Xabier Etxaniz eta Ignacio Ferrando dira Bilboko Udaleko Gabriel Aresti XXVII. Ipuin Lehiaketako irabazleak

Bizkaie! 2010-04-19 11:20   sariak-autortzak

Sariketa hau uriko literatura lehiaketarik ezagunenetarikoa da eta honakoak dira helburu nagusiak: literatur jarduerea eta talentu barriak sustatzea eta Gabriel Aresti idazle bilbotarraren memoria eta lana bizirik mantenidutea. Irabazleek 4.100 euroko sari bana eskuratu dabe.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Gabriel Aresti XXVII. Ipuin Lehiaketako irabazleen barri emon dau. Xabier Etxaniz Rojo (Donostia, 1971), 2000n eta 2001ean lehiaketako lehen sariduna izan ondoren, irabazle izan da barriro euskerazko kategorian Hogeita hamaika egun Londresen kontakizunagaz. Bestalde, Ignacio Ferrando Perez (Trubia, Asturias, 1972) Madrilen bizi dan idazle asturiarrak irabazi dau gaztelaniazko sari nagusia Mathilda y el hombre del tiempo ipuinari esker. Irabazle bakotxak 4.100 euroko saria jaso dau.

Sariketa hau uriko literatura lehiaketarik ezagunenetarikoa da eta honakoak dira helburu nagusiak: literatur jarduerea eta talentu barriak sustatzea eta Gabriel Aresti idazle bilbotarraren memoria eta lana bizirik mantenidutea.

Katixa Agirre, Goizalde Landabaso eta Kepa Muruak osotutako euskera arloko epaimahaiak eta Luisa Etxenike, Enrique Gutierrez Ordorika, Julia Otxoa, Maria Eugenia Salaberri eta Jose Luis Urrutia idazleek osatutako gaztelania arloko epaimahaiak parte-hartzea handia izan dala esan dau, danetara 572 ipuin aurkeztu baitira lehiaketara, 55 euskeraz eta 517 gazteleraz. Ganera, positibotzat jo dau kontakizunen jatorriaren aniztasuna; 18 herrialde desbardinetatik aurkeztu ditue, tartean, Argentina, AEB, Mexiko, Frantzia, Kolonbia, Tailandia edo Japoniakoak.

Literaturearen eta narrazinoaren ikuspuntutik, epaimahaiak ipuinen erregistroen, argumentuen eta gaien aniztasuna azpimarratu ditu. Euskeraz aurkeztutako testuen kasuan, kontakizun batzuen literatur kalidadea nabarmendu dabe, irudimena, surrealismoa, umorea eta tradizinoa nahastetan baitira.


Lau akzesit

Bilboko Udalak 2.050 euroko lau akzesit emon ditu. Euskerazko akzesitak Gipuzkoako bi idazleri emon deutsiez: Irati Goikoetxea Asurabarrenari beasaindarrari, Julia ipuinagaitik; eta Gonzalo Etxague Burgos hondarribiarrari, John Ferreiraren Kasua kontakizunagaitik.

Gaztelaniazko biak Jesus Tiscar Jandrarentzat (Jaen, Andaluzia) eta Juan Jesus Fernandez de Retana Loborentzat (Sabadell, Katalunia) izan dira, Que Tururururú eta El primo Moisés, capitán araña kontakizunengaitik, hurranez hurran.


Datuak

Gabriel Aresti Ipuinen Lehiaketearen edizino honetara 572 ipuin aurkeztu dira. Horreetatik 122 Euskal Autonomia Erkidegokoak (EAE) izan dira eta 351 Espainiako beste autonomia erkidegoetakoak. Ganera, 78 ipuin beste 18 herrialdetatik bialdu ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu