Anjel Lertxundiren 'Zoaz infernura, laztana' 2008ko Beterriko Liburu

111 Akademia 2009-04-30 11:29   sariak-autortzak
Holan erabagi dabe 111 Akademiako kideek; idazle oriotarrak bigarren aldiz jasoko dau Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aitamena

Hiru botazino txanda behar izan dira 2008ko saritua aukeratzeko, eta 81 euskal irakurlek hartu dabe parte prozesu horretan, guztiak 111 Akademiako kideak.

111 Akademiako kideek Anjel Lertxundik idatzi eta Alberdania argitaletxeak argitaraturiko 'Zoaz infernura, laztana' eleberria aukeratu dabe 2008ko Beterriko Liburu. Horixe izan da joan dan urtarrilaren amaieran abian jarri eta Liburuaren Nazinoarteko Egunean amaitu zan aukeraketa prozesuak itxi dauen emoitzea. Hiru botazino txanda behar izan dira 2008ko saritua aukeratzeko, eta 81 euskal irakurlek hartu dabe parte prozesu horretan, guztiak 111 Akademiako kideak.

Lehen botazino txandan akademiakideei 2008an irakurritako liburuetatik gogokoen ebenaren aldeko botoa emoteko eskatu jaken; lehen txanda haretan saridun izentauko zan obrak jasotako botoen % 30 eskuratu behar eban baina ez zan holakorik jazo. Hori dala eta, 111 Akademiak bigarren botazino txandea jarri eban martxan. Bigarren saioan akademiakideei ondokoa eskatu jaken: lehenengo botazino txandan boto gehien jaso eben lehenengo bost obren artetik baten aldeko botoa emoteko. Joan Mari Irigoienen 'Bestea da mundua', Kirmen Uriberen 'Bilbao-New York-Bilbao', Jon Martinen 'Ero', Fernando Morilloren 'Suminaren estrategia' eta Anjel Lertxundiren 'Zoaz infernura, laztana' izan ziran bigarren botazino txandara pasau ziran obrak. Edozelan be, bigarren haretan be ez zan obrarik egon saritu izentetako lortu beharreko botoen % 40 eskuratu ebanik; beraz, hirugarren eta azken botazino txandan, bigarrenean boto gehien jaso eben lehenengo bi obretatik bat aukeratzeko eskatu eutsen 111 Akademiak bere kideei: Kirmen Uriberen 'Bilbao-New York-Bilbao' edo Anjel Lertxundiren 'Zoaz infernura, laztana'. Azkenean, gipuzkoarra nagusitu zan 16 botoko aldeagaz.

Gauzak holan dirala, Anjel Lertxundi da 1996an Manuel Larramendi Kultur Bazkunak abian jarritako Beterriko Liburua Saria bigarren aldiz irabazi dauen lehenengo idazlea; 2002an be idazle oriotarraren obra bat izan zan irakurleen artean gogokoen subertau zana, 'Zorion perfektua', hain zuzen be.

Urte haretan Beterriko Liburua aukeratzen eben irakurleak Epaimahai Orokorrean batzen ziran; 2007an, barriz, Larramendi Bazkunak 111 Akademia sortu eban, euskal irakurleen lehenengo akademia, saria aukeratuko eben irakurle kopurua handitu eta Euskal Herri osora zabaldu asmoz. 30 akademiakidegaz hasi eban bere ibilbidea 111 Akademiak, eta egun 129 kide ditu, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroan banatuak. Aurrerantzean be akademiakide barrien bila jarraituko dau 111 Akademiak, euskal irakurleei euskal literaturan zeregin aktiboago bat jokatzeko aukerea emoten saiatuz.


Sari banaketea maiatzaren 7an

Behin sariduna aukeratuta, irabazleari saria emotea besterik ez da geratzen. Maiatzaren 7an izango da hori, Zizurkilgo Olentzo jatetxean iluntzeko 19:30etan egingo dan sari banaketa ekitaldian. Anjel Lertxundigaz batera, bertan izango dira Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako jarduneko sailburuorde Patxi Baztarrika, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari Estibalitz Alkorta eta Zizurkilgo alkate Maria Anjeles Lazkano, baita 111 Akademiako behin-behineko buru Eloi Egibar eta Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko lehendakari Jon Unanue be. Kemen Lertxundi abeslari eta poeta ondarrutarraren doinuek jantziko dabe ekitaldia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu