Mikel Zubeldia, Pako Aristi eta Amaia Jauregizar saritu ditue Euskaltzaindiak eta BBK-k

Bizkaie! 2008-12-16 14:43   sariak-autortzak

Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak urtero antolatzen ditue alkarregaz eleberri, antzerki, olerki eta saiakera sariak, hau da, Euskaltzaindia Literatur Sariak. 2008. urteari jagokozan irabazleen izenak jakinarazo dira gaur, abenduaren 16an, egin den prentsaurrekoan. Sari-emotea Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilbon, egin da.

Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazinoak urtero antolatzen ditue alkarregaz eleberri, antzerki, olerki eta saiakera sariak. 2008. urteari jagokozan irabazleen izenak jakinarazi dira gaur, abenduaren 16an, egin den prentsaurrekoan. Sari-emotea Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilbon, egin da.

Honako honeek dira aurtengo deialdiko irabazleak, eta epaimahaikideak:

Txomin Agirre eleberri-saria: Mikel Zubeldia. Lana: Ekilibristaren polka
Epaimahaikideak: Ur Apalategi, Karlos Otegi eta Iratxe Retolaza

Toribio Altzaga antzerki-saria: Pako Aristi. Lana: Josu Dukatiren proposamena
Epaimahaikideak: Eugenio Arozena, Daniel Landart eta Patri Urkizu.

Felipe Arrese Beitia olerki-saria: Amaia Jauregizar. Lana: Azazkalak jaten
Epaimahaikideak: Mikel Lasa, Felipe Juaristi eta Lourdes Otaegi

Mikel Zarate saio-saria: emon barik geratu da, ez dalako lanik aurkeztu.


Mikel Zubeldia: Txomin Agirre Saria. Eleberria.

Ekilibristaren polka

Alkarregaz lotuta doazen bost narrazinok osotzen dabe Ekilibristaren polka nobelea. Ôchreland izena dauen probintzietako uri grisean girotzen ditu autoreak narrazino gehienak. Jon Gallimore protagonisteak, Margrit Makay aktoreseaganako zentzurik bako igesa planteauko deutso irakurleari. Bidaia horretan, oreka galduagaz polkea jantzan egiten daben galtzaile jenteagaz topo egingo dau: Muratori, iragan iluneko museoko kikeroneagaz; Soeur Coraline, amodio eta lujozko nobelak idazten dituan lekaimeagaz; Bérénice, camping batean bizi dan pied-noir kantariagaz, edo Martin Gallimore, Radio Tirana irrati-kate komunisteari esker bizitzeari eusten deutson langileagaz, besteak beste. Narrazinoen joanean atmosfera oso personala nagusituko da, irakurlea ezbairik barik bertan murgiltzea helburu dauena.

Identidadeaz, personen arteko gatazkez, maitasun lokaztuez, joandako XX. mendeaz eta beste hainbat gauzaz berba egingo deusku Ekilibristaren polkak. Beti be tonu umoretsua erabiliz.


Mikel Zubeldia

Donostian jaioa, 1972. urtean.

Enpresa zientzietan lizentziaduna da eta kanpo merkataritzan aditua.

Oraina arte, honako sariak lortu ditu:

-Lutelestia. 1994. urteko 'Jorge Oteiza' Ipuin lehiaketan bigarren saria.
-Zokaloak margotzeko eskailerak (Elkar Argitaletxea - Debako Udala). 2001. urteko 'Tene Mujika' narrazino lehiaketan hirugarren saria.
-Manikien hilerria (Ereintza Kultur Elkartea - Errenteriako Udala). 2002. urteko 'Errenteria Hiria' ipuin lehiaketan lehenengo saria.
-Manikien Galeria (Euskaltzaindia – BBK). 2003. urteko Txomin Agirre saria.


Pako Aristi:
Toribio Altzaga Saria. Antzerkia

Josu Dukatiren proposamena

Atxiloketa bategaz hasten da obrea: Ertzaintzak ETAko buruzagi bat atzemon dau. Galdeketa gelan dago, eta ertzain-burua jatorko galderak egitera. Bi gizonek, aurrez aurre, alkarri zorrotz begiratuko deutse, aspaldiko ezagunak baitira: institutu garaian ikaskideak ziran, eta lagunak. Biak neska berberaz maiteminduta be baegozan. Institutua amaitutakoan, hareen bideak banandu egin ziran. Biek hartu zituen armak: batak legearen alde, besteak legearen kontra.
Hogeta bost urte pasau dira, eta koartelean pasetan dana ez da galdeketa hutsa izango, zeozer gehiago baino: ertzain-buruak jarten deutsozan argazki batzuen bitartez euren bizitzak errepasauko dituzte, Euskal Herriaren hogeta bost urteotako historiari errepaso sakona emonaz. Amaieran, ezuste bat baino gehiago deskubriduko ditu ikusleak. Euskal Herriak bizi dauen egoera gogorraren aurrean urteera bat irudikatzen eta eskaintzen saiatzen da obrea.


Pako Aristi

Urrestillan jaioa 1963an. Idazlea, gidoilaria, kazetaritzan lizentziaduna eta musika ikasketak egina. 1985ean agertu zan euskal literaturaren panoraman, hiru liburuokaz: Kcappo nobela arloan, Martinellok ez du kukurik entzuten haur literaturan eta Euskal kantagintza berria saiakera periodistikoan.

Geroztik, liburu asko argitaratu ditu. Urregilearen orduak nobeleagaz Espainiako Kritika saria jaso eban 1999an. Gauza txikien liburua obreagaz Beterriko Liburua saria 2005ean.

Poesia argitaratu dau: Castletown, Oherako hitzak eta Libreta horiko poemak. Hainbat biografia be idatzi ditu: Gelatxo, Soinuaren bidaia amaigabea, Nire uztapide edota Kontxu Odriozola.

Birritan jaso dau Rikardo Arregi kazetaritza saria, 1992an eta 1993an, urteko erreportajerik onenaren arloan.


Amaia Jauregizar:
Felipe Arrese Beitia Saria. Olerkia

Azazkalak jaten

Egunak arpegi ugari izan leikez, egun horri bizi dabenek legez. Arpegiotako zenbait dira, besteak beste, poema-liburu honen ardatz.

Sarritan, begirada joandako egunetan dago. Baina begiak orainaldian dagoz.

Denporea, beraz, oso garrantzitsua da; bestela, nekez jakin edo erabagi daiteke zein dan eguneroko istorioen amaierea.

Obrea hiru ataletan banatuta dago. 'Aduanazainaren ardurak' izenburupean dago lehenengoa. Bigarrena, 'Oin-puntetan' deitzen da, eta hirugarren eta azkena 'Egiak euritan'. Poema oso labur zein luzeagoetan islatzen da hori guztia.


Amaia Jauregizar

Gernika-Lumon jaioa, 1985ean. Euskal filologoa.

Irakurtzeko eta idazteko zaletasuna gaztetarik jatorko. Behin baino gehiagotan parte hartu izan dau literatur sariketetan. 2002an, R. Maria Azkue literatur sariketan, olerkiaren arloan, 1.saria lortu eban.

Matrakan eta Busturialdeko Hitzan azaldu dira bere artikuluak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu