Fermin Leizaola Calvo etnografo eta ikerlariak jaso dau Gipuzkoako Foru Aldundiko I. Ondare Saria
2009-09-30 11:40 sariak-autortzakLehenengo aldiz emon dan Ondare Sariagaz, Gipuzkoan hainbat gizon eta emakumek lurraldean oparoa dan kultur ondarea balioan jarteko urtetan eginiko ahalegina eskertu nahi dau Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Fermin Leizaola Calvo (Donostia, 1943) etnografo eta ikerlariak jaso dau Gipuzkoako Foru Aldundiko I. Ondare Saria Markel Olano diputadu nagusiaren eskutik. Urtetan egindako 'lan isil eta oparoa' eta emoitzak gizarteratzeko eginiko ahalegina eskertu nahi izan deutsoz sari honegaz foru erakundeak. Gipuzkoako Foru Aldundiko Jargi Aretoan egindako ekitaldian jaso dau etnografo eta ikerlari donostiarrak Ondare Saria, Juan Luis Baroja Colleten ikurra eta diru saria, hain zuzen be.
Saria emon aurretik, Markel Olanok eskerrak emon deutsoz etnografo eta ikerlariari eginiko lanagaitik eta bere ibilbidean Gipuzkoako Foru Aldundia bidelagun aukeratu izanagaitik. Fermin Leizaolak, lehenengo aldiz banatu dan Ondare Sariak bete nahi dituan helburuak erabat beteten dituala azpimarratu dau diputadu nagusiak. Esangura horretan, 'gizarte moduan aurrera egiteko iragana ezagutzearen garrantzia' ekarri dau gogora Olanok. 'Nondik gatozen jakin behar dogu, nora joan nahi dogun erabagiteko', esan dau.
Fermin Leizaolak adierazo dau ohore handia dala I. Ondare Saria jasotea. Eskerrak emoterakoan, saria martxan jarteko lan egin daben guztiak izan ditu gogoan. Bi urte barru Irunen zabalduko dan Gordailuaz be berba egin dau, egia bihurtzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak egin dauen ahalegina gogoratu eta eskertuz.
Bestalde, Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara diputaduak urte luze honeetan Fermin Leizaolagaz izan dituan eta egun dituan hartu-emonak ekarri ditu gogora eta ibilbide luzean egindako lanari jarraipena emoteko eskatu deutso. Mitxel Etxekopar musikariaren emonaldi bategaz amaitu da ekitaldia.
Ondare Saria
Lehenengo aldiz emon dan Ondare Sariagaz, Gipuzkoan hainbat gizon eta emakumek lurraldean oparoa dan kultur ondarea balioan jarteko urtetan eginiko ahalegina eskertu nahi dau Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Ondare Sariak bi urteko maiztasuna izango dau eta arau jakin batzurenpean banatuko da. Halan da be, lehena ezohiko bide batetik emon nahi izan dau Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kultura eta Euskara Sailak proposaturik. Izan be, bada ezohikoa dan egoera bat oraintxe, ondarearentzat garrantzi handia dauen proiektu bat gauzatzekoa baita Gipuzkoako Ondare Gordailuaren lehen harria jarteagaz.
Gordailuaren bokazinoa foru erakundearen, San Telmoren eta Eusko Jaurlaritzearen eta Gipuzkoako intereseko ondarearen arkeologia materialak gordetea eta ezagutzera emotea da. Horrezaz gan, Gipuzkoako Museo Sarearen zerbitzuan tresna garrantzitsua izango da.
Gipuzkoarentzat mugarria dan hori Ondare Saria Fermin Leizaola Calvori emonez gogoratu nahi izan da, bera baita Gordailuan izango diran bilduma askoren eragile nagusia. Izan be, Fermin Leizaola Calvo 'Euskal Herriko etnografo garrantzitsuenetako bat da, nazinoartean be entzute handikoa'.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!