Gerediagak 'Topaleku Saria' jasoko dau

Bizkaie! 2010-04-21 17:30   sariak-autortzak
Apirilaren 24an, Iurretako Euskaltzale Egunagaz bat, Karmelo Etxenagusia omenduko dabe

Domeka honetan, apirilak 25, eguerdiko 12etan, Donostiako Via Foran, Gerediaga Alkarteko lehendakari Nerea Mujikak jasoko dau saria. Bestalde, egun bat lehenago, apirilaren 24an, Iurretan egingo dan 2010eko Euskaltzale egunaren barruan, Gerediagak eta Iurretako Udalak, Euskaltzaindia, Labayru ikastegia, Bilboko Gotzaintza eta Iurretako kofradien laguntzinoagaz, Karmelo Etxenagusiari eskainitako oroimen-ekitaldia izango da.

2009ko Topalekua Saria, katalandar kultura Euskal Herrian zabaltzeagaitik, Gerediaga Alkarteari emotea erabagi eben igazko Diada egunean. Sari hori Durangoko euskal liburu eta disko azokan Institut Ramon Lull-egaz izandako alkarlanaren emoitzea da. 2009ko azokan kultura katalana gai nagusia izan zan Durangon.

Domeka honetan, apirilak 25, eguerdiko 12etan, Donostiako Via Foran, Gerediagako lehendakari Nerea Mujikak jasoko dau.


Iurretan, Euskaltzale Eguna 2010

Egun bat lehenago, apirilaren 24an, Iurretan egingo dan 2010eko Euskaltzale egunaren barruan, Gerediagak eta Iurretako Udalak, Euskaltzaindia, Labayru ikastegia, Bilboko Gotzaintza eta Iurretako kofradien laguntzinoagaz, Karmelo Etxenagusiari eskainitako oroimen-ekitaldia izango da.

Iurretako Ibarretxe Kultur Etxean, eguerdiko 12:00etan egingo dan ekitaldi horretan, Karmeloren bizitzako alderdi desbardinak gogoratuko dira. Karmeloren erlijino alderdia jorratuko dau Angel Mari Unzuetak Bilboko Gotzaindegiaren izenean; Igone Etxebarriak Karmelok irakaskuntzan egindako bidea eta ekarpenak gogoratuko ditu, Labayru Ikastegiaren ordezkari moduan; eta Adolfo Arejitak, Euskaltzaindiaren izenean, Karmelok euskerearen eta euskal literaturearen ikerketan egindako bideari oratuko deutso.

Gerediagak, Euskaltzale egunagaz, Durangaldeko emakumeek eta gizonek euskerearen alde egindako lanak ezagutzera emon gura ditu.


Karmelo Etxenagusia (1932/2008)

Iurretan jaio zan, 1932ko apirilaren 24an, Ertzilbengoa baserrian; eta Bilbon hil, 2008ko zemendiaren 6an.

1955eko bagilaren 25ean, prebistero ordenatutakoa, Comillaseko Pontifize Unibersidadean Zuzenbide Kanonigoan lizentziau zan. Apaiztegi diozesiarrean eta kurian lan egin eban, idazkari kantziler eta bikario orokor moduan.

Begoñako Santutegiko parroko eta errektorea izan zan eta Katedraleko kalonjea. 1995eko irailaren 8an, gotzain laguntzaile izentau eben eta, ondoren, gotzain, urte bereko zemendiaren 9an. 2008ko zezeilaren 5ean dimitidu egin eban araututako edadea bete ebalako.

1970ean, Mikel Zarategaz Ander Manterolagaz eta apaiz diozesiar talde bategaz, Derion, euskaltzaleen alfabetizazinora zuzendutariko euskera ikastaroak antolatu zituen. Ekimen horretatik eta Movimiento Derio deitutako talde bultzatzaile horretatik Bizkaiko Eleizako Artxibo Historikoa eta Eleizbarrutiaren museoa sortu ziran.

Euskaltzaindiako kidea izan zan eta Labayru Ikastegiagaz lotura zuzena eukan. 1965ean, euskaltzain urgazle izentau eben eta 1998ean ohorezko kide. Euskera batuaren oinarriak erabagi ziran batzarrean parte hartu eban (Arantzazu 1968).

Euskal literaturearen bost antologia eta milaka artikulu idatzi zituan euskeraz. Batikanoko II kontzilioaren ondorengo liturgiaren euskeratze-lantaldean parte hartu eban, 1970ean. 2002an EIZIEk ohorezko bazkide izentau eban eta 2003an Bilboko liburu azokako Urrezko Luma Saria jaso eban.

Bere jaioterriagaz lotura estua izan eban, baita Durangaldeagaz be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu