Jose Inazio Basterretxeak irabazi dau nobela laburren Augustin Zubikarai lehiaketea
2008-01-23 10:40 sariak-autortzakIrakasle eta idazle galdakoztarrak Mandatariaren gerra lanagaz irabazi dau 5.000 euroko saria. Elkar argitaletxeak udabarrian kaleratuko dau liburua.
Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen daben nobela laburren Augustin Zubikarai lehiaketea Jose Inazio Basterretxea irakasle eta idazle galdakoztarrak irabazi dau Mandatariaren gerra lanagaz. Hori erabagi dabe epaimahaiko hiru idazleek: Miren Agur Meabek, Kirmen Uribek eta Xabier Mendiguren Elizegik. Saria 5.000 eurokoa da eta Elkar argitaletxeak udabarrian kaleratuko dau lana.
Mandatariaren gerra Espainiako gerra zibilean giroturiko espioitza-nobela bat da. Hain zuzen be, 1938an eta Pirinio Zentralean jazoten dira ekintzak, mugearen alde batean zein bestean, interes politikoak, ekonomikoak eta maitasun-istorioren bat be tartekatzen dan mataza interesgarrian. Kontetako ereari jagokonez, barriz, jazotakoetatik 20 urtera Mexikon argitaratutako erreportaje-sorta baten itxurea emon deutso idazleak, generoen arteko jolas moduan edo.
Jose Inazio Basterretxea Polo Galdakaon jaio zan 1959an eta orain Zaratamon bizi da. Informazino-zientzietan doktorea eta kazetaritza-irakaslea da Euskal Herriko Unibersidadean. Bere arlo akademikoko hainbat saiakeraz gan, fikzinozko liburu bi kaleratu ditu orain arte: Falo zantarra (Jaone Barolo ezizenagaz kaleratua 1988an) eta Marearen erraietan (2006).
Sariaren historia
2001 Alberto Ladron Arana Xake Mate
2002 Hutsik
2003 Fernando Morillo Gloria Mundi
Iñaki Irasizabal Burua txoriz beterik (ex-aequo)
2004 Julen Peñagarikano Apologia
2005 Irati Jimenez Bat, bi, Manchester
2006 Hutsik
2007 Jose Inazio Basterretxea Mandatariaren gerra
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!