Urrezko Luma saria Euskaltzaindiarentzat

Bizkaie! 2010-06-09 14:37   sariak-autortzak

Erakundearen izenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak jaso dau gaur Urrezko Luma saria 90 urteko ibilbidean egindako lanagaitik. Euskerearen akademiak igaz bete zituan 90 urte.

Erakundearen izenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak jaso dau gaur Urrezko Luma saria 90 urteko ibilbidean egindako lanagaitik. Euskerearen akademiak igaz bete zituan 90 urte.

Saria Jon Iñaki Zarraga BFAko Kultura zuzendariaren eskutik jaso dau eta Bilboko Liburu Azokearen opari eta autortza moduan jasotea sano hunkigarria eta atsegina dala eta saria bihar-etzirako lanaren pizgarri izango dala adierazo ondoren, hiru ideia nabarmendu ditu Andres Urrutiak: alde batetik, kolektibo bati emondako saria dala; bestetik, Euskaltzaindiak euskal kultura eta euskerearen sustapenaren alde egindako lana aspalditik datorrela esan dau, egoera eta garai guztietan lan egin behar izan dauela erakundeak eta liburuakaz zein argitalpenakaz lotura zuzena izan dauela beti. Edozelan be, Euskaltzaindia liburuez harago doala adierazo dau euskarri informatikoak erabilteko apustu garbiagaz. Azken buruan, saria Euskaltzaindiak jaso arren, erakundeen eta siglen atzean personak be badagozala gogoratu eta 90 urteko ibilbidean asperbako lana egin daben guztiak goraipatu ditu.

Bilboko 40. Liburu Azokaren harian, Antonio Muñoz Molinak be saria eskuratuko dau gaur Elvira Lindo idazleak lagunduta. Arratsaldeko 19:30ean, barriz, Bidebarrieta Kulturgunean, Antonio Muñoz Molinaren berbaldia izango da Iñaki Esteban kazetariaren galderei erantzun ostean.

Bilboko 40. Liburu Azokeak datorren domekan, bagilaren 13an, zarratuko ditu ateak eta geratzen diran egunetan makinatxu bat ekitaldi izango dira; berbarako, bihar, hilak 10, Toti Martinez de Lezea, Jon Arretxe eta Roberto Mosok euren lan barriak aurkeztuko ditue goizean eta eguerdiko 14:00etan, Euskal Idazleen XII. Topaketea izango da Abando Hotelean eta arratsaldean, 'Euskal literaturea gaur' izenburupeko mahai-inguruan, Katixa Agirrek, Unai Elorriagak eta Irati Jimenezek parte hartuko dabe. Era berean, Yolanda Maruelo ('De Bilbao de toda la vida') eta Carlos Bacigalupe ('Manuel Aranaz- castellanos, pintor literario de Bilbao') liburuak sinatzen egongo dira.

Barikuan, hilak 11, barriz, Antonio Alvarez Solisek 'Asi veo Euskal Herria', Iñaki Gonzaloren 'Cómo no quererte' eta Alba eta Remedios Garcíaren 'Ni una palabra más' lanak aurkeztuko ditue.

Arratsaldeko 19:30ean, literaturearen norabide barriaz berba egingo dabe Kirmen Uribek eta Isaac Rosak.


Euskal idazleak protagonista

Zazpi Kale saria emon eutsien atzo Katixa Agirreri 'Habitat' lanagaitik eta gazteiztar egilea sano pozik azaldu zan Zazpi Kaleakaz lotura estua daukala eta testuetara eroan dituan kontu asko hortik atara dituala autortuz.

Horrezaz gan, Miren Agur Meabe idazleak eta Eider Eibar marrazkigileak 'Olatu guztien gainetik' liburua aurkeztu eben, txiki zein handientzako ipuin luzea.

Atzoko protagonisten artean, Nerea Pedraz 13 urteko idazle bilbotarra izan zan izarra, azokan liburua aurkeztu dauen idazle gazteena, 'Un amigo es el tesoro más preciado', hain zuzen be. Barnetegi batera sartzen dan neska baten pasadizuak kontetan ditu nobelan, bertan adiskidetasuna eta maitasuna lako gaiak jorratuz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu