2009ko PEN Idazlumea Txomin Peillen euskal idazlearentzat

Bizkaie! 2009-06-11 11:00   sariak-autortzak

PEN Idazlumea ez da berez sari bat, Euskal PENek jentaurrean egiten dauen ekitaldia baino letren arloan egindako lana ezagutarazoteko asmoz. Nabarmendu nahi da berba librearen alde egindako lana, edo lan hori egiteagaitik sufridutako erasoak. Txomin Peilleni PEN Idazlumea gaur, bagilak 11, emongo jako Bilboko Liburu Azokearen barruan.

Txomin Peillen idazle zuberotarrak jasoko dau 2009ko PEN Idazlumea, euskal kulturearen alde zein adierazpen askatasunaren alde bizitza osoan egindako lanagaitik. Euskaltzaina eta egile emonkorra, idazlea lehenengo Euskal PEN Klubeko sortzaileetarikoa izan zan 1951ean, eta birfundatzaile 1987an. Idazlumea, gaur Bilboko Liburu Azokearen barruan emongo jako, arratsaldeko 19.30etan.

Euskal PEN Klubak jakinarazo dauenez, Txomin Peillen lehen Euskal PEN Klubaren sorreran izan zan 1951ean, besteak beste Jokin Zaitegi, Federico Krutwig, Andima Ibiñagabeitia eta Jon Mirandegaz batera. PEN Club Vasco Idazkortz izenpean, Miarritzen izan eban egoitzea. Edozelan be, lehen saiakera harek bizitza laburra izan eban. 1987an hainbat euskal idazlek barriro egin eben ahalegina, orduko haretan Euskal PEN Kluba izenaz. Txomin Peillen be izan zan orduko haretan. Egun Euskal PEN Klubaren ohorezko lehendakaria da.

Txomin Peillen Parisen jaio zan 1932ko zemendiaren 17an. Ikerlaria, idazlea eta euskaltzain osoa da. Hamaika ikerketa lan egin ditu etnografiaz eta hizkuntzalaritzaz. Hamabi ipuin eta eleberri liburu argitaratu ditu eta bost sari lortu. Literaturan umorea, fantastikoa, politikazkoa, poliziakoa eta erotikoa landu ditu.


PEN Idazlumea

PEN Idazlumea ez da berez sari bat, Euskal PENek jentaurrean egiten dauen ekitaldia baino letren arloan egindako lana ezagutarazoteko asmoz. Nabarmendu nahi da berba librearen alde egindako lana, edo lan hori egiteagaitik sufridutako erasoak. Txomin Peilleni PEN Idazlumea gaur, bagilak 11, emongo jako Bilboko Liburu Azokearen barruan. Aurkezle lanetan Jean-Louis Davant euskaltzain zuberotarra izango da.

Aurtengoa PEN Idazlumearen bosgarren edizinoa izango da. 2005ean, Joan Mari Torrealdaik jaso eban, euskal kulturearen alde eta frankismoaren garaiko zentsurearen inguruan egindako lanagaitik. 2006an, Harold Pinter idazle britaniarra eta Literatura Nobel saridunari emon jakon. Kasu haretan agirian itxi nahi izan zan Pinterrek literatura baztertuen alde egindako lana, esaterako Mountain Language antzerki lanean hizkuntza kurdoaren alde egindakoa. 2007an, Juan Jose Agirrek jaso eban beneditarrek Lazkaon daben Artxibategian 1973tik egindako lanagaitik.

Azkenik, igaz Adnan Hassanpour eta Hiwa Butimar idazle kurduek merezidu izan eben Idazlumea. Biek heriotza zigorra jaso dabe Iranen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu