Bizkaie!-k irabazi dau XX. Rikardo Arregi Kazetaritza sarietan 'Epaimahaiaren Sari Berezia'

Bizkaie! 2008-06-30 15:46   sariak-autortzak

Euskerazko kazetaritzearen kalidadea, bikaintasuna eta barrikuntzea bultzatzeko asmoz orain 20 urte Andoaingo Udalak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren dirulaguntzinoagaz abiarazotako sarietan, Bizkaie! agerkari digitalak eta Bizkaia Irratiak ex aequo jaso dabe 4.000 euroz eta diplomaz hornidutako ‘Epaimahaiaren Sari Berezia’.

Euskerazko kazetaritzearen kalidadea, bikaintasuna eta barrikuntzea bultzatzeko asmoz orain 20 urte Andoaingo Udalak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren dirulaguntzinoagaz abiarazotako sarietan, Bizkaie! agerkari digitalak eta Bizkaia Irratiak ex aequo jaso dabe 4.000 euroz eta diplomaz hornidutako ‘Epaimahaiaren Sari Berezia’, hedabide handiagoek arrakasta gitxi izaten daben eremuan euskerazko esparru komunikatiboa bikain lantzeagaitik, naturaltasunez, hedabideetan euskalkiaren erabilerea duintzeagaitik, bizkaiera batuaren aldeko apustua ‘dakigunetik ez dakigunera’ eginaz, publiko heterogeneoari, saio berezituak eskaintzeagaitik, Internetera begira indar berezia eginaz eta 2.0 klabean lan egin eta bide-urratzaile izategaitik, izan be, epaimahaiak ebatzi dauenez, mendebaldeko euskerazko komunikabide biak modernidadeari begira dagoz, euskaldungoaren gehiengoaren etxea dan horri, eta ikuspegi estrategikoa da hori epaimahaiaren eretxiz.

‘Kazetari Berria’ ataleko saria, 3.000 euroz, diplomaz eta Xabier Laka eskultorearen oroitikurraz hornidutakoa, Lander Arbelaitz Mitxelenarentzat izan da 2007ko bagiletik 2008ko maiatzera bitartean Argian argitaratutako hiru erreportajetan lekukotza eta dokumentazino lan serioa egiteagaitik, erakutsitako ofizio handiagaitik eta multimediaren ikuspegitik dakarren barrikuntzeagaitik.

‘XX. Rikardo Arregi Kazetaritza Saria’, diplomaz, 9.000 euroz eta Xabier Laka eskultorearen oroitikurraz hornidutakoa, Xabier Usabiaga Oiarzabalek irabazi dau, 2007ko bagiletik 2008ko maiatzera Berria egunkarian, Euskadi Irratian zein Euskal Telebistan egindako lanetan komunikazino-gaitasunaren eredu izateagaitik: zorrotz, zehatz eta aberats emoten ditualako barriak. Pasinoa transmitiduten dau, ofiziora ekarri baititu praktikeak emondako erakutsiak. Eretxien aberastasuna aparta da, ideiak ondo aukeratuz eta hobeto harilkatuz. Era berean, kirol arloan egiten dauen kazetaritza moldea eredugarria da: azpimarratzekoak, gaiaren ezagutza harrigarria eta hizkuntzaz egiten dauen erabilera biribila.

Beste alde batetik, Ohorezko Aipamena Jose Mari Iriondo Unanue jn.ak jaso dau. Ohorezko Aipamena norabide desbardinetan erabili izan dau Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren ibilbidean zehar garaian garaiko epaimahaiak. Batzuetan, bizi osoan euskerazko kazetaritzan egindako ibilbidea saritzeko; besteetan, oso gauza ohargarriak azpimarratzeko. Aurtengo sarituaren merezimenduak ondokoak dira: saridunaren ibilbidea zinez oparoa izan da, konpromiso handiagaz hartutako bidea.

Euskal kulturearen inguruan erakutsi dauen jarrera bultzatzailea be sarigarria iruditu jako epaimahaiari. Saridunak zubi-lana gauzatu dau euskal kulturearen zabalkundean, izan be, beste eragile batzuek jorratutakoa gizarteratzea izan da bere jarduera nagusienetako bat. Azpimarratzekoak dira, ‘Ez dok amairu’ taldea bultzatzeko egindako upealako lana eta bertsolaritzan eta trikitixearen zabalpenean egindako ibilbidea. Saridunak lan hori beregan hartu izan dau, plazaratu eta zabaldu egin dau beste batzuek egindakoa. Ganera, medio handietan lan egiteko aukerea be izan dauenez, oihartzun handia sortu da bere ekimenen inguruan.

Bere lanak 60ko eta 70eko hamarkadetan emon eban etekin nabarmenena. Eta bultzatzaile lana aztertzailearen zereginakaz osotu dau azken urteetan; ezin aitatu barik itxi, kulturearen ganeko ikerketak egiten dabilela saritua gaur egun.

Telebistan euskeraz entzun genduzan lehen berbak bereak izan ziran, Telenorten. Etxeko euskerea etxetik kanpo egin eitekeala eta, are gehiago, telebistan bertan be entzun eitekeala sinistarazo eutson euskaldungoari. Ganera, Herri Irratian euskeraz egiten lehenengoetakoa izan zan. Beraz, euskerazko kazetaritzeagazko konpromiso sendoa azpimarratu gura izan dau epaimahaiak.

XX. Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak gaur, bagilak 28, banatu ditue Andoaingo bastero kulturgunean, Andoaingo alkate Jose Antonio Perez jn.a; Miren Azkarrate Eusko Jaurlaritzako kultura sailburu and.a; Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde jn.a; epaimahaiko Jose Ignacio Basterretxea jn.a; Agustin Errotabehere jn.a; Aitor Zuberogoitia jn.a eta Arantxa Urretabizkaia and.a zein idazkari Nekane Goikoetxea and.a bertan zirala.

http://es.youtube.com/watch?v=NsHnlg3cY_U

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu