Rikardo Arregi XXII. Kazetaritza Sariak 16.000 euro banatuko ditu

Bizkaie! 2010-04-20 14:15   sariak-autortzak

Lan bakotxeko seina kopia bialdu behar dira Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzura.

Andoaingo Udalak (Gipuzkoa) eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak antolatzen daben Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren 22. edizinoak 16.000 euro banatuko ditu. Hiru izango dira sariak: Sari Nagusia, Xabier Laka eskultorearen garaikurraz eta 9.000 euroz hornitua; Kazetari Barria deiturikoa, garaikur eta 3.000 euro garbiz saritua; Epaimahaiaren Sari Berezia deiturikoa eta 4.000 euroz hornitua dagoana.

Lehiaketearen aurkezpena gaur izan da, Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitzan eta bertan izan dira Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Estanis Amutxastegi Andoaingo alkatea eta Patxi Baztarrika Andoaingo Udaleko Euskera teknikaria eta epaimahaiko idazkaria.

Epaimahaiaren Sari Bereziari jagokonez, Sari Nagusirako hautagaien artetik, epaimahaiak saritu nahi dauen erispide jakin bati jarraituz emongo da. Edizino bakotxean osotzen dan epaimahaiak aukeratuko dau zein erispide nabarmendu nahi dauen. Epaimahaiaren azken erabagian argituko da epaimahaiak zein erispideren arabera emon dauen Epaimahaiaren Sari Berezia.

Era berean, euskal kazetaritzearen historian ezinbesteko erreferentzia izan diran erakunde, ekimen eta pertsonei Ohorezko Aipamena egiteko aukerea be autortu jako epaimahaiari.

Bestalde, antolatzaileek gogoratu dabe ezinbestekoa dala hautagaitzea aurkeztea gazteen sariari jagokonean. Hori, autoreek, komunikabideek edota sariaren helburuakaz zerikusirik dauen edozeinek egin leike. Beraz, dei egin deutsee kazetari gazteakaz lanean dabilzan hedabide nahiz pertsonei gazteen lanak aurkez daiezan. Kazetari Barria atalera aurkeztu ahal izango dira 27 urtez azpiko kazetariak.

2009ko maiatzaren 16tik 2010eko maiatzaren 9ra bitartean egunkari eta aldizkarietan edo irrati eta telebistetan euskeraz plazaratu izan diran lanek, zein aitatu epe eta komunikabide horreetan kazetaritza-lanak plazaratu dituenek daukie saria eskuratzeko aukerea. Ez dauka jenero mugarik. Lanak aurkezteko epea maiatzaren 15ean amaituko da. Lan bakotxeko seina kopia bialdu behar dira Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzura.

Epaimahaia ondorengoek osotzen dabe: mahaiburua Estanis Amutxastegi izango da, eta mahaikideak, Alazne Aiestaran, Allande Boutin, Odile Kruzeta, Joxe Rojas eta Arantxa Urretabizkaia; idazkari lanak, barriz, Patxi Baztarrikak egingo ditu.

Urtez urte gorpuzten joan da Rikardo Arregi Kazetaritza Saria. Helburuak euskerazko kazetaritzearen kalidadea, bikaintasuna eta barrikuntzea bultzatzea dira. Aurtengo sarituen barri udan izango da, Andoaingo Udaleko Bastero Kulturgunean egingo dan ekitaldian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu