Miren Ibarluzeak jaso dau Santiago Onaindia bekea
2010-01-15 10:02 sariak-autortzakAmorebieta-Etxanoko Udalak, Ametx erakunde autonomoaren bitartez eta Labayru Ikastegiaren lankidetzeagaz, urte birik behin emoten dauen Santiago Onaindia Bekearen hamaikagarren edizinoko egitasmoak euskal literaturearen alorreko ikerkuntza sustatzea dau helburu.
Amorebieta-Etxanoko Udalak, Ametx erakunde autonomoaren bitartez eta Labayru Ikastegiaren lankidetzaz, urte birik baten emoten dauen Santiago Onaindia Bekaren hamaikagarren edizinoko egitasmoa aukeratu dau. Beka honek euskal literaturearen alorreko ikerkuntza sustatzea dau helburu.
Epaimahaia Lourdes Unzuetak, Miren Atutxak eta Ana Toledok osatu dabe. Irabazlea Miren Ibarluzea mungiarra izan da 'Literatur itzulpenaren kritika, lehen pausoak' izeneko ikerketea egiteko. Lan honetan, itzulpengintzearen kritika akademikoak zelangoa izan beharko leuken eta horren helburuak eta metodologia zehaztuko dira.
Miren Ibarluzea 1984an jaio zan eta Itzulpengintza eta interpretaritzan lizentziaduna da. Egun, Labayru Ikastegian dabil beharrean, Herri Ondarea mintegian irakaskuntzarako materialgintzan. 2006ko Bizkaiko Bertsolari txapelketan finalaurrekoetan abestu eban.
Hau lanau aurrera atarateko 9.000 euro jasoko ditu eta urtebeteko epean egin beharko dau. Ikerketea lau ataletan egingo dau: lehenengoan itzulpenaren kritikeari buruzko teoria eta metodologiak aztertuko ditu; bigarrenean, euskerara itzulitako literatur lanen ganean idatzitako kritiken corpusa zehaztuko dau; hirugarrenean, iruzkinen azterketea egingo dau eta laugarrenean, ondorioak adierazoko ditu. Hau guztia Mari Jose Olaziregiren gidaritzapean eta Gideon Toury eta Even Zohar-ren oinarriak jarraituta egingo da. Horren ostean, Labayru Ikastegiak argitaratuko dau lana Zornotzako Udalagaz egitasmo honetarako daukan hitzarmenaren barruan.
Santi Onaindia
Santi Onaindia Amoroton jaio zan 1909an. Hamabi urte zituala, Karmeldarrek Amorebieta-Etxanoko Larrea auzoan daukien komentuan sartu zan, eta berrogeita hamar urte baino gehiago emon zituan bertan, lan eta lan nekerik barik.
Gerra Zibilaren aurretik ekin eutson olerkiak idazteari. Francoren sasoiko kartzelak ezagutu zituan, eta erbesteratua be izan zan. Sasoi haretakoa da 'Milla euskal olerki eder' (1954) poesia antologia. Euskerazko olerkigintzeari buruz inoiz idatzi diran lanik osoenetako bat da. Karmel (1956), Olerti (1959) eta Aurrera (1968) aldizkarien sortzaile eta sustatzailea izan zalarik, orrialde hareetan, lirika-lehiaketen bidez batez be, olerkari barriak bultzatuz egindako lana nabarmentzekoa da. Era berean, azpimarratzekoak dira klasikoen itzulpen lanak, besteak beste, Goethe, Dante eta Virgiliorenak.
Bertsolaritzeagaz lotutako hainbat eta hainbat lan be argitaratu zituan, berbarako, 'Gure Bertsolariak' (1964) antologia. Euskaltzaindiako ohorezko kide izan zan, eta Euskal Letren saria emo eutsien 1990an.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!