Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkumek, Asier Mendizabalek eta Xabier Salaberriak irabazi dabe Gure Artea saria

Bizkaie! 2008-10-10 11:38   sariak-autortzak

Hiru irabazletako bakotxak 16.666 euroko saria jasoko dau. Sarien 20. aldi honetan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Miren Jaio (Bermeo, 1968) arte kritikaria aukeratu dau epaimahaiaren presidente eta erakusketen komisario.

Sari honen helburu nagusia arte plastikoaren eta ikus-artearen sormena bultzatzea da.

Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkumek, Asier Mendizabalek eta Xabier Salaberriak irabazi dabe 2008. urteko Gure Artea saria, Euskal Herriko arte plastikoetako sari nagusia, Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak eta sariketako epaimahaiak jakinarazo dabenez.

Bilboko Rekalde aretoan zemendiaren 30era arte ikusgai izango dira talde erakusketa honetan Gure Artea sarien 20. edizinorako aukeratu diran 12 artisten artelanak: Lorea Alfaro, Atoma, Nadia Barkate, Inazio Escudero, Mikel Eskauriaza, Iñaki Imaz, Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum, Maider Lopez, Asier Mendizabal, Kiko Pérez, Xabier Salaberria eta Manu Uranga, danak 1965 eta 1982 artean jaioak.

Gure Artea biurteko sariak Euskal Herrian arte plastikoen arloko sari nagusiak dira, eta artisten parte hartzea kontuan izanda arte plastikoen osasuna neurtzeko tresna bikainak dira. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak arte plastiko eta ikus-arteko sormena bultzatu gura dau sariakaz, eta horregaz batera artistak egindako lanen zabalpena eragin, berton zein bertotik kanpo. Horrezaz ganera, artisten lana eta eboluzinoa ezagutzera emoten dabe.

Gure Arteak, urterik urte, Euskal Herriko artearen panorama zabaletik sortzailerik nabarmenenak batzea lortu dau eta sortzaile horreek obra garrantzitsu ugari egin ditue.

Aurtengo edizinoan, Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum, Asier Mendizabal eta Xabier Salaberria XX. Gure Artea sarien irabazleak izan diran hiru artisten lanakaz osotuko da Gure Artea erakusketa ibiltaria, datorren urtean erakusgai izango dana Arabako Artium museoan; ondoren, irabazleek atzerrian egingo dabe Gure Artea erakusketa ibiltaria.

Hiru irabazletako bakotxak 16.666 euroko saria jasoko dau. Sarien 20. aldi honetan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Miren Jaio (Bermeo, 1968) arte kritikaria aukeratu dau epaimahaiaren presidente eta erakusketen komisario. Edizino honetan 114 euskal artistak aurkeztu ditue txostenak eta horreen artean 12 artisten lanak aukeratu ditu epaimahaiak. Aukeratutako lan horreen artean erabagi dira aurtengo sarietako irabazleak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu