Leyre Echeazarra, Itziar Tueros eta Unai Brea 2009ko CAF-Elhuyar sarietan irabazle

Bizkaie! 2010-03-22 11:55   sariak-autortzak

2009 CAF-Elhuyar zientzia- eta teknologia- dibulgazinoko sariak banatu zituen joandako barikuan eta Leyre Echeazarra neurozientzian ikertzailea, Itziar Tueros kimikaria eta Unai Brea ARGIAko kazetaria dira 2009ko CAF-Elhuyar sarietan irabazle.

2009 CAF-Elhuyar zientzia- eta teknologia- dibulgazinoko sariak banatu zituen joandako barikuan eta Leyre Echeazarra neurozientzian ikertzailea, Itziar Tueros kimikaria eta Unai Brea ARGIAko kazetaria dira 2009ko CAF-Elhuyar sarietan irabazle. Sariketaren 16. edizio hau muntaia multimedia batez girotu eben eta sariketara hurreratu ziranek zuzeneko bideo eta musika DJ-en ikuskizunaz gozau eben.

Ikuskizunaren formatua ez da aurtengo edizinoan aldatutako gauza bakarra, izan be, dibulgazino-artikulu orokorren sariari, egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazino artikuluen saria, zientzia-kazetaritza arloko lanen saria eta gazteei zuzendutako zientzia-narrazinoen saria gehitu dira. Kategoria guztiak kontuan hartuta, 34 izan dira aurkeztutako lanak, eta ondokoak erabagi ditu epaimahaiak irabazle:


• Dibulgazino Artikulu Orokorren Saria: Leyre Echeazarra Escudero

Neurozientzia arloko ikertzaile honek 'Ispilu-neuronek besteen larruan jartzen gaituzte' lanarengaitik jaso dau saria, 2000 euroko saria, diplomea eta Imanol Andonegiren eskulturea, hain zuzen. Gaiak erakarri ditu hasiera-hasieratik epaimahaikide guztiak. Ispilu-neuronak gai barritzaile eta originala izateaz gan, oso 'gurea' baita: artikulu irabazleak bere lanean dinoan legez 'ispilu bizidunak' baikara gizakiok. Gainera, epaimahaiaren berbetan, 'burmuinaren enpatia prozesua trataukeran, gizakion ikasketa prozesuaren ikuspegi barri bat emoten dau lan honek'.

Lehengo urteko irabazleak be izan dau bere lekua aurtengo ekitaldian. Saririk barik geratu bada be, Xabier Artaetxebarria Artiedak aurkeztutako 'Bizitza pizteko tximista' lanak bikain bete ditu dibulgazinoren eta komunikazinoren ezaugarriak eta izenburutik bertatik atrapau ditu epaimahaikideak bizitza piztuko dauen tximista non jausiko dan jakiteko gogoak. Horregaitik, Aipamen Berezia emotea erabagi dabe aho batez.


• Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazino-artikuluen saria: Itziar Tueros Gutiérrez

Azti-Tecnalian itsas ikerketan buru-belarri ibili dan Itziar Tueros-ek 'Bizkaiko Labe Garaien lorratzak Sopelanako hondartzetan' lanagaitik jaso ditu 2000 euroko saria, diplomea eta Andonegiren eskulturea. Bizkaiko Labe Garaien ondarea aztertu dau egileak bere doktore-tesian, hain zuzen, Sopelako hondartzetan labe-garaiek isuritako hondakinen arrastorik geratzen dan ikertu dau, eta oso modu ulergarrian laburbildu dau bere lana aurkeztutako artikuluan. Epaimahaiaren eretxiz, lan honek 'ipuin moduan' eroaten dau irakurlea tesiaren emoitzetara.


• Zientzia-kazetaritza arloko lanen saria: Unai Brea González

Kategoria barri honetan, ARGIA aldizkariko kazetaria izan da irabazle, urrian argitaratutako 'Adimen artifiziala. Iritsiko dira gure parera?' lanarengaitik. Epaimahaikideek hiru ezaugarri nabarmendu ditue aurkeztutako lanean: artikuluaren erakargarritasuna, publiko orokorrarentzat irakurteko atsegina izatea, eta edukiaren maila zientifiko egokia eukitzea.


• Gazteei zuzendutako zientzia-narrazinoen saria: ebatzi barik

Kategoria barri honetan aurkeztutako lanen maila ez da nahikotzat emon, ez estilo, ez edukien aldetik. Honek argi itxi dau arlo honetan egin beharreko ahalegina gazteentzat zientzia inguruko gaiak modu erakargarrian zabaltzeko, eta bide honetan jarraituko dau Elhuyar Fundazinoak.

Lan irabazle guztiak maiatzeko Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian argitaratuko dira, sariketeari buruzko gehigarri berezi batean.

Luis Mari Bandres zanari Merezimenduzko Aitamena be emon jako aurtengo CAF-Elhuyar sarietan. Ohorezko kategoria barri honi hasierea emoteko, injinerutzan doktore, irakaskuntzan gidari eta euskerearen aintzindari izateaz gan, Elhuyarren sortzaile eta lehen lehendakari izandako Bandres baino pertsona egokiagorik irudikatzea gatxa da. Egungo Elhuyarreko lehendakari dan Jose Mari Rodriguez Ibabek emon deutsoz Bandresen familiari bertso eta eskultura oroigarria, eta hitzez goraipatu dau Bandresen legatua.

Sari-banaketan, gainera, 2007ko CAF-Elhuyar sarietan zientzia dibulgazino lanetan irabazle izan zan Javier Navarro Los Arcos-ek 'Fisika eta Metafisika' liburua aurkeztu dau, eta ekitaldira hurreratu direnei liburuaren ale bana emon jake.


Epaimahaia

Lan sarituak bi epaimahai desbardinek ebatzi ditue. Dibulgazino-artikuluak eta kazetaritza lanen balorazino eta aukeraketaz, euskerearen eta zientziaren arloan eskarmentu handia daben pertsona honeek izan dira epamahaikide: Itziar Alkorta, Zuzenbide zibileko irakaslea eta bioetikaria; Jose Maria Pitarke, fisikaria eta CIC-Nanoguneren zuzendaria; Juan Ignacio Perez Iglesias, Biologoa eta EHU-ko erretore ordea; Rosa Diez Urrestarazu, kazetaria eta Euskadi Irratiko zuzendaria; Jose Mari Rodriguez Ibabe, injinerua eta Elhuyar Fundazinoko lehendakaria

Gazteentzako narrazino lanen epamahaia, barriz, gazteentzako idazle legez esperientzia handia daben ondorengo pertsonek osotu dabe: Teresa Irastorza, idazle-eskolako zuzendaria; Jesus Mari Olaizola 'Txiliku', idazlea, biologia arloan irakaslea eta euskera zuzentzailea; eta Josu Waliño, Elhuyar Fundazinoko Barrikuntza eta Proiektu zuzendaria eta gazteentzako ipuin idazlea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu