Irati Elorrietak eta Begoña Torregrosak irabazi dabe Gabriel Aresti XXV. Ipuin Lehiaketea

Bizkaie! 2008-03-04 17:20   sariak-autortzak

Euskera arloan, Elorrieta algortarrak 'Post H. Pop' ipuinari esker lortu dau saria. Gaztelaniazko arloan, Torregrosa alacantarraren 'En un cajón del armario' lana izan da irabazlea.

Irati Elorrieta algortarra eta Begoña Torregrosa alacantarra izan dira Gabriel Aresti XXV. Ipuin Lehiaketako irabazleak euskerazko eta gaztelaniazko modalidadeetan, 'Post H. Pop' eta 'En un cajón del armario' ipuinei esker, hurrenez hurren. Urtero, Bilboko Udaleko Kultura eta Euskera Sailak lehiaketarako deia egiten dabe eta irabazleei 4.100 euroko saria emoten jake.

Horixe izan da Leire Bilbao, Lutxo Egia eta Miren Meabe idazleek osotutako euskerazko epaimahaiaren eta Lucia Etxenike, Sebastiana Rodriguez, Pedro Ugarte, Arantxa Urretabizkaia eta Jose Luis Urrutia idazleek osotutako gaztelaniazko epaimahaiaren erabagia.

Bestetik, Iratxe Esnaola donostiarraren 'Zerbait ez doa ondo' eta Igor Arroyo iruindarraren 'Haur Jolasak' ipuinek euskerazko epaimahaiak emondako 2.050na euroko akzesitak irabazi ditue. Gaztelaniaz, Kubako Sancti-Spirituseko Cabainguaneko Pedro Luis Rodriguez Molinaren 'Los de Siempre' eta Madrileko Jose Miguel Garcia Martinen 'El Gong' lanentzat izan dira akzesitak.

Euskerazko epaimahaiak Berlinen girotuta dagoan 'Post H. Pop' ipuin irabazlearen testuaren estetikea eta izaera musikala nabarmendu ditu. Era berean, akzesita lortu dauen 'Zerbait ez doa ondo' lanaren arlo emozionala nabarmendu dau. Azkenik, beste akzesit bat irabazi dauen 'Haur Jolasak' ipuinari jagokonez, 'prosa arina eta koloretsua' daukala adierazo dau.

Gaztelaniako epaimahaiak 'En un cajón del armario' ipuin irabazlearen idazkeraren naturaltasuna nabarmendu dau, 'baita isilarazo ohi dituen errealidadeko guneen inguruko begirada kritikoa be'. Aurtengo akzesitetako bat lortu duen 'Los de siempre' ipuinari jagokonez, epaimahaiak 'kontakizunaren giroa' eta 'proposamenaren originaltasuna' azpimarratu ditu. Azkenik, beste akzesita irabazi dauen 'El Gong' lanaren umore-ikutua nabarmendu ditu.

Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketan, edozein nazionalidadetako idazleek parte hartzen dabe, beti be euren ipuinen gaia librea bada, argitaratu bako ipuin originalak badira eta beste edozein lehiaketatan saririk jaso bako lanak badira. Lehiaketearen XXV. edizino honetan, gaztelaniako 347 lan eta euskerazko 51 lan aurkeztu dira.

Igazko edizinoan, Xavier Altuberen 'Aldaera#01' lanak irabazi eban euskerazko arloan eta Miguel Sanchezen 'Ojos de color ámbar', gaztelaniazkoan. Euskerazko akzesitak Igor Arroyoren 'Jaun-andere txit agurgarriok, agur t'erdi' eta Goio Ramosen 'Argazkiak' ipuinentzat izan ziran; gaztelaniazkoak, Santiago Caseroren 'Consuelo' eta Domingo Albertoren 'El Matarife' ipuinek lortu zituen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu