Sabino Arana Fundazinoak Toti Martinez de Lezea eta Arteche enpresea sarituko ditu, besteak beste
2009-01-20 14:42 sariak-autortzakRoger Etchegaray euskal kardinalak, New Yorkeko irailaren 11ko eta Madrileko martiaren 11ko atentaduetan kaltetutakoen familien alkarteak, Euskadi Txirrindularitza Fundazinoak, Toti Martínez de Lezea idazleak, Bilboko Arte Eder Museoak eta Arteche Taldeak jasoko ditue 2008ko Sabino Arana Sariak.
Roger Etchegaray euskal kardinalak, New Yorkeko irailaren 11ko eta Madrileko martiaren 11ko atentaduetan kaltetutakoen familien alkarteak, Euskadi Txirrindularitza Fundazinoak, Toti Martínez de Lezea idazleak, Bilboko Arte Eder Museoak eta Arteche Taldeak jasoko ditue 2008ko Sabino Arana Sariak. Aitatutako sariak urtero emoten ditu Sabino Arana Fundazinoak, euskal abertzaletasunaren sortzailearen jaiotzearen urteurrena ospatzeko.
Kultur jaialdia urtarrilaren 31n, zapatua, egingo da 19:00etan Bilboko Euskalduna jauregian eta bertan izango dira saridunak, aurreko hemeretzi edizinoetako saridun ugari eta Euskadiko instituzinoetako eta ekonomia eta gizarte arloetako ordezkari askoz. Ganera, Paula de Castro eta Andrés Heras Nizako Opera Baleteko dantzari nagusiek Jon Ugarrizak ekitaldi honetarako berenberegi diseinautako koreografiak erakutsiko ditue.
Juan Mª Atutxa Sabino Arana Fundazinoko presidenteak eta Irune Zuluaga zuzendariak azaldu daben legez, sarien XX. edizinoan Sabino Arana Fundazinoak Roger Etchegaray euskal kardinalaren ibilbidea goretsi eta hark alkarrizketaren eta tolerantziaren alde egindako lana eskertu gura dau. 'Ezin hobeto beteten ditu bitartekari on baten hiru baldintzak: gaia sakon ezagutzea, ospea izatea eta inplikautako alde guztien konfiantzakoa izatea', zehaztu dau Atutxak
Bestalde, Sabino Arana Fundazinoak '11-Ieko Familiak Elkartea'ren eta 'Terrorismoak jotakoen 11-M Elkartea'ren eskaintza eta sakrifizioa goretsi ditu. 'Indarkeria terroristaren biktima guztiak dira berdinak, zuzenekoak zein zeharkakoak izan; guztiek merezidu ditue alkartasun bera eta kontsolamendu bera; era berean, indarkeriazko ekintza terrorista guztiek merezidu dabe gaitzespen bera'.
XX. edizio honetako beste sari bat Miguel Madariagak jasoko dau Euskadi Txirrindularitza Fundazioaren izenean. Sabino Arana Fundazinoak Euskadi Txirrindularitza Fundazinoa saritzea erabagi dau taldeak bere 15. urteurrena beteten dauen urtean 'erakunde horrek euskal kirola garatzen eta estadu zein nazinoarte mailan ezagutarazoten egin dauen ekarpenagaitik'. Euskaltel-Euskadi txirrindulari-taldeak 'zirraraz dardararazo gaitu bere lanagaz eta arrakastakaz'.
Sabino Arana Fundazinoak Bilboko Arte Eder Museoak bere ehun urteko historian egindako lana be saritu dau. Uriko pintura-museo legez hasi zana erreferentziazko pinakoteka bihurtu da arte-zaleentzat. Museoaren bilduman lan ugari eta kalidade handikoak dagoz jasota eta, Atutxak zehaztu dauen legez, 'museoak bere mende oso bateko historian ereduzko jardun-modu bat garatu izana saritu gura izan dogu; izan be, herritarrek, bertoko artistek eta instituzino publikoek zehaztu ditue haren egituraketea eta hazkundea, eta holan egituratu dira bildumaren gune nagusiak eta ondoren museoak izan dauen hazkundea'.
Beste saritu bat Toti Martinez de Lezea idazlea izango da. Sabino Arana Fundazinoak sari honen bidez goretsi gura ditu 'gure historiako gertakariak birsortzeko, besteoi kontetan jakiteko eta geure tradizinoaren iturburuak guri begietaratzeko dauen gaitasuna'. Idazle honen argitalpenek ohiko osagaiak ditue: entretenimentua, emozioak eta dokumentazino ona, 'Toti gure herriko nobela historikoen idazle nagusietako bat bihurtu dalarik', zehaztu dabe Fundazinoko iturriek.
Azkenik, Sabino Arana Fundazinoak Arteche Taldearen lana be nabarmendu eta goretsi dau. Egoitza nagusia Mungian dauen enpresea 'nazinoarteko erreferentzia da tresneria elektrikoen garapenean, sorkuntzan, transmisioan, banaketan eta industria arloetan'.
Jaialdian, aurreko edizinoetako saridunak be egongo dira
Sabino Arana Sarien XX. edizino honetan, aurreko edizinoetako saridun batzuk egongo dira, besteak beste, Hélène de la Souchère kazetaria eta euskal kausaren laguntzailea, Marino Lejarreta txirrindularia edo William Douglas, Reno Unibertsitateko Euskal Ikasketen Programako ordezkaria, Jose Mª Bengoa, Almudena Cid. Aurreko urteetan, honako honeek saritu ditu Fundazinoak: Tibeteko erbesteko Gobernua, Amnesty International, Hegoa Afrikako Egia eta Adiskidetzearen Batzordea, Frente Polisario, Plaza de Mayoko Amonak, New Yorkeko Suhiltzaileak, San Egidio komunidadea, Gerrako berriemoileak, Retegi, Miguel Indurain, Josune Bereziartu...
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!