Juanra Madariaga eta Fermin Etxegoienentzat Espainiako Kritikaren Sariak
2010-04-19 12:57 sariak-autortzakMadariaga 'Eroriaren logika' (Susa) poema bildumeagaitik saritu dabe poesiaren arloan, eta Etxegoien 'Autokarabana' (Pamiela) eleberriagaitik, narratiban.
Juanra Madariagak eta Fermin Etxegoienek irabazi ditue aurten Espainiako Kritikaren Sariak. Madariaga 'Eroriaren logika' (Susa) poema bildumeagaitik saritu dabe poesiaren arloan, eta Etxegoien 'Autokarabana' (Pamiela) eleberriagaitik, narratiban. Espainiako Literatur Kritikarien Alkarteak emoten ditu bi sariak.
Espainiako Kritikaren Sarien epaimahaiko kide dan Javier Rojoren ustez, Madariagaren beraren garapenaren emoitzea da 'Eroriaren logika'. 'Estetizismo formaletik urrundu eta irudien eta ideien kontrajartzean sakondu dau Madariagak lan horretan'. Etxegoienen 'Autokarabana', barriz, egungo gizartearen erretratu leiala dala uste dau, 'modu ironiko eta desmitifikatzailean idatzirikoa'.
2009ko bagilean kaleratu eban Juanra Madariagak (Bilbo, 1962), 'Eroriaren logika' poema liburua, bere ibilbideko zortzigarrena. Fermin Etxegoienen (Oñati, 1966) lehen nobelea da, barriz, 'Autokarabana'; 2004an 'Neurona eta zeurona' saiakera liburua kaleratu eban.
Katalanezko literaturan, Carles Mirallesen 'L'ombra dels dies roja' poema liburua eta Francesc Seresen 'Contes russos' nobelea saritu ditu Kritikarien Alkarteak. Galizierazkoan, Luz Pozoren 'Deter o día cunha flor' poema bildumea eta Xabier Quirogaren 'O cabo do mundo' nobelea nabarmendu ditue. Azkenik, gaztelaniazko literaturan, Francisco Ferrer Lerinen 'Fámulo' poema bildumea eta Andres Neumanen 'El viajero del siglo' nobela nagusitu dira.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!