 11:47 sariak-autortzakAlvaro Ortizek irabazi dau AlhóndigaBilbaoren hirugarren komiki-bekea. Zaragozako gazte hau beste 32 pertsonagaz batera aurkeztu zan AlhóndigaKomik bekearen hirugarren edizinora.
Alvaro Ortizek irabazi dau AlhóndigaBilbaoren hirugarren komiki-bekea. Zaragozako gazte hau beste 32 pertsonagaz batera aurkeztu zan AlhóndigaKomik bekearen hirugarren edizinora (Estadu mailan, komikiaren panoraman dagoan bekarik ospetsu eta osoenetakoa da).
Ortizek Angulemako (Frantzia) Egileen Etxean (La Maison des Auteurs) gozau ahal izango dau bekaz. Egileen Etxea Angulemako Komikiaren eta Irudiaren Nazinoarteko Uriko (Cité Internationale de la Bande Dessinée et de l’image) ekipamendua da.
AlhóndigaBilbaoren ekimen hau lankidetza hitzarmen zabal baten barruan dago, 'Cité Internationale de la Bande dessinée et de l´image' dalakoagaz sinatutako hitzarmenaren barruan. Modu horretan, komikiagaz eta moemntu honetan gorantz doazen beste joera batzuekaz lotutako ekimenak sustatzen dira.
Egileen Etxea
Egileen Etxea komikiei eta ikus-entzunezko beste arte batzuei (animazinoko zinema, bideo-jokoak eta abar) zuzendutako nazinoarteko zentro ospetsua da, eta, bertan, lan baldintza egokiak emoten jakez zenbait egileri, aurretiaz aukeratutako beren proiektua garatzeko. 2002an zabaldu zanetik, 'La Maison des Auteurs' zentroak ehun autore baino gehiago hartu ditu bere barruan: hasibarriak zein profesionalak, Frantziakoak zein beste herrialde batzuetakoak. Egile horreek guztiek dobako ekipamendu-markoa (tailer indibidual edo kolektiboa) izan dabe eskura, irudiak sortzeko behar izan daben material guztiagaz (postu informatikoa, marrazteko taula, eskanerra eta abar). Beste espazio batzuk be eskaintzen jakez bekadunei; esate baterako, informatika eta erreprografia aretoa, dokumentazino aretoa, erakusketa eta hitzaldi aretoa, besteak beste.
Clara-Tanit Arqué katalana izan zan lehenengo edizinoko bekearen irabazlea, eta Martín Romero galiziarra, barriz, bigarrenekoa. Izan be, Martín Romero bere komiki-proiektua ari da garatzen gaur egun 'La Maison des Auteurs' zentroaren instalazinoetan.
Beka hau AlhóndigaBilbao komikia sustatzeko egiten ari dan ekimenen barruan kokatuta dago. Holan, Aisialdi eta Kulturarako zentroa, genero honentzako baliabidea izango da, komikien sorrerea sustatzea eta literatur eremu horretan sortzaile barriak agertzea baita helburua. Ekimenaren asmoa sorkuntzea bultzatzea eta komikiaren munduan talentu barriak sorrarazotea da.
Irabazlea
Álvaro Ortizek (Zaragoza, 1983) Bartzelonako Masana Eskolako Ilustrazinoko Goi Mailako Zikloa egin dau eta Diseinu Grafikoan diplomatua da, Aragoiko Diseinuko Goi Eskolan. Bartzelonako 2009ko Komikiaren Aretoan, egile barririk onenaren Josep Toutain sarirako izentauta egon zan, 'Julia y la voz de la ballena' lanagaitik. Bere argitalpenen artean, 'Julia y la voz de la ballena' (2009) eta 'Julia y el verano muerto' (2005) dagoz, biak ala biak Edicions de Ponent argitaletxeak argitaratuta. Gainera, kolaborazinoak egiten ditu hainbat argitalpenetan; besteak beste, El Heraldo de Aragón egunkarian.
Bestetik, Ortizek 'El cómic de la democracia española, 1975-2005' erakusketa kolektiboan be hartu eban parte. Erakusketa hori Cervantes Institutuak antolatu eban, eta Brusela, New York eta Sao Paulon ikusi ahal izan zan, 2006tik 2008ra.
AlhóndigaBilbao-Komikia bekeak eskaintzen dauena
• Ostatua apartamentu batean, gehienez be, hamabi hilabetera arte (elektrizitatea, gasa eta ura, bekadunaren kontura).
• Egileen Etxeko ekipamendu eta zerbitzu guztiak erabilteko aukerea.
• Mila euro hilean, gehienez urtebetez.
• AlhóndigaBilbaok, bere aldetik edo espezializautako argitaletxe bategaz lankidetzan, proiektua argitaratzeko aukerea aztertuko dau, bekea amaitu eta hurrengo urtearen barruan. Proiektua argitaratu ezkero, euskeraz eta gaztelaniaz argitaratuko litzateke.
Epaimahaia
Epaimahaia marrazkilariz, gidoilariz eta kritikari espezializatuz egon da osotuta, danak be, ospe handikoak. Edizino honetan, epaimahaiburua Ana Miralles izan da, eta honakoak izan dira epaimahaikideak: Pasqual Ferry, José Mª Berenguer, Juan Manuel Díaz de Guereñu, Toni Guiral eta Antonio Altarriba. Lewis Trondheim-ek, Denis Lapièrek, Matthieu Bonhommek eta Etienne Lécroart-ek Parisko epaimahai internazionalean parte hartu dabe.
‘100 x 100 Komikia’ eta 'Urtebete Anguleman' Komikiari buruzko erakusketak AlhóndigaBilbaon
Abuztuaren 20ra arte, komikiaren iragana eta orainaldia ezagutzeko aukerea emoten daben erakusketa interesgarri eta pedagogiko bi egongo dira AlhóndigaBilbaoko Mediatekan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!