Txillardegi eta Xarriton omenduko ditu EIEk zapatuan Durangon egingo dauen Batzar Orokorrean
2008-03-10 17:30 sariak-autortzakEuskal Idazleen Elkartearen (EIE) 25. urteurrenaren harian, Piarres Xarriton eta Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi’ omenduko ditu alkarteak Durangoko Plateruena kafe antzokian datorren zapatuan, hilaren 15ean.
Euskal Idazleen Elkartearen (EIE) 25. urteurrenaren harian, Piarres Xarriton eta Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi’ omenduko ditu alkarteak Durangoko Plateruena kafe antzokian datorren zapatuan, hilaren 15ean. Gainera, Castillo Suarezek ‘Mugarri estaliak’ izenburuko ikuskizuna eskainiko dau sarrera edegia izango dauen ekitaldian.
‘Biek ala biek urtetan euskal letren, eta, berenberegi, euskal literaturearen alde egindako lan handiari zeozelako errekonozimendua egin gura izan deutso Euskal Idazleen Elkarteak, eta erabagi dau ez dagoala kideen arteko jai egun bat antolatzea baino modu hoberik’, adierazo dau Fito Rodriguez EIEren presidenteak.
Durangoko erakustazokan martiaren 15ean 10:00etatik egingo dan Batzar Orokorraren osteko urteroko bazkariaz gan, aitatutako Plateruena Kafe Antzokian egingo dan omenaldia tarteko, egunari amaierea emoteko, poesia, musikea eta pinturea buztartzen dituan ikuskizunaz gozetako aukerea izango da Plateruenan bertan Castillo Suarez bazkidearen eskutik. Izan be, ‘Mugarri estaliak’ bere azken proiektua eskainiko dau Koldo Arnanz margolariaren eta Juan Miguel Arzelus gitarra jolearen laguntzinoagaz.
Castillo Suarezen izen bereko poema liburua ardatz hartuta preparau dabe ikuskizuna: hamar poema eta hamar margolan, hamar kantu batzen dituan saioa. Alkartegian izango da hori, 16:30ean hasita. EIEko bazkideentzat ez eze, edegia izango da sarrerea bertara joan gura dauen herritar guztientzako be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!