‘Dantza Plazetan’, euskal jantzak kalerik kale

Bizkaie! 2010-04-23 12:03   Kulturea

Euskal folklore herrikoia sustatzeko helburuagaz, herrietako plazetan egiten ziran erromeriak, jantza erakustaldiak eta kalejirak gogoratuz, hainbat ekimen preparau ditue datozan hileotarako Bilbon.

Bederatzi erromerik, kalejirak eta jantza erakustaldik osotzen dabe Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, euskal folklore herrikoia sustatzeko helburuagaz, herrietako plazetan egiten ziran erromeriak, jantza erakustaldiak eta kalejirak gogoratuz, martxan jarri dauen ‘Dantza Plazetan’ egitarauaren bigarren hiruhilekoaren egutegia. Egitaraua aurrera eroan ahal izateko, Udalak Bilboko sei jantza talderen eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarra federazinoaren laguntzino aktiboa dau.

Urte osoan banatutako erromeria eta emonaldi gehienak asteburuetan eskainiko dira, baina egitarauaren barruan badago, baita, astegunetan eskaintzen dan erromeriaren bat. Ekimen honen alderdi esanguratsuenetakoa da, ohiko alardeen erakusketeagaz batera, badagozala partaidetzan oinarritutako beste momentu batzuk be. Jantzariek bertan dagozan lagunak konbidetan ditue jaialdian parte hartzera.

Bigarren hiruhilekorako programau diran jarduerak asteburu honetan eskainiko diran hiru ekitaldi izango dira. Zapatuan, apirilak 24, hileroko erromeria egingo da Santiago plazatxoan (Zazpi Kaleetan), arratsaldeko 20:00etan, Salbatzaile Dantza Taldearen eskutik. Domekan, apirilak 25, /Elorrietan /Deustu) Ondolan eta Bihotz Alai Dantza Taldea izango dira, 11:30ean eta 12:30ean, hurrenez hurren.

Hortik aurrera, bigarren hiruhilekoan ekitaldiak eskainiko dituen taldeak honako honeek izango dira: Bihotz Alai Dantza Taldea birritan egongo da, Arangoitin eta Deustuko Ibarrekolandan; Ondalan, maiatzean egongo da Elorrietan; Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak alardea eta erromeria eskainiko ditu Areatzan eta, azkenik Salbatzaile Dantza Taldea, Santiagoko plazatxoan maiatzean eta bagilean eskainiko diran bi erromerietan egongo da.

Bigarren hiruhilekoan eskainiko diran emonaldiak honeek dira:

Apirilak 24, 20:00etan, Santiago pl. Salbatzaile Dantza Taldea
Apirilak 25, 11:30ean, Elorrieta. Ondalan
Apirilak 25, 12:30ean, Deustua. Bihotz Alai Dantza Taldea
Maiatzak 2, 11:30ean, Elorrieta. Ondalan
Maiatzak 8, 13:30ean, Arangoiti. Bihotz Alai Dantza Taldea
Maiatzak 8, 19:00etan, Areatza. Bizkaiko Dantzarien Biltzarra
Maiatzak 29, 20:00etan, Santiago pl. Salbatzaile Dantza Taldea
Maiatzak 30, 13:30etan, Ibarrekolanda. Bihotz Alai Dantza Taldea
Bagilak 23, 21:00etan, El Karmelo pl. Gazteri Dantza Taldea
Bagilak 26, 20:00etan, Santiago pl. Salbatzaile Dantza Taldea

Emonaldien egutegi osoa www.bilbao.net Bilboko Udaleko web gunean edo uritarren informazinorako 010 telefono zenbakian kontsultau daiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu