Txomin Peillenek jasoko dau aurtengo Manuel Lekuona saria
2009-12-21 17:33 sariak-autortzakSaria 1983tik Eusko Ikaskuntzak lan osoaren onarpen legez euskal kulturaren pertsonalidadeei emoten deutse. Sorkuntza literarioagaz batera, Txomin Peillenek zabalkunde lan garrantzitsua egin dau biologia, ideien historia eta linguistika arloetan.
Txomin Peillen idazle eta ikerlariari emon deutse Manuel Lekuona Saria, 1983tik Eusko Ikaskuntzak lan osoaren onarpen legez euskal kulturaren pertsonalidadeei emoten deutsen saria.
1932an Parisen jaioa dan Txomin Peillenek Zientzia ikasketak (Biologia eta Geologia) egin zituan Sorbonako Unibersidadean. Bertan Ion Mirande ezagutu eban, eta zuberotar jatorria euken biek batera sortu eben 1962an 'Igela' aldizkari heterodoxoa.
Pariseko Lavoisier Lizeoan irakasle lanetan ibili da, baita Paueko Unibersidadeko Letren Fakultadean (Euskal Hizkuntza eta Literaturea erakusten) be. 1981ean doktorau zan 'Bordeleko Lexique Basque de l'anatomie, morphologie et semantique' tesiagaz.
Bere lehenengo testuak 'Gernika', 'Egan' eta 'Euzko-Gogoa' aldizkariatan jaso dira. Ordutik 41 liburu inguru argitaratu ditu, nobela, ipuin antologia eta umeentzako lanak.
Sorkuntza literarioagaz batera, Txomin Peillenek zabalkunde lan garrantzitsua egin dau biologia, ideien historia (etnografia eta literaturea) eta linguistika arloetan. Lan horreek 'Anuarios de Eusko Folklore', 'FLVSD', 'Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra', 'Euskera' (Bilbo), 'Elhuyar', 'Bulletin du Musée Basque de Bayonne' eta 'UZEI' aldizkarietan argitaratu dira, besteak beste.
Manuel Lekuona Saria Eusko Ikaskuntzak sortu eban 1983an obra osoak interesa dauen euskal kulturako pertsonalidadeei onarpen legez emoteko. Aurreko edizinoetan saritutakoen artean dagoz, besteak beste, Jorge Oteiza, José Miguel de Azaola, Justo Garate, Bernardo Estornes, Carlos Santamaría, José Mª Jimeno Jurío, Eugène Goyheneche, Micaela Portilla, Elías Amezaga, Menchu Gal, Montxo Armendariz edo Manuel Lekuona bera. Saria Remigio Mendiburuk sortutako brontzezko eskultura bat da eta oraindino ez dabe zehaztu sari-banaketa ekitaldia non eta noiz izango dan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!