Jon Kortazar: 'berbazko zubiak eregiten ahalegindu naz beti'

Bizkaie! 2009-12-02 14:42   sariak-autortzak

Jon Kortazarrek eskerrak emonaz hasi dau berbaldia baina eskerrona adierazoteaz gan, harago joan da eta aurretik saria jaso dabenak gogoan hartu ditu. 'Nire lana euskal literatureari argia emotea izan da eta berbazko zubiak eregiten ahalegindu naz beti, egilea eta irakurlea alkartu ezean, berbak airean galtzen baitira'.

Bizkaiko Foru Aldundiak Jon Kortazar mundakarrari emon deutso 2009ko Lauaxeta Saria. Idazleak ibilbide luzea dauka idazle, saiogile eta literaturako kritikari legez; ganera, lan handia eginda dauka UPV-EHUko Euskal Literaturako katedradun moduan, eta Europa eta Amerikako zenbait unibersidadetan irakasle lanetan ibili izan da.

Saria Bizkaiko Diputadu Nagusi Jose Luis Bilbaok emon deutso, gaur, abenduak 2, Euskerearen Nazinoarteko Egunaren harian. Sariaren bidez, gure hizkuntzea eta euskal kulturea sustatu, zabaldu eta normalizetako lanetan egindako ahaleginakaitik nabarmentzen diran persona, talde eta erakundeak saritzen dira. Esteban Urkiaga (Lauaxeta ezizenez ezagunagoa) idazle euskaldunaren izena daroa sariak.

Jon Kortazarrek eskerrak emonaz hasi dau berbaldia baina eskerrona adierazoteaz gan, harago joan da eta aurretik saria jaso dabenak gogoan hartu ditu. 'Nire lana euskal literatureari argia emotea izan da eta berbazko zubiak eregiten ahalegindu naz beti, egilea eta irakurlea alkartu ezean, berbak airean galtzen baitira'. Bere ibilbidean lagun izan dituanak gogoratu ditu Kortazarrek, 'zubi horreek eregiten lagundu deustien maisu, irakasle, idazle, ikasle, lankideak...'.


Diziplina anitzeko euskaldun intelektuala

Jon Kortazar Uriarte (Mundaka, 1955) diziplina askotan diharduen intelektuala da. UPV-EHUn Euskal Literaturako katedraduna izateaz gan, Santiago de Compostelako Unibersidadean irakasle bisitari dabil. Ganera, artikuluak idatzi eta kolaboratzaile lanak egiten ditu komunikabideetan.

Jon Kortazarren lanen artean, hurrengoak nabarmendu geinkez:

  • XX. mendeko euskal literaturearen ganeko lan askoren egilea da, besteak beste: Euskal Literatura XX. mendean (sei edizio, 1990-2003); Teoría y práctica poética de Esteban Urkiaga, Lauaxeta (1986); Luma eta lurra (1997). La pluma y la tierra (1999); eta La narrativa vasca, hoy. Una mirada desde la postmodernidad (2003).

Beraren lana hizkuntza batzuetara itzuli da:

  • Alemana: Baskische literatur, Berlin, 2005; Euskal poesiaren ganeko monografikoa Literatur und Kritik-en, Salzburgo, 2006
  • Ingelesa: Basque Literature From The End Of The Franco Era To The Present, Reno, 2007 (Bernardo Atxaga).
  • Katalana: kolaboratzailea, Reduccions aldizkarian.
  • Galegoa: Boletín de Literatura Galega izenekoak beraren lanak jasoten ditu.
  • Errusiera: egun, Historia de la Literatura Vasca liburuaren itzulpena egiten dagoz.

Kolaboratzailea da komunikabide batzuetan: Deia, El Correo Español, El País eta Babelia kultur gehigarrian, esaterako.

Berbaldiak emon izan ditu atzerriko unibersidade askotan, eta eskolak Ohiokoan (Amerikako Estadu Batuak), Tubinga, Kolonia, Berlin eta Kielekoan (Alemania), Oxfordekoan (Britainia Handia) eta La Platako Unibersidade Nazionalean (Argentina).

Egun, beste batzuen artean, lan talde batean dago 'Gaurko Euskal Literaturaren Historia' edizinoa preparetan (obra horren hiru liburuki inprimidu dira) eta Euskal Liburutegia zuzentzen dau.

Jon Kortazar, gainera, Biblioteca Nacionaleko patronoa izan zan eta Eusko Ikasluntzako lehendakariordearen kargua izan eban 2005-2008 bitartean. PEN Clube de Galicia izenekoak, 2008. urtean, Rosalía de Castro Saria emon eutson.

Azkenik, Jon Kortazar Lauaxeta pastoralaren gidarietako bat izan zan. Esteban Urkiaga 'Lauaxeta'-ren jaiotzearen ehungarren urteurrena ospatzeko 2005. urtean estreinatu zan pastorala Mungian.


Lauaxeta sarien kronologia

Honako honeek izan dira aurreko lau edizinoetako saridunak:

  • 2005: Ander Manterola, euskal kulturearen ikertzaile, zabaltzaile eta aztertzailea.
  • 2006: Orueko (edo Euba) Pasiotarren Komunidadea, euskerazko kultura sustatzeko eginiko lan eta proiektuakaitik.
  • 2007: Lekeitioko Miren Agur Meabe, irakaslea, euskal filologoa, ikastolako zuzendaria eta euskerazko eskola-liburuen argitalpen arloko zuzendari eta kudeatzailea.
  • 2008: Bizkaia Irratia, 1990. urtean sortutako irratia, saio guztiak bizkaieraz egiten dituana.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu