Blas de Otero-Bilboko Uria Nazinoarteko Poesia Sariaren hirugarren edizinoa martxan dago

Bizkaie! 2010-04-29 14:30   sariak-autortzak

Lehiaketeak 6.600 euroko bi sari banatuko ditu irabazle diran bi lanen artean, euskerazko eta gaztelaniazko modalidadeetan. Lanak paperean aurkeztu edo Bilboko Udaleko webgunearen bitartez bialdu ahal izango dirala, bagilaren 15a baino lehen.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak eta Blas de Otero Fundazinoak Blas de Otero-Bilboko Uria Nazinoarteko Poesia Sariaren hirugarren edizinoa deitu dabe, edozein nazionalidadetako eta edozein lekutan bizi diran egileei zuzenduta. Lehiaketeak 6.600 euroko bi sari banatuko ditu irabazle diran bi lanen artean, euskerazko eta gaztelaniazko modalidadeetan, antolatzaileek adierazo dabenez.

Lehiaketara aurkezten diran lanak jatorrizkoak eta argitaratu bakoak izan behar dira, eta beste sariketaren batean saririk edo akzesitik jaso bakoak. Ez dira jatorrizko lan legez onartuko aurkezten dan modalidadeko hizkuntzara beste hizkuntza batetik itzulitako lanak. Lanek 700 bertso izango ditue gitxienez, eta 1.000 gehienez. Gaia, errima eta neurria libreak izango dira.

Lehiaketearen oinarrietan ezartzen da lanak paperean aurkeztu edo Bilboko Udaleko webgunearen bitartez bialdu ahal izango dirala, bagilaren 15a baino lehen. Paperean aurkeztu ezkero, lanaren lau kopia bialdu beharko dira Abando-Barrainkuako Udaltegira. Udaleko webgunearen bitartez aurkezten diran lanei jagokenez, egileak bere datuakaz bete beharko dau formularioa eta poema-bilduma PDF formatuan bialdu. Epaimahaiaren erabagia urrian jakingo da.

Blas de Otero-Bilboko Uria Nazinoarteko Poesia Sariaren aurreko edizinoa Francisco Lopez Serrano idazle zaragozarraren 'Camino de Vuelta' lanak jaso eban, gaztelaniazko modalidadeari jagokonez, eta euskerazko modalidadea hutsik geratu zan. Literatur lehiaketak gaztelaniaz idatzitako 90 lan eta euskeraz idatzitako hiru jaso zituan.

Literatur sariketearen lehenengo edizinoa Jose A. Ramirez Lozano badajoztarrak irabazi eta euskerazko atalean irabazlea Fertxu Izquierdo iruindarraren 'Telebista antenetan atsedena hartzen dute txoriek' lanak jaso eban. Lan horreek orain dala gitxi argitaratu ditu Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak.

Blas de Otero-Bilboko Hiria Saria 2008an sortu eban Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, poeta bilbotarraren legadua kudeatzen dauen Blas de Otero Fundazinoagaz alkarlanean. Lehiaketearen helburuak literatur sorkuntzea sustatzea eta bilbotarren artean uriak emon dauen idazle handienetako baten irudia ezagutarazotea dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu