Maite Agirrek bere hirugarren Max Saria jaso dau

Bizkaie! 2010-05-05 10:50   sariak-autortzak

Garbi Losadagaz batera sortutako ‘Putzuak lehortzen’ antzezlanari esker jaso dau euskerazko antzerki testu onenari saria.

Maite Agirre hirugarrenez subertau da Euskerazko Antzerkigile Onenari Max Sarien irabazle, 'lehenengoa jaso neban ilusino maila beragaz'. Antzerki idazle, jokalari eta zuzendariak oraingo honetan Garbi Losadagaz batera sortutako ‘Putzuak lehortzen’ antzezlanari esker jaso dau Max Saria arte eszenikoen munduan lan egiten daben kideek holan erabagita: 'Lankideek emondako saria da eta beraz, zure lana jarraitu eta atsegin dabela esan nahi dau horrek. Alde horretatik, bihotza altzau egiten dau'.

2008ko martian estreinau zan 'Putzuak lehortzen', Maite Agirre berak Ander Lipus, Joseba Usabiaga eta Inés Martínez de Iturrate oholtza kide zituala. Bi urtetako ibilbidean hainbat sari jaso zituan, besteak beste, Torrejon de Ardozeko Udalak antolatzen dauen Emakume Zuzendarien Saria. Halan da be, gaur egun beste egitasmo batzuei bide emoten ari dala-eta, baztertu izan dabe ikuskizun hau, nahiz eta Mozanbikeko Luarte konpainiagaz batera egokitzapen berezia egiteko aukerea dagoan.

Amodio kontuak jorratzen dira Putzuak Lehortzen Agerre Teatroren azken lanean. Garbi Losadaren zuzendaritzapean, amodio istorio baten iragana eta egungo garaia jorratzen ditue antzezlanean, Ander Lipus eta Maite Agirre gaurko Ramón eta Ramonaren azalean sartuz eta Joseba Usabiaga eta Inés Martínez de Iturrate, barriz, orain hogei urte ezagutu ziraneko bikote gaztearen azalean. Ikuskizunak egitura zirkularra dauka eta akzinoa gau bakarrean garatzen da. Musikeak presentzia adierazgarria dauka istorioaren kontaketan, gainera, Inés Martínez de Iturrate bera izan da musika sorkuntza lan guztien arduraduna eta akordeoia, txeloa eta kitarra zuzenean joten ditu.

Maite Agirre (Zarautz, Gipuzkoa, 1955) euskal aktorea da. Bartzelonako Unibersidade Autonomoan Psikologia ikasten egoala, Dagoll Dagom antzerki-konpainia sortu eban Joan Ollégaz. Konpainia honetan Mario Gas eta Lluis Pasqualegaz lan egin eban, baina handik urte gitxira Domus de Janas konpainia italiarragaz Europatik biran joan zan. Hamar urte geroago, Donostiara itzuli eta Agerre Teatroa konpainia sortu eban.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu