Luis Berrizbeitiak irabazi dau XXII. Jokin Zaitegi Itzulpen Sariketea

Bizkaie! 2009-01-26 14:21   sariak-autortzak

'Désert' (Basamortua), Afrika iparraldeko kultura galduen handitasuna eta Europara ailegautako etorkinen noraeza erakusten dituan obrea itzuli beharko dau aurtengo Durangoko Azokan aurkezteko. Horretarako, 7.500 euroko saria jaso dau.

XXII. Jokin Zaitegi Itzulpen Sariketea (2008ko Nobel Sariduna euskeratzeko bekea emoten dauena) erabagi berri da. Iñigo Errastik, Mikel Garmendiak eta Kattalin Totorikak osaturiko epaimahaiak, aurkezturiko proiektu guztiak aztertu eta gero, Luis Berrizbeitiaren lana saritzea erabagi dau. Berak jasoko dau Kutxak eskainitako 7.500 euroko saria, eta laguntzino horregaz jardungo dau hemendik udagoien hasierara bitartean, liburua 2009ko Durangoko Azokarako prest eukiteko. Jean-Marie Gustave Le Clézio, Afrikan hazi eta Amerikan bizi dan idazle frantsesaren nobela garrantzitsuena euskeraz irakurri ahal izango da holan, Elkar argitaletxearen eskutik: 'Désert' (Basamortua), Afrika iparraldeko kultura galduen handitasuna eta Europara ailegautako etorkinen noraeza erakusten dituan obrea, besteak beste.

Arrasateko AED euskera-alkarteak aspaldidanik antolatzen dauen sariketa hau itxuraldatu egin zan 2002an: urtero Literaturako Nobel saria irabazten dauen idazlearen obra bat itzularazten da orain; honezkero kalean dagoz Imre Kertész hungariarraren Zoririk ez, Urtzi Urrutikoetxeak euskaratua; J.M. Coetzee-ren Lotsaizuna, Oskar Aranak euskaratua; Harold Pinter-en Maitalea eta beste zenbait antzerki-lan, Iñigo Errastik itzulia; Orhan Pamuk-en Elurra, Monika Etxebarriak eta Fernando Reyk itzulia; eta Doris Lessing-en Belarra kantari, Koro Navarrok itzulia.

Luis Berrizbeitia Agirrek (Abadiño, 1963) Zoperna jenerala (1987), Eremu karroinduak (1992) poema-liburuak idatzi ditu. Administrazinoan egiten dau lan itzultzaile legez eta honako autoreen lanak euskeratu ditu honezkero: Fred Uhlman, Quim Monzó, Roald Dahl, Nikos Kazantzakis.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu