Omenaldia egingo deutso Getxok Jose Martin Elizondo antzerkigileari
2009-10-22 17:54 sariak-autortzakGetxoko XXVII. Antzerki Jardunaldiak dirala eta, zapatuan, urriak 24, omenaldia egingo jako aurtengo zezeilean hildako José Martín Elizondo antzerkigileari. Hitzordua Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan izango da, 20:00etatik aurrera.
Getxoko XXVII. Antzerki Jardunaldiak dirala eta, zapatuan, urriak 24, omenaldia egingo jako aurtengo zezeilean hildako José Martín Elizondo antzerkigileari. Hitzordua Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan izango da, 20:00etatik aurrera. Elizondoren 'Juana creó la noche' lana antzeztuko dau Théâtre sans frontières taldeak. Aurretik, 19:30ean, 'José Martín Elizondo: Teatro combatiente' izeneko liburua aurkeztuko da. Lan horretan antzerki idazle eta zuzendari getxotarraren bizitza eta lana jorratzen dira.
Elizondok (Getxo, 1922-Toulouse, 2009) Gerra Zibila zala eta erbestera joan behar izan eban baina, berehala bueltau eben alde frankistara. Bere bizitza berregiten saiatu zan, Mexikon 1939an erbesteratutako haren aita, Errepublikearen aldeko soldadua, beti gogoan eukala, barriro be ez eban ikusiko eta. 1947. urtean, mugea zeharkatu, Frantzian sartu eta Parisen antzerkirako bokazinoa topau eban. Toulousera bizitera joan zan eta bertan Amigos del Teatro Español (A.T.E.) alkartea sortu eban. Horren bidez frankismoak galarazo edo zentsuretan zituan egile eta antzerki-taldeak konbidatzen zituan Frantziara. Aldi berean, antzerkigile jarduereari ekin eutson bolada horretan.
Berrogeita hamar bat lan idatzi zituan, eta horreetako 17 dagoeneko antzeztu dira. Jarduera luze horretan A.T.E. alkarterako 80 lan zuzendu zituan. Alkarte horren barruan, Théâtre sans frontières antzerki-taldea sortu zan. Egile getxotarrak politikeagazko eta kultureagazko konpromisoa erakutsi eban berenberegi idatzitako testuen bidez eta eta frankismoaren biktimak defendidu eta gogoratu zituan. Sortzailearen lan ospetsuenen artean honako honeek nabarmendu daitekez: 'Memoria de los pozos' (Sitgeseko Nazinoarteko Antzerki Jaialdiaren Santiago Rusiñol saria), 'Dalilah y Dalilah', 'Las hilanderas' eta 'Antígona entre muros'.
Getxon, antzerkizaleek 'Juana creó la noche' lanaz gozau ahal izango dabe. Obra horretan Joana Eroaren bizipenak kontetan dira. Joanak ideia oso aurreratuak zituan bere garaian, eta boterearen kontzeptu demokratikoa. Bere gurasoek, Errege Katolikoek, giltzapean sartu eben, joko politikotik aldentzeko asmotan, buruko gatxa eukan atxakia jarrita. Istorioa 16 urte preso egon dan gelan gertatzen da. Bertan ezezagun bat sartu da herritarren eta Gaztelako komuneroen artean zabaldu diran Joanaren senaren inguruko zurrumurruak baieztatzeko. Hori guztia abiapuntu hartuta, lanak konpromiso politikoari eta desengainuari buruzko gogoetea egiten dau.
Antzerki ausarta
Hamaika Bide Alkarteak bultzatuta, 'José Martín Elizondo: Teatro combatiente' liburuan, euskal idazle eta zuzendariaren bizitza eta lana jorratu dira eta bere jarduera garatu eban gizarte eta ideologia testuingurua aztertu da. Era berean, honako alderdi honeek aztertu dira: egilearen antzerki lana, antzerkiaren kontzeptu abangoardistea eta antzerki molde barrien bilaketea, agertokitik bultzatutako burruka eta konpromiso politikoa ardatz nagusia zela.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!