Banpiroei buruzko nobela bat, Mikel Zarate sariaren irabazle

Bizkaie! 2010-04-14 18:22   sariak-autortzak

Asier Mendozaren 'Beste gu', banpiroei buruzko lana nabarmendu dau Leire Bilbaok, Julen Gabiriak eta Xabier Mendigurenek osotutako epaimahaiak, eta berak eroango dau 3.000 euroko saria. Liburua, barriz, udagoienean kaleratuko dau Elkar argitaletxeak.

Asier Mendoza Etxabe idazle zarauztarrak idatzitako 'Beste gu' nobeleak irabazi dau Mikel Zarate haur literaturako saria. Banpiroei buruzko lan hau nabarmendu dau Leire Bilbaok, Julen Gabiriak eta Xabier Mendigurenek osotutako epaimahaiak, eta berak eroango dau 3.000 euroko saria. Liburua, barriz, udagoienean kaleratuko dau Elkar argitaletxeak.

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu barri dabe sariketa hau, Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzatzaile handi izandako Mikel Zarateren omenez. Aurten izan dau sariketeak lehen deialdia, eta harrera bikaina lortu dauela esan behar, 21 idazlan aurkeztu baitziran bertan, haurrentzat sorturiko ipuin eta nobelak danak be. Horreen artean, 'Beste gu' izeneko nobelea aukeratu dau epaimahaiak, bere freskotasun eta umoreagaitik, eta irakurle gazteen artean izan leiken interesagaitik. Izan be, gaztetxuen artean boladan dagoan gaia lantzen dau, banpirismoa, nahiz eta kontakizunean gauzak ez izan itxura batean emoten dabena lakoak eta amaieran ezustekoa etorri.

Asier Mendoza zarauztarra 1971n sortu zan. EITBn lan egiten du, operadore moduan, eta, aurretik sari batzuk irabazi dituan arren, hauxe izango dau argitaraturiko lehenengo liburua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu