Jose Antonio Ramirezek eta Fertxu Izquierdok irabazi dabe Poesiako I. Bilbo Hiria-Blas de Otero Saria
2008-11-20 17:52 sariak-autortzakPoesiako I. Bilbo Hiria-Blas de Otero Sariak baditu irabazleak: Extremadurako Jose Antonio Ramirez eta Nafarroako Fertxu Izquierdo izan dira irabazleak. Saritutako obren kalidadea ez eze, parte hartze ona eta era askotarikoa be azpimarratu ditu epaimahaiak. Lehiaketara 150 obra aurkeztu dira.
Poesiako I. Bilbo Hiria-Blas de Otero Sariak baditu irabazleak: Extremadurako Jose Antonio Ramirez, (Gaztelaniazko modalidadean) eta Nafarroako Fertxu Izquierdo (Euskerazkoan) izan dira irabazleak. Saritutako obren kalidadea ez eze, parte hartze ona eta era askotarikoa be azpimarratu ditu epaimahaiak. Lehiaketara 150 obra aurkeztu dira. Iñaki Azkuna alkateak gaur goizean emon ditu sariak Bilboko Udaleko Arabiar Aretoan.
Gaztelerazko modalidadean, Sabina De la Cruzegaz (poetearen alarguna) batera, José Fernández De la Sota, Clara Janés eta Javier Lostalé idazleek osotu dabe epaimahaia. Lehenengo, 18 obra aukeratu ditue eta, ondoren, 'Deuda de sal' liburua saritzea erabagi dabe aho batez. Poema-bilduma hori 'bizitzaren inguruko gogoeta lasaia da, bizitzaren larritasun eta itzalen ingurukoa baina baita dohainei buruzkoa be; gainera, batzuetan tonu metafisikoa dauka, eta domeinu metriko handia'. José Antonio Ramírez Lozano da egilea (Nogales-Badajoz, 1950): filologoa, poeta eta narratzailea. Berrogeita hamar obratik gora argitaratu ditu. Autoreak sari ugari irabazi ditu, bai poesia arloan (Juan Ramón Jiménez, Rafael Alberti, Irun Hiria, Claudio Rodríguez, Ricardo Molina), bai narratiban (Ateneo de Valladolid, Azorín, Felipe Trigo, Alarcos Llorach, Ciudad de Valencia, Río Manzanares). Haur eta gazteen literaturea be jorratu dau.
Euskerazko modalidadeari jagokonez, epaimahaian Jon Kortazar, Euskal Literaturako katedraduna, idazlea eta literatur kritikaria, eta Miren Agur Meabe, filologoa eta euskal poetea izan dira. Saria Fertxu Izquierdoren 'Telebista antenetan atsedena hartzen dute txoriek' lanak irabazi dau. Poema-bilduma horretan, 'zehaztasun surrealista oso landuak dituen irudien aberastasuna' balorau dau epaimahaiak. Kalea eta gizartea, gerraren memoria, munduko zenbait gatazka politiko edo denporearen joan-etorria lako gaiak jorratu ditu.
Fertxu Izquierdo Jiménezek (Iruña, 1975) 'Gerratearen aztarnak' poema-bildumea eta 'Mendeko borroka (Erromari erasoa)' nobelea argitaratu ditu, Joseba Sarrionaindiaren irudiaren inguruko literatur ikerketa-lanagaz batera. Bestalde, hainbat sari irabazi ditu poesian, narratiban eta kazetaritzan; besteak beste, Iruñako Udalaren egile barriena, Atarrabiako Udalaren Atarrabiako Pedro edota Gaztezulo aldizkariko Xelebre press saria.
Bilbo Hiria-Blas de Otero Lehen Saria Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren eta Blas de Otero Fundazinoaren ekimena izan da. Azken horrek Bilboko poetearen ondarea kudeatzen dau. Lehiaketearen helburua da literatur sormena sustatzea eta Bizkaiko uriburuko auzotarrei hango egilerik nabarmenenetarikoa hurreratzea. 6.600 euro eskaintzen dira modalidade bakotxean (gaztelaniaz eta euskeraz). Lehen edizino honetan aurkeztutako obren kalidadea ikusita, epaimahaiak adierazo dau Blas de Otero Saria estadu mailako erreferentziazko sari poetikoetariko bat izan daitekeela.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!